Gardasil - Cervarix: neskatoei eztabaida zor zaie

  • ‘Uteroko minbiziaren kontrako txertoa’ deitu arren, beste zerbait da: kantzer mota hori –eta ez beti– eragin dezakeen birusaren askazietako batzuen kontrakoa da. Gardasil eta Cervarix markekin masiboki merkaturatua, haren alboko kalteen albisteak ugaritu ahala pizten da txertoaren onuren eta kostearen arteko egokitasunaz eztabaidatu beharra.

Belgikako Iniciative Citoyenneren blogetik hartutako argazkiak erakusten du Gardasil txertoa hartu duen neska gaztetxo bat, promozioko irudian. Txertoa harreman sexualetan hasi baino goizago hiru aldiz hartzea gomendatzen diete osasun agintariek. Euskal Herrian talde feminista batzuk aurka azaldu ziren 2008an. Gardasil Merck & Co. (MSD) multinazionalaren produktua da eta Giza Papilomaren Birurasen 6, 11, 16 eta 18 moten kontrako eragina dauka. Konkurrentzia egiten dion Cervarixek aldarrikatzen du 16 eta 18 moten aurkako eragina eta GlaxoSmithKline (GSK) korporazioak ekoizten du. Gardasilek 2006an merkaturatu bezain pronto sekulako etekinak eman zizkion korporazioari, baina geroztik bai krisi ekonomikoak jendearen botikatarako dirua urritu duelako eta bai txertoaren kontra zabaldu diren informazioagatik salmentak makaltzen ikusi ditu.

Gure alaben txertatze masiboa onargarria dela? Horra Ainara Arratibel kazetariak Berria egunkarian plazaratutako bi artikuluk sortarazten duten galdera. Uteroko lepoko minbiziaren txertoaz aritu da Arratibel. Lehenean –“Alabaren gaixoaldiak txertoarekin lotura du”– Oiartzungo (Gipuzkoa) Ixone Suarezen 12 urteko alabaren kasua kontatu du, zeinak txertoa jarriz geroztik zorabioak, buruko mina, arnasa hartzeko arazoak, bularreko herstura eta sukar altuak izan baititu.

Bigarrenean –“Auzitan segitzen duen txertoa” eta “Medikuek ez digute frogatu txertoagatik izan ez denik” izenburupean egunkariaren bi orri hartzen dituelarik– susmagarriak identifikatu ditu, Cervarix eta Gardasil txertoak, eta beste bi kalteturen bizipenak bildu, Karmentxu Oraa nafarraren eta Nagore Campos bizkaitarrarenak. Horien aldamenean, bi medikuren iritzi kualifikatuak: Donostiako Ospitalean ginekologoa den Mikel Gorostidi txerto horien aldekoa da eta kontrakoa, berriz, Koldo Martinez mediku iruinseme ezaguna.

Euskal Herrian hasi ere ez da egin txerto bitxi honi buruzko eztabaida, Europan eta AEBetan aspalditik polemikoa dena. Joan den abuztuan bertan Belgikan zabaldu da herri iniziatiba bat han txerto hau eskolatutako neskato guztiei doan eskaintzeko agintariek azaldu duten asmoaren kontra. Initiative Citoyenneren agirian beste hainbat argudioren artean esaten da AEBetan Gardasil eta Cervarixi egotzi zaizkiela 22.194 alboko kalte eta 97 heriotz.

Norbera gaixo egotea bezalakorik ez da ohartzeko alarmismo merkeek ez dutela kaltea baizik eragiten. Baina egia da ere diru publikoz ordainduta era masiboan kontsumitzen diren botiken inguruan farmaziako multinazionalek informazioa ezkutatzen dutela. Urrutirago joan gabe, Gardasil saltzen duen Merck multinazionalak luzaz saldu du Vioxx antiinflamatorio famatua, harik eta debekatu zuten arte; baina debekua baino askoz lehenagotik ari ziren aditu asko alarma pizten haren kalte larriengatik.

Giza papilomaren birusaren (GPB) kontrako txertoaz ingelesezko Wikipedian galdetzen baduzu, informazio ofiziala baizik ez duzu aurkituko eta beste sarrera askotan hain argigarria den controversy (eztabaida) atalak honetan bakunen kontrako eztabaida orokorrera eramango zaitu. Frantsesezko Wikipedian hori ere ez; Hexagonoan medikuen erakunde ofizialak ortodoxia zorrotz zaintzen du. Aldiz, zorionez, informazio gehiago lortuko duzu gaztelaniazko Wikipedian. Ziurrenik 2007an, txerto hau Espainian zabaltzen hasi orduko, Carlos Alvarez-Dardet katedratikoak beste dozena erdi pertsonalitaterekin artikulu argigarri hau plazaratu zuelako El País egunkarian: Razones para no decidir con prisas.

Minbizi bat, 8 milioi euro

Alvarez-Dardetek 2007an idatzi zuen Gardasil eta Cervalixi masiboki zabaltzearen kostuez: “Utero lepoko lehenbiziko minbiziak prebenitzen hasterako, 30 urte barru gutxienez, Espainiako osasun sistemak 4.000 milioi euro izango ditu gastatuak. Beraz, kantzer horietako bakar bat saihestea sistemari 8 milioi euro koskatu izango zaio, horrekin euro bakar bat aurreztu gabe gaur detekzio goiztiarra egiteko erabiltzen diren zitologia eta tratamenduetan, zeren eta txertatutakoei ere gomendatzen baitzaie froga horiek egiten jarraitzea”.

Baina gehiegizko kostua –eta 8 milioi bada gehiegizkoa– alde batera utzita, are argudio latzagoa aurkeztu zuten Alvarez-Dardet eta kolegek: ez dago txertoon eraginkortasunaren ebidentzia zientifikorik. Artikulu hartan agertu zituzten sintetizaturik lau urte beranduago eztabaidan segitzen duten kontrako argudio nagusiak. Txertoak ez dira eraginkorrak borrokatu nahi dituzten birusen askazi guztien kontra. Multinazionalek froga kliniko laburregiak egin zituzten. Txertoa ipintzetik kantzer hipotetikoak azaldu arteko epea hain luzea denez, ez da oraindik garbi tartean txerto gehiago jarri beharko diren. Eta abar.

Hala ere bere bidea egin du minbiziaren kontrako txertoa omen den honek. Omen, diogu, ez baita. Txertoa aipatu birusaren kontrakoa da. Birusa denez minbizi hau sor-tzen duten eragileetako bat, horren zabaltzeko bidea harreman sexualak direnez, neskatoei ezartzen zaie txertoa balizko birus horiek urte asko beranduago kantzerra eragin ez diezaieten. Justifikazio bihurri samarra, egia esan.
Gainera, nahiz eta froga klinikoak nerabezaroa gainditutako emakume gazteekin egin, txertaketen adina beheititzen joan da, 12 urtera, bederatzi urteko umeetara ere bai zenbait lekutan. Eta orain, antza, mutikoei hedatzea ere proposatzen hasi dira. Duela bost urteko kritikoak alarmistak ote ziren? Alvarez-Dardetek-eta orduan eskatzen zituzten eztabaida eta moratoria soberan al zeuden?

Euskal Herrian lehenbiziko kexuak orain entzun diren moduan, Europan ez dira isildu urteotan. 2011ko abuztuan ikusi dira mugimenduak Belgikan. Initiative Citoyenneren gunean irakur eta entzun-ikus daitezke frantsesez haien eskakizunak. Baina gaia askoz lehenagotik jorratua dute Pharmacritique gune frantsesezkoak eta Arznei-Telegram aldizkari alemanak.

Pharmacritiquek 2009an ezagutarazi zuen urte hartako irailean Ingalaterran neskato bat hil zela txertoaren ondorioz. The Times egunkariko albisteak itzuliz zioen Britainia Handian ordura arte Cervarix hartu ondoren 4.657 alboko kalte notifikatu zirela ofizialki, nagusiki erreakzio alergikoak, zorabioak eta goragaleak. 2007an gertatutako Guillain Barré sindrome kasu batean ere susmagarria zen txertoa.

Austriako beste neska baten heriotzan izan da susmagarria Cervarix txertoa. Bat gehiago Alemanian. Eskozian The Scotsman egunkariak 150 neskato baino gehiagok ondoezak jasan zituztela azaldu zuen, hiruk larriak, nabarmenduz ohetik jaiki ezin izateko adinako nekea sortu zion 13 urteko baten kasua, zeinaren amak lana utzi behar izan zuen alaba artatzeko.

Urte bete lehenago, 2008an, Arznei-Telegrammek ohartara zuen Gardasil eta Cervarixen ekoizleek informazio garrantzizkoak ezkutuan zeuzkatela, eta horien alboko kalteak aitortuak baino askoz ugariagoak zirela: handitsu eta gorrituak, buruko minak, mialgiak, artalgiak, hesteetako egonezinak, sukarra... eta horien artean bazirela kalte larriago batzuk, eritasun kroniko edo autoimmuneekin lotuak. Azkenean, galdera nagusi hau geratzen da: arriskuok hartzea justifikatzen du txertoak benetan duen eraginkortasunak?


ASTEKARIA
2011ko abenduaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude