argia.eus
INPRIMATU
Munduko 10 toki erradioaktiboenak
Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko abenduaren 05a

Fukushima, Japonia. 2011ko martxoan, zentral nuklearreko sei erreaktoretik hiru hondatu ziren lurrikararen eta atzetik heldutako tsunamiaren ondorioz. Material erradioaktiboa plantatik 200 miliatara ere heldu zen. Ingurumenari egiazki eginiko kaltea sekretupean da oraindik.

Txernobil, Ukraina. Zentraleko istripuaren ondorioz (1986ko apirila) Nagasaki eta Hiroshimako bonbek baino 100 aldiz erradiazio handiagoa askatu zen. 6 milioi lagun erradiatu zituela estimatzen da. Zuzenean eragindako heriotzak 4.000ko kopuruan finkatu badira ere, 93.000ra ere hel daitezke.

Mailuu-Suu, Kirgizistan. Munduko tokirik poluituenetakoa, goi mailako material erradioaktiboa prozesatzearen eta pilatzearen ondorioz (1,96 milioi metro kubiko daude gordeta mehategietan). Arrisku sismiko handiko tokia da, bestalde.

Semipalatinsk, Kazakhstan. Sobiet Batasunaren poligono militarra izan zen. Munduan leherketa nuklear gehien jasan duen tokia da. 1949an zartatu zuten lehen bonba eta 1989ra bitartean 456 proba egin ziren bertan.

Siberia, Errusia. Zuritasun ederraren pean hondakin kimikoen erresuma ezkutatzen dela dirudi. Hondakin nuklear likidoak itxi gabeko piszinetan gordetzen dira eta 125.000 tona hondakin solido ere bertan pilatzen dira lurrazpiratu gabe.

Sellafield, Erresuma Batua. Hasiera batean bonba nuklearretarako plutonioa fabrikatzen zen bertan. Ehunka istripu gertatu ziren lehen urte horietan eta milioika litro material erradioaktibo isuri dira itsasora (mendebaldeko kostaldean).

Mayak, Errusia. Ipar-ekialdeko industria gunea. Bertan zegoen planta nuklearrean istripu latza gertatu zen 1957an. 100 tona hondakin erradioaktibo askatu ziren eta Karachay lakua pozoitu zuen. 80etako hamarkadara arte isilpean gorde zuten katastrofea.

Somaliako kostaldea. Somaliako urek hondakin ugari hartu izan dute urtetan. Besteak beste, 600 kupel material erradioaktibo
eta ospitaletako hondakinak.

Mediterraneoa. Sarritan leporatu izan zaio italiar mafiako Ndrangheta sindikatuari itsasoa biltegi bilakatu izana. 1994az geroztik, urotan hondakin toxikoz betetako 40 ontzi desagertu direla aipatzen da.

Hanford, AEB. Washingtoneko gune honetan egin zen besteak beste, Fat Man, Nagasakin jaurtikitako bonba atomikoa. Estatuko hondakin erradioaktiboen bi heren pilatzen dira bertan: 53 milioi galoi hondakin likido eta 25 milioi oin kubiko hondakin solido. Lurrazpiko urak ere poluituta daude.