argia.eus
INPRIMATU
Zer gau goxoa!
  • Sud Ouest egunkariak zioen joan den astean, Cannes hirian iragan G20, munduko herrialde aberatsenen bilkura, 20 milioi euro gosta dela. Gogoeta egon naiz, non mila deabru xahutzen ahal zuten horrelako dirutza. Okzitaniako Tolosan agertzen den La Dépêche du Midi egunkariak eman dit erantzuna.

    Egunaz lan dorpea egin behar, egunek zortzi oren baino gehiago iraunen ezin bururatuzko eztabaidetan eta, ikusiz egun garrantzitsuak zirela, munduaren geroa eskutan zeukatela, nahi zuten trenpuan izan jaikitzean, lan ona egiteko. Goizean fleitean izateko, baitezpadakoa zen gaua ongi iragatea, ongi lo egitea, goxoan. Baldintza hoberenetan behar zuten lo egin, gostarik gosta.

    Eta kazetari deabru horiek denak jakiten! Gorago aipatu egunkariak erran digu zenbat gosta diren gau horiek. David Cameron Ingalaterrako nagusiak 1.950 euro eman dio gau bakoitz, Marriott hotelari. Zuk eta nik hilabetean irabazten duguna baino gehiago gau batentzat. Ahalkegarria! Lotsagarria! Baina, erran bezala, gaitzeko lana bazuten egiteko.

    Bigarren, Hu Jintao, Txinako nagusia. Honek 11.600 eman dizkio gau bakoitz Gray d’Al-bion hotelari. Munduko herrialde handiena izaki eta ez zenuketen Ingalaterraren maila eman nahi halere. Handiena lehen beraz! Baina ez du lortu.

    Amerikako Estatu Batuak ez ote dira Txina baino gehiago? Obamak jauntxo horri erakutsi dio ez zela orainokoan segurik lehen mailara hupatua. 35.000 euro utzi dizkio goiz guztiez Carlton hotelari. Urrezko domina!

    Batere ez! Zilarrezkoa bakarrik! Urrezkoa Sarkozyk eskuratu du: 37.000 euro gau bakoitz Majestic hotelari. Soldata %170ez emendatua Eliseoko palazioan sartzean, gastu guztiak Estatuaren gain (etxe, janari, jantzi, argindar, sehi, zakur, katu eta denak), soldata, sakelako dirutzat dauka. Eskuin eta ezker dabilelarik erosi postalak ez baitzaizkio hurbilezkorik ere horrenbeste gostatzen, nonbait behar zuen dirua xahutu. Zergatik ez Cannesko hotelean? Handienean! Frantzia zein handia den jakin zezan mundu guztiak.

    Horra beraz nolako gizonen eskuetan den gure geroa. Lotsarik gabe indarño bat eskatu diete greziarrei. Beren zergak oso gaizki pagatzen dituzte eta. Baina ba ote dakizue Greziako konstituzioaren arabera, armadoreek ez dutela zerga ordaintzerik? Ez da harritzeko bere itsasontziteria munduko bosgarrena baldin bada. Leher egitekoari doakionaz aldiz, Grezia lehen. Bihar nor?

    Baina ez dira denak leher egitekotan ikusten duzuen bezala.

Xipri Arbelbide 2011ko azaroaren 30a