ETA, zeren izena ote?

ETAk borroka armatua bertan behera utzi du. Karia horretara hedabide gehienek gaitz baten amaiera aipu izan dute, erakunde armatuko biktimen kopurua oroituz. Besterik ez balitz bezala. Dimentsio bakarreko fenomenoa izan balitz bezala. Alta, ETA ezin da eragin dituen biktimekin laburbildu. ETA ez da soilik borroka molde bat edo estrategia bat izan, ez da bakarrik erakunde bat izan. Bost hamarkadetan zehar askoz ere gehiago izan da. Batzuentzat gauza bat eta bere kontrakoa beste batzuentzat, garai bateko zein besteko ondorioak arrunt desberdin edo kontrajarriak izanik.

Bizipen pertsonalen aldetik begiratzen badiogu, ETA dudarik gabe sufrimendu latzaren iturria izan da, batzuen eguneroko bizian mehatxu jasangaitza eta beldurra sortzen zuen kaputxadunen banda krudela ez besterik. Baina alderantziz, euskal herritar frankorentzat lehen eta gaur arte, erabateko engaiamendu altruista bideratzeko abentura arriskutsua izan da, usu dramatikoa. Batzuen herra eta besteen ohore eta duintasuna. Bizia emateko arrazoia bezainbat bizia kentzeko baimena. Espainiari edota “demokrazia gazteari” eraso justifikatu ezina. Jasandako umilazio eta zapalkuntzari gogor erantzuteko arma legitimoa.

ETA arazo morala eta etikoa izan da askotan eta jende askorentzat. Gisa berean, hainbat torturatzaile, txibato eta militar faxisten garbitzeaz pozteko aukera ere. Europa osoan paralizaturik gertatu zen zentral nuklear bakarra da ETAren ondorioetarik bat. Politika ikerlari askorentzat iraganetik iraun zuen konpondu gabeko anakronismoa zen borroka armatua. Beste batzuek aztertu izan dute euskal abertzaletasun modernoa piztu eta hedatzeko fenomeno sozial zabala, atxikimendu politiko eta identifikazio afektibo-kulturala sortu zuen erresistentzia sinboloa eta Espainiako Estatuko xoko guzietatik etorri immigrante andana frankismoaren beltzean abertzale bilakatzeko mekanismo azkarra. Abertzale borrokarako gogoa eta kuraia pizteko eta elikatzeko jarduera izan da ETArena eta ez soilik indarkeria erabiliz baizik eta beste arlo eta molde anitzetan ere: “Denek eman behar dugu zerbait, bakar batzuek ez dezaten dena eman...” esaldiaren ildotik. Baina abertzaletasuna zabaldu zuenak, beste garai batean biktimizazio fenomenoa alderantziz funtzionatzen hasi zelarik, nazionalismo espainiarrari hauspo lana ere egin zion. Txiki eta Otaegiren martirioak euskal jendartea inpaktatu zuen ikaragarri baina hogeita bi urte berantago M. Angel Blancorenak beste hainbeste eragin zuen. Garai batean euskaldunen nazio askapen borroka nazioartean ezagutarazteko tresna izan zen ETA, ezkerreko mugimenduen artean sostengu zabalak bilduz. Espainiako Estatuak aspaldidanik Europari begira zernahi aldrebeskeria (tortura, ilegalizazioak, auziak) gordetzeko aitzakia gisa ere erabili izan du.

Batzuek estrategia baten zerbitzuko tresna politiko zorrotza eta eraginkorra zuten ETA, trantsiziotik hona, egoera normalizatzeko oztopo nagusia eta beraz burujabetza eta lurraldetasun arazo politikoak gori-gorian atxikitzeko. Parean, funtsezko arazo politikoak saihesteko estakurua zuten besteek. Alderdi batzuentzat hauteskundeetan lehiatzeko gai gogokoena zen. Beste batzuentzat, ilegalizatuak eta hauteskunde eremutik erabat kanpo gelditzeko kausa. Ahantzi gabe, ETA kondenatzearekin batera Madrili begira zeharkako xantaia bezala erabiltzen zutenak.

Hori guztia eta beste gauza askoren izena da ETA. Gauza itsusiak eta ederrak, humanoak eta politikoak, anekdotikoak nahiz historikoak. Euskal Herriko jende gehienentzat “betidanik” bazen ETA. Orain desagertzera doa eta hutsune bat nabarituko da. Nork daki zer izanen den ETArik gabeko Euskal Herria? Irekitzen zaigun kapitulua esperantzagarri bezain konplexua dugu, borroka eta konfrontazio demokratikoz betea hain segur baina agian, gehiengoaren desioa baita behintzat, odol eta malkorik gabekoa.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude