argia.eus
INPRIMATU
Santa Kruz apaiza (Elduain, 1842–Pasto, Kolonbia, 1926)
Gorka Azkarate @gazkarate 0000ko ren 00a

Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi, gipuzkoar erlijio-gizon eta militarra, Santa Kruz apaiza goitizenaz ezaguna izan zen. Apaiz ikasketak Gasteizko seminarioan egin ondoren, Hernialdeko erretore izan zen bolada batez. Don Karlos erregegaiaren aldekoa zen, eta Frantziara ihes egin behar izan zuen horregatik. Bigarren Gerra Karlista piztu zenean, tropa karlista baten buru zela itzuli zen. Zornotzako Akordioa ez zuen onartu, ordea, eta borrokan jarraitu zuen atxilotu zuten arte. Arrasaten hartu zuten preso, eta Aramaioko Udaletxean egon zen giltzapeturik. Ihes egin eta Ipizte mendiaren erraietan dagoen koba txiki famatuan igaro zituen, diotenez, hiru egun inguru, Frantzia aldera abiatu aurretik.

Karlista zein liberalen aurka gogorkeria handiz jokatzen omen zuen Santa Kruz apaizak, eta heriotza zigorra ezarri zion karlisten gerra kontseiluak. Indultua lortu zuen, baina. Gerra ostean, Amerika aldera abiatu zen; Jesusen Lagundian sartu eta misiolari lanak egin zituen hainbat lekutan. Kolonbian hil zen, 84 urte zituela.