argia.eus
INPRIMATU
Eroskik 1.300 milioi eurotan murriztu du zorra
Daniel Udalaitz 2011ko azaroaren 29a

Eroskik, Espainiako Estatuko laugarren banaketa taldeak hazkunde eta hedatze prozesu garrantzitsua burutu du azken urteotan, batzuetan arrisku handiak hartuz, eta arazo handiak ekarri zituen kasuren batean, emaitza negatiboak lortuz. Zalantzarik gabe, arazo nagusia finantza zor handiak dira. Dena den, egia da hasieratik zezenari adarretatik heldu ziola eta finantza zorra murrizteko plan bat egin zela. Azken urteetan 1.300 milioi eurotan murriztu du zor hori, eta beste 500 beharko lirateke zor “eramangarria eta egokia” izateko, Eroskiko presidente Agustin Markaideren hitzetan. Gaur egun, Eroski Taldeko zorra 1.500 milioi eurokoa da. Markaideren arabera, Eroskiren emaitzak urteko lehen seihilekoan iazko aldi berekoak baino hobeak izan dira, produktuak nabarmen murriztu arren. Halaber, eraginkortasuna hobetu da, zorduntze txikiagoak ez baitu finantza gastuen faktura handiagoa berdindu. Emaitza onenak supermerkatuek lortu dituzte, eta hala hipermerkatuen jarduera ahulagoa orekatu dute. Frankizien bilakaera ere positiboa izaten ari da (Eroskik 500dik gora saltoki frankiziatu ditu), eta formula horren alde egiten jarraituko dutela adierazi dute.