argia.eus
INPRIMATU
“Ustiaketa segurua posible ez bada, ez da ustiatuko“
Unai Brea @unaibrea2 2021eko ekainaren 30a

Xabier Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea

 

Zenbait taldek kezka agertu dute hauste hidraulikoak ingurumenari eragingo dizkion kalteak direla eta. Zuk erantzun diezu teknikak hobetu egin direla eta ez dagoela zertan kezkatu. Zeintzuk dira, zehazki, teknika horiek?

Eusko Jaurlaritzak planteatu duena zera da: hobiaren bideragarritasuna aztertzen hastea, alde teknikotik, ekonomikotik eta ingurumenari dagokionetik. Bideragarritasun hori frogatzekotan baizik ez litzateke hasiko ustiapen fasea. Hala da, besteak beste, ez daudelako hauste hidrauliko bidezko estimulazio-teknikei modu berean erantzuten dioten hobi bi. Erabiltzen den ur, silize eta gehigarri nahastea ere ez da berdina hobi guztietan. Hobi bakoitzak bere neurriko jantzia behar du, bai estimulazio teknikei bai inpaktuak zuzentzeari dagokienez.

Edozein kasutan, onartzen duzu ingurumenaren gaineko inpaktua badela?

Onartzen dut inguruan egiten den edozein interbentziok inpaktua duela. Jakin behar dena da ea inpaktu horiek kritiko eta atzeraezinezkoak diren, hau da, baliabidea ustiatu daitekeen ingurumenerako arrisku onartezinak hartu gabe. Ustiaketa segurua posible bada, hobia ustiatuko da. Eta posible ez bada, ez da ustiatuko, zuhurtzia printzipioari men eginez. Hori da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa. Berriz diot esplorazio-lanak egiten ari garela, ez ustiaketa-lanak. Ustiaketa gerora hartu beharreko erabakia da.

AEBetan ikerlanak egin dituzte hauste hidraulikoan erabiltzen diren konposatu kimiko gehigarriez; dozenaka konposatu toxiko aipatzen dituzte. Industria Sailak badaki zehazki zeintzuk diren gai horiek? Zer duzu esateko haien arriskuaz, edo arrisku faltaz?

Hauste hidraulikoa egiteko beharrezkoa da haitzean ur, silize eta gehigarri nahaste bat txertatzea. Gehigarriak substantzia kimikoak dira, hainbat funtzio dituztenak: hausketan erabiltzen den tresnen lubrikazioa, babes mekanikoa, bio-babesa, eta abar. Dozena bat dira gutxi gorabehera, eta ondo ezagunak. Hobi bakoitzerako desberdinak dira, eta proportzio egokian erabili behar dira beren zeregina ondo beteko badute inguruari kalte egin gabe. Europak orain gutxi onartu du REACH izeneko araudia, substantzien konposizioaren ezagutza gardena segurtatzen duena, hala nola erabilpenaren kontrola, ingurumenean eta pertsonen osasunean eragin ditzakeen ondorioena barne. Substantziok behar bezala identifikatuta daude, eta haien ezaugarriak eta konposizioa publikoak izango dira. Gure kasuan, gainera, EEE, hau da, Eusko Jaurlaritza da Enara Handiko Esplorazio Partzuergoaren %44aren jabea, eta hori beste gardentasun berme bat da.

Estatubatuar enpresen ustezko gardentasun faltari buruzko informazioek AEBetako araudiarekin zerikusia dute, eta baita enpresa bakoitzak bere nahastearen konposizio egokia bilatzearekin ere. Enpresek ez dute informazio hori euren lehiakideekin partekatu nahi, eta badirudi estatubatuar legediak hala jokatzea baimentzen duela. Gure kasuan ez da hala izango. Administrazioak beti jakingo du zer substantzia erabiltzen den, eta haren ezagutza ingurumenari buruzko informazio-eskubideari lotuta egongo da.
Substantzia horien arriskuak dosiarekin zerikusia du. Dosiarekin, eta inguru hartzailearen sentiberatasunarekin. Bota ezazu Errioxako ardo uzta oso bat tamaina egokia duen aintzira batean, eta haren urak eutrofizazioz ustelduko dira. Beharbada hondakinaren definizio onena hau da: kopuru desegokian, leku desegokian eta une desegokian dagoen substantzia.

Arbel-gas ustiapenaren errentagarritasun faltari buruzko literatura ugari. Hainbat egileren esanetan, ateratzen den gas kopurua hasiera bateko estimazioak baino txikiagoa izaten da.

Bada, horretarako egingo dugu esplorazioa. Gasa ez bada behar bezalako kopuruetan ateratzen, Enara Handia ez da ustiatuko. Ez bada errentagarria, ez da ustiatuko. Eta ezin bada ustiatu ingurumenerako arriskurik gabe, ez da ustiatuko.

Dena den, uste dut baieztapen horiek egiten dituztenak okerreko webguneetan sartzen direla. Sartuko balira datu errealak ematen dituztenetan, jakingo lukete AEB gasa inportatzetik esportatzera igaro dela, eta 2009an munduko gas natural ekoizle nagusi bihurtu zela, Errusia gaindituta, gas ez-konbentzionalari esker hain zuzen. Eta horrek merkatu estatubatuarrean gas naturala merkatzea eragin duela. Badirudi batzuek ez dakitela beren nahia eta errealitatea bereizten.