argia.eus
INPRIMATU
Azpiegiturak: Donostiako geltoki intermodala. Pasaiako badia. Hondarribiako aireportua
Mikel Asurmendi @masurmendi 2011ko abenduaren 07a

Bildu eta PP ados jarri dira Donostian, bertako geltoki intermodala egiteko Loiolako erriberatan. Bildu eta PP ados. Zer deritzozu?

Bi kontsiderazio egin behar ditut: 25 urte pasa dira Donostiako Autobus Geltokiaz eztabaidan, baina Donostiak ez dauka autobus geltokirik, aparkaleku txar bat baizik. 10.000 biztanleko edozein herri batek Espainian, autobus geltoki bat dauka eta guk ez. PPk beti eutsi dio aukera honi, izan ere, Juan Karlos Izagirre alkateak publikoki onartu duen bezala, Bilduk bat egin du gure posizioarekin. Gu ez gara aldatu, beraz, gustura hartu dugu erabakia. Gure gustukoa da, eta orobat herritarrei mesede egingo dio. Eztabaidatu daiteke hau edo beste, ez da nire esparruko gaia, baina gure jarrera hori izan da betidanik.

Pasaiako badiaz

Gipuzkoako diputatua naiz Espainiako Kongresuan joan deneko hogei urteetan, eta hemengo azpiegiturak ez dira bideratzen eta konpontzen. Hamabi aldiz diputatu hautatua izan behar al dut, Pasaiako badia birsortzeko? PP Madrilgo Gobernuan zegoela Urban funtsa (Eskualde Garapenerako Europako Funtsa) ekarri genuen PPko diputatuek. Erakundeen arteko komisioa sortu zen horretarako, baina PP bakarrik geratu zen. Gainerako indar politikoek hauxe esaten zuten: badia eta hiriaren eremu sozio-ekonomikoa birsortzeko, kanpo portua egitekoaren zain egon behar zela, bi obrak koordinatu behar zirela. Azkenik, gainerako alderdiek onartu dute ezin dela badiaren birsortze plana gehiago atzera, eutsiena dela.

Hondarribiako aireportuaz

Duela 12 urte, aireportua luzatzearen aurkako koordinakundearekin egon ginen, Benigno Blanco etorri zen, Estatuko azpiegituren idazkaria [PPko Estatuko Idazkari ohia], aurpegia eman genuen. “Hurrengo legealdian irabazten badugu pista luzatuko dugu” esan genuen, PSOE zegoen gobernuan. Eta ez bakarrik ziurtasun kontuengatik, baizik eta kostu kontuengatik, hegazkin handiagoak aireratu ahal izateko. Izan ere, donostiar edo zarauztar batek Loiura joan behar du hegazkina hartzera, zergatik? Txartelaz gain, autopista eta gasolioa –eta denbora– ordaindu behar al ditu? Gu bakarrik geratu ginen neurri inpopular baten aurrean. Guk pista luzatzeko etxetik atera behar zuten herritarrei gure plana azaldu genien, alternatiba bat eskaini genuen. Orain, etxebizitza horietan bizi daudenak ez daude hobeto. Guk alternatiba eta soluzio egokiak eskaini genituen. Orain, PSOE eta EAJren arteko akordioa lortu dela dirudi, ez guk nahi genuena, baina bai gutxienez hegazkinen ziurtasuna lortzeko lurra hartzerakoan, aireportua motza baita. Beraz, luzatu beharko da.