Hondakin erradioaktiboak kudeatu beharrak imajinazio handia eskatu die ingeniariei, urtetan. Hona hemen aztertutako (eta bertan behera utzitako) lau proiektu.
Espaziora bidaltzea. NASA agentziak hainbat hipotesi landu zituen 1977az geroztik. Besteak beste, hondakinak Lurraren orbitan betiko uztea, ilargiko kraterren batean lurperatzea, Artizarraren eta Lurraren arteko punturen batean lagatzea edota Eguzkira igortzea. Hipotesi bakoitzak, ordea, ‘baina’ esanguratsu ugari zekarren atzetik. Adibidez, AEBetan, 2003 urtera bitarteko epeari dagokionez, zentral nuklearretan pilatutako hondakinak espazioratzeko 750 hegaldi beharko ziratekeen, eta beste 104, armadak sortutakoak kanporatzeko. Gainera, kilo bat hondakin paketatzeak 50 kilo material erantsi eskatuko luke, arriskuak ekidite aldera. 1986an Challenger espazio-ontziari gertatutako istripuak eman zion amaiera ikerketa lerro honi.
Bitrifikatuz, lehergailu atomiko bilakatzea. Hondakin nuklearrez bonba nuklear bat prestatu, lurpeko harkaitz baten erdiraino jaitsi eta leherraraztea zen plana. Harkaitza hein handi batean urtu egingo litzateke, likidotu, eta hoztu ahala solidotzerakoan, elementu erradioaktibo guztiak harrapatuko lituzke bere baitan. Hipotesi hau 1996an baztertu zen, munduan saio nuklear oro gelditzeko sinatutako hitzarmenari esker.
Hego Poloko izotzen azpian lurperatzea. Hipotesi honen arabera, izotzak berak babestuko lituzke elementu erradioaktiboak –urteotako berotegi efektua ez zitzaien burutik pasatu ere egin–. Antartika babesteko hitzarmenak galarazi zien plana, 1959an sinatu zenean.
Subdukzio eremuan kokatzea. Uste denez, itsas hondoko sedimentuek txirristatik behera balihoazte bezala bidaiatzen dute Lurraren muinerantz, plaken artean daudenean. Alegia, hondakin nuklearrak plaka horietako baten ertzean jarrita, sabeleraino irentsiko lituzke Lurrak. Hipotesia frogatzeko, azterketa ugari egin zituzten mundu osoan eta gehienetan arazoa bat eta bera zen: subdukzio eremuetan jarduera bolkaniko ugari izaten denez, sumendiren bat lehertzean kraterretatik aterako litzatekeena hondakin nuklear hori bera izan zitekeen lasai asko