Errimen jolasa belaunaldi batetik bestera

  • Duela 30 urte Durangon euskara gutxi entzuten zen kalean. Euskaldunak asko izan arren, etxe barrua zen beraren lekua. Euskaldunak batu eta kultur arloan jarduteko ezinegonak mugituta, euskaltzale batzuk bertsoaren inguruan bildu ziren; bertso eskola sortu eta galduta zeuden plazak berreskuratzen hasi ziren. Orduan ereindako haziak fruituak eman ditu. Bertso eskolan ibilitakoak eta dabiltzanak, hiru belaunaldi elkartu ditugu solasaldirako. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan batu gara, Durangon bertan.

Amaia Ugalde

Beltza. Euskal Herriko beste hainbat txokotan legez, Durangaldean euskararen egoera beltza zen 1970eko hamarkadan. Horrela gogoratzen dute Kristina Mardaras eta Justo Alberdi senar-emazteek. 1980an sortu zen Durangoko lehen bertso eskolan jardun zuten Mardarasek eta Alberdik. Bertso eskola haren helburuetako bat galduta zeuden bertso saioak berreskuratzea zen: “Adinari dagokionez eten handia zegoen publiko eta bertsolarien aldetik; guk, kantatzen genuen artean, plazak berreskuratzea ere gura genuen”.

Durangoko Kurutziaga ikastolan batzen zen helduen bertso eskola, eta Eibartik, Zornotzatik, Dimatik... baina batez ere Garai, Berriz, Abadiño, Iurreta eta Durangotik joaten zen jendea bertara. Auzo eta herrietako jaietan bertso saioak antolatzen hasi ziren. Tartean, 1986an, Durangoko Euskal Jaien aitzakian, Andra Mariako elizpean bertsotarako oholtza ipintzen zuten hilean behin: “Meza batetik irteten ziren momentuan mikrofonoa hartzen genuen, eta hurrengo mezara gerturatzen zirenak eta irtendakoak bertan geratzen ziren. Durango bertsozaletzea eta euskara kalera ateratzea zen kontua”.

Igor Elortzak gogoan ditu Andra Mariako saioak: “Aho zabalik egoten nintzen zuek entzuten”. Bertokoez gain, beste bertso eskoletako jendea gonbidatzen zuten. Helduen bertso eskola haren amaieran bost kideren heriotzak eragin handia izan zuela gogoratu du Justo Alberdik: “Martxan genbiltzala hil ziren Angel Usaola Kapela, Joseba Zabala, Jose Ignazio Mazaga Txasio, Ibon Ertzilla Fiño eta Santi Belar Begi geroago”. Eskola hartako jendeari eta geroago etorri direnei esker, egoera asko aldatu da: 30 urteko lana eta gero Durangaldean 30 auzo inguruetako plazak berreskuratu dira, Alberdik dioenez.

Bigarren belaunaldiaren lehen pausoak

Begi eta Jon Lopategirekin hasi ziren Igor Elortza eta Unai Iturriagaren belaunaldiko gazteak bertso eskolan, Kurutziaga ikastolan bertan, 12-13 zeuzkatela. Begi ikastolako kontserjea zen, eta berarekin bertso eskolatik auzoetako hainbat saiotara joan ziren gaztetxoak, bertsoak entzutera, eta geroxeago bertsotan jardutera. Unai Iturriagak euren lehen saioa gogoratzen du; Izurtzako jaietan izan zen, bertso guztiak arinagotik prestatuta. “Horrela egon ziren arazoak; bertso baten erdia eta bestearen erdia bota, baten bat amaitu barik utzi...”.

