Basoa, ingeniari eta basozaleen zain ez dagoenari eskerrak! Gure herrian, Usurbilen, Gipuzkoako Foru Aldundiak 700 hektareatik gorako mendi bat beretzat hartua du, berezko jabea duen herriari bueltatu gabe. Irisasi mendia da. Bertan, azken mendean, basogintza basatiena egin da, hau da, pinua pinua eta pinua. Tarteka beste espezieren batekin ere saioak egin dituzte, baina basogintza lan guztien helburua beti bera izan da: dirua. Sail puska horrek ingurumenerako duen garrantzia inoiz ez dute kontuan izan. Dirua eta dirua.
Beste ezerk zentzarazi ezin eta baso ingeniariei onddo ttipi ñimiño batek aurre egin die. Eta airean dauzka, beldurrak airean. Lurreko onddo horrek eragiten duen gaitzak jota, pinudiak gorritzen eta hiltzen ari dira. Aurki insignis pinua gure burutazioetatik desagertuko da. Baso beltza iraganeko kontua eta basogintzaren historiaren ikerketa gaia izango da.
Irisasin pinudiak bota eta berriro pinua jartzeko plangintza lotsagarria ezin burutu dute. Lan hori aginduko lukeen politikaria eta zuzenduko lukeen ingeniaria denon algara-bazka lirateke. Pinua atera eta soildutako sailak lur gorri daude...
Eskerrak, baina, basoa inoren zain nagituta ez dagoenik. Eta tiragaleak egin beharrik gabe, bertako baldintzetara, onddo ttikia tartean, ederki asko egokitutako makina bat zuhaitz eta arbola sail horietan okupak egin dira: arantza beltzak (Prunus spinosa), zumarrak (Ulmus sp.), maaltzak (Pyrus sp.), maspilak (Sorbus torminalis), astigarrak (Acer campestre eta Acer pseudoplatanus), hurritzak (Corylus avellana), lizarrak (Fraxinus excelsior), haltzak (Alnus glutinosa) eta abar, ingeniarien beldurrak diruaren kopetakotik askatu eta okupatutako mendi-lurretan lagunarte polita topatu dut. Egin berri diedan bisitan poza hartu nuen, indarrean topatu nituen, auzolanean gogotik. Naturalena den kaosera bidean auzolanean.