argia.eus
INPRIMATU
Aitaren izenean

Jon Torner Zabala @jtorner 2011ko abenduaren 14a

Afrikar jatorriko errefuxiatu politikoek Belgikan bizi duten egoeraz mintzo da komiki (neurri batean) autobiografiko hau. Judith Vanistendael-ek bi zatitan banatu du liburua. Argi bereizi ditu biak, ez marrazteko estilo diferenteak tartekatuz, narrazioari ikuspuntu desberdinetatik helduta baizik. Sofiak eta Togoko Abú-k elkar ezagutzen dutenekoa kontatzen du aurreneko zatiak. Eurak dira protagonista nagusiak, baina bien arteko maitasun istorioa Sofiaren aitaren ikuspuntutik jaso du autoreak. Alabaren hautua ez du oso gustuko, eta ahalegin franko egiten du egoerak gain har ez diezaion. Ironia ederra dario lehen zati horri; irakurleari sarri egingo dio ihes irriñoak, Homer Simpson ganorabakoaren ukitua duen gizonkotearen ateraldi eta hausnarketak medio. Mundiala da, adibidez, emaztea albaniar-kosovoarrez hitz egiten hasi eta berak buruan martiztarrak irudikatzen dituenekoa, inguruan duen errealitatea ulertuko ez balu bezala… Komikiko lehen zatiarekin geratzen naiz, narrazioaren originaltasunagatik bereziki.

Bigarrenean Sofiaren ikuspuntua nagusitzen da. Abú jada ez da berarekin bizi, eta haren alboan bizi izandako une gozo eta mingotsak oroitzen ditu. Lehendabiziko parteko amesgaiztoek dimentsio tragikoagoa hartzen dute bigarren zatian, liburua borobilduz. Norma argitaletxeak salaketa-kazetaritza eta nobela grafikoa uztartzen dituen Graphic Journal bildumaren baitan plazaratu du, Siziliako mafia hizpide duen eta Argiaren 2.280. zenbakian aipatu genuen Brancaccio bezala. Bitik bi. Bildumak itxura polita du oso.