Cornell Unibertsitateko (AEB) Juan Hinestroza ikerlariak zuzendutako nazioarteko talde batek transistoreak garatu ditu kotoi naturalaren zuntzak erabiliz.
Lorpenak arropetan gailu elektronikoak txertatzeko aukerak zabaltzen ditu. Hainbat erabilpen izan ditzake horrek. Adibidez, tenperaturaren arabera ez legoke gaizki berotze edo hozte-sistema bat aktibatzea; bihotzeko arazoak dituztenei, edo punta-puntako kiroletan aritzen direnei, bihotzaren erritmoa eta arteria-presioa monitorizatzeko balio diezaieke; edo zergatik ez egin ordenagailu bat kotoi-zuntzetan oinarrituta? Bidea hasi baino ez da egin, eta denborak erakutsiko digu erabilera praktikoetan gauzatzen den ala ez.