Iurretan, Kristina Mardarasek eskolako gazteekin jardun zuen bertso irakasten; orain bertso eskolan irakasle den Eneko Abasolo Abarkas zegoen tartean. Mardarasek gogoan dauka bertso eskola denbora libreko taldea zela ia: “Sexologia klaseak ematen genituen, politikari buruz berba egiten genuen... Eta batzuetan bertso bat bera bota barik joaten zen ordua”. Bertso eskolako lagunarteak eta bertsoek eurek euskaltzaletasunean eragina dutela nabarmendu du Unai Iturriagak: “Gogoan dut gaztetxotan erdaraz berba egiteko sasoia heldu zitzaidanean kontraesanak nituela bertsoarengatik. Eskolaz eskola joaten ginenean kantatzeko gaia sarri euskara bera izaten zen, eta lagunarte hartan euskaraz dibertitzen banintzen, zertarako egin behar nuen erdaraz?”.

Bertso eskola berria

Tarte batean bertso eskola barik egon eta gero, iaz ipini zuten berriro martxan. Abarkas eta Erika Lagoma dira arduradunak, eta hamabi bat ikasle dabiltza. Seigarren mailan Juanjo Respaldizarekin jardun zuten Kurutziaga ikastolan, eta batzuei gustatu egin zitzaien. Santa Ageda bezpera batean, Eneko eta Peru ikasleek Abarkasi kotxeko irratian bertso batzuk jartzeko eskatu zioten. Orduantxe hasi ziren bertso eskolari buruz berbetan, eta horrela, lagun batzuk animatu eta koadrilatxoa sortu dute. Errimak landu dituzte orain arte, eta duela gutxi hasi dira inprobisatzen, puntuka.

Jendaurrean birritan kantatu dute, Iurretako San Migel jaietan, bertsolarien aurkezpenak egiteko. Diotenez, urduri. “Horrela hasten da ba!”, bota du Mardarasek; “eta plazarako asmorik bai edo?”, “bai... baina txarto egiten baduzu...”. Igor Elortzak hori onartu beharreko arriskua dela dio: “Bertso onak botatzeko txar piloa bota behar da”. Mardarasek buruan dauka Igorrek berak 15 urterekin Bizkaiko finalean egindakoa: “Gelditu egin zen, eta gero berriro hastean, hura bai txalo zaparrada! Publikoak esfortzua baloratzen du”.

Etorkizunerako hazia

Unai Iturriagaren berbetan, “bertso eskolarik ez badago, ez da bertsolaririk sortuko”. Gipuzkoan lehenago gertatzen zena aipatu du: “Lehen ez zuten bertsoa eskolan lantzen, eta denbora luzez hutsunea egon zen. Jendeak bazekien bertsotan, etxean, auzoan, zaletasuna zegoelako, baina euren kabuz zebiltzan”. Bertso eskolek bertsolaritzaren jarraipena segurtatzen dutela azpimarratu du Iturriagak; “bertsolariak sortzeaz gain, bertsozaleak, gai-jartzaileak, saioak antolatuko dituztenak... irteten dira bertso eskoletatik”.

Urteotako beharraren ondorioz, bertso saioetako publikoa gaztetu egin dela nabarmendu du Mardarasek: “Lehen bertsolariak zaharragoak izaten ziren, eta publikoa ere bai. Bertsolariak gaztetu diren heinean, entzuleak ere hala egin dute”. Iurretako saioak etortzen zaizkio gogora: “Entzuten lau katu zeuden, lau katu nagusi, eta bi ume. Orain edozein bertso saiotan izaten den publikoa ikustean emozionatu egiten naiz”.

Lazkao Txikirekin

Igor Elortzak Lazkao Txikirekin bizitako pasarte bat ekarri du gogora: “Berarekin lehenengoz kantatu genuenean, Beasainen, 15-16 urterekin, nongoak ginen galdetu eta Durangokoak ginela esan genionean ez zigun sinetsi; hori ezin zela izan esaten zuen, Durangon erdara baino ez zela entzuten kalean, eta ezetz. Gero esan genionean Durangaldeko beste herri eta auzo batzuetako gurasoen semeak ginela, orduan onartu zuen: “Horrela bada, izan daiteke”.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude