Ongi etorri Marianismora

  • Ezpainak beti bustita dituen gizona Espainian jaun eta jabe egin denez, atzeratu erlojuak, ez udazkenean bezala ordubete, atzeratu hamaika urte. Aznarren 2000. urteko garaipena dator memoriara PPren gehiengo absolutua ikusita. Bitartean, hemen dago optimista izan nahi lukeen bat teklak jotzen, pentsatu nahian Marianismoa ez dela izango Aznarismoaren kopia berritua bakarrik.

Horrelakoa da Rajoy, meritu handirik egin gabe gauzak lortzen dituen gizona. Deskuiduan handik pasatzen zena. Hitz bat bestea baino altuago esaten ez duena. Baina inoiz azaldu behar zuen Marianismoak eta orain du momentua. Aznarren azken arrastoak desagerraraz ditzake, beharbada. Edo beharbada ez.

Bai, egia, Rajoy Erreinuaren periferiako frankismo soziologikoaren kumea da. Aita magistratua zuen, Pontevedrako (Galizia) Entzutegi Probintzialeko presidentea; aitona 1936ko estatutu galiziarraren idazketan parte hartutakoa. Ez dator hutsetik Mariano, elektrizistak baino entxufe gehiago zeuzkan eta bata bestearen atzetik, Kantauriko euria bezala erori zitzaizkion zinegotzi kargua 20 urterekin, Diputazioko presidentzia 28rekin, Xuntako presidente ordearen eserlekua 30ekin eta apur bat beranduago, idazkaritza nagusia Galiziako Alianza Popularren. Badu abildadea mutilak eskaileran gora egiteko, bestela zaila da horrelako ibilia egitea Manuel Fragaren begiko izan gabe (eta Rajoy ez da).

Probintzietatik kapitalera joko du Tonino Carotoneren kantako beste Mariano hark bezala, baina Rajoyri ez diote karterarik lapurtuko, eman baizik, bat, bi, hiru, lau eta bost ministeriotan. Eta halako batean Aznarren atzamarrak –guraize horrek– mintzaira hezeko galiziarra seinalatuko du PPren tronura igotzeko. Zergatik zuen bibotedunak Mariano seinalatu? Ez da burugabea pentsatzea Aznarrek norbait apala xerkatzen zuela boterearen jostailua pixka batean uzteko, berak Georgetowneko gerizpetik urruneko agintailuarekin manatzen jarraitu eta momentu egokia iristean Espainiaren Bigarren