Euroa: irabazleak eta herritarrok

Europar Batasuneko (EB) tratatuek bertako hiritarren ongizatea bermatzea eta garatzea aitortzen dituzte abiapuntuko helburu nagusi bezala. Inondik ere, ideia hau erakargarria egiten zen eta hasiera batean horrela sinesten genuen, are gehiago Francoren diktadurapetik irten berriak izan ondoren.

Alabaina, zenbait zalantza sortu zitzaizkigun 1991n Maastritchteko Ituna onetsi zenean. Izan ere, moneta bakarrera heltzeko, eurora, sakrifizio gogorrak eskatzen zitzaizkigun. Hori dela eta, Felipe Gonzálezen gobernu sozialdemokrata berehalako gizarte erreformak burutzen hasi zen eta ondorioz, pentsioak, langabezi laguntzak eta beste hainbat gizarte babes murriztuko ziren. Gerora, jabetza publikoekin sartu ziren eta estatua deskapitalizatzeari ekin zioten: Telefonica, Campsa, Tabacalera... Espainiar herritarrek urtetan metatu zuten kapitala, baldintza oso erosoetan, saldu zitzaion espainiar oligarkiari.

Ezin dugu ahaztu EBk aukerak eta diru ugari eman zizkiola Espainiako Gobernuari bazterrak zementuz estaltzeko, ez ordea enpresak garatzeko edo industria erakargarriak sustatzeko, hots, garapen endogenoa indartzeko. Hori guztia merkatu libreak bideratu behar zuen, laguntza publikorik gabe.

Euroan sartzeko betikoei gerrikoa estutzea eskatu zitzaion eta orain gauza bera euroarekin jarraitzeko. Bien bitartean, munduko marrazoak gure gain dirutzak egiten ari dira. Historiak esaten digu Depresio Handiaren garaian (1929-33), errudun ugarik beren buruaz beste egin zutela, aldiz, oraingo krisiaren arduradunak sarituak izaten ari dira: Draghi Europako Banku Zentraleko buru, Monti eta Papademus Italia eta Greziako lehen ministroak. Guztiok Golman Sacheko goi agintariak ziren eta uzkurraldi honen erantzuletakoak. Gainera, irizpide demokratiko guztien aurka hautatuak izan dira.

Bestalde, oroitu behar dugu, denboralditxo batean ilusio ekonomikoz bizi izan garela. Izan ere, aurreko hamarkadan kontsumo maila eutsi ahal izan zen. Nola? Mailegu merkeen bidez kontsumitzen jarraitzea erraza izan da, nahiz soldaten balio errealek, nabarmen, behera egin zuten.
Eta orain zer? Estatuak zorpetuta daude eta beraien azken urteetako aurrekontuak sarrera publikoak etengabe gorantz joango zirelakoan eratzen ziren eta sarrerak hazteko joera hori eten denean, konpentsatzeko, zor publikoa jaulkitzera jo dute, zor horrek dakartzan ondorioekin: adibidez Italiak bere BPGren %5 erabili beharko du bakarrik urteko interesak ordaintzeko! Espainiaren azken jaulkipena 3.500 milioikoa izan da eta ondorioz kopuru horrengatik, bakarrik, urtean 250 milioi euro ordaindu beharko ditu.

Bestalde, Europako agintariek eta gobernuek lehentasuna ematen diote interesen ordainketari eta horretarako sarrera publikoak handitu ordez, gizarte gastuak murriztuko dituzte, herritar ahulenen gain eraginez. Finantza erakundeek ez dute gupidarik EBko estatuen zor publikoekin jolasean aritzeko, espekulatzen, itolarrian dagoena, gehienetan, prest baitago interes altuak ordaintzeko.

Egoera larria izanda ere, finantzari hauek ziur dira interesak eta kapitala ere eskuratuko dituztela, atzean, berme gisa, Alemania, Herbehereak, Luxenburgo eta abar daudelako. Eta okerrago dena, finantza erakunde horietakoak diru publikoarekin lagunduak izan ziren eta orain diru hori erabiltzen ari dira herritarren ongizatearen aurka joateko. Halaber, ez litzateke harritzekoa izango, titulu horiek pakete egin ostean, merkatuetan kolokatuko direnik, diru gehiago eskuratu eta estatuei, berriro, maileguetan uzteko. Jokaldi borobila!

Azken galdera: euroa gai izango al da egoera honetatik bizirik irteteko? Zaila da erantzutea, baina ez litzateke harrigarria izango edozein egunetan “corralito”ren batekin esnatzea eta guk aurreztutako diruak hutsaren hurrengo kanbio tasa batekin aldatu behar izatea. Orduan ere, marrazoak garaile. Baina, oraingoz, ez gaitezen urrutiegi joan.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude