argia.eus
INPRIMATU
Hauteskunde
Joxemari Ostolaza 2011ko azaroaren 30

biharamunak bizi gaituen egun hauetan bestelako gaiak alboratuta gelditzen zaizkigu gogoan. Gurean, Lauaxetaren Gaztelu Baltza argizagiz hornitu du hauteslegoak arerioen haserrerako. Espainiako Estatuaren karta kolore bakarrekoa litzateke, gure eremua eta katalanena margotu ezean. Izan ere, Nafarroarenak ere aldatzeko bidea hartu du eta inertzia honetan, aurki, datozenetan espainol eskuindarrena deskoloratua agertzeko zorian legoke. Espainiako arazo mingarrienetakoa izaten jarraitzen dugu, gu eta katalanak bestelakotzeko estrategiek behin eta berriz huts egiten badie ere, ez dute amore ematen, eta, orain ere, esana dute publikoki ez gaituztela kontuan hartuko, eta ez bageunde bezala ekingo diotela berenari. Esan, esaten dute baina ezingo dute bete. Zazpi puinalek hornituko dute euren kongresua eta jasan beharko dute haien dantza. Ezingo dute ebidentzia ezkutatu. Rajoyrenak gure garai bateko entrenatzaile desgaitu harena dakarkit gogora, “arerioari, urik ere ez” agintzen zigunean. Porrota bermatuta. Lau bat hartu eta ederki umilduta etxeratzen ginen burumakur. Ez zuen luzaz iraun, bota egin genuen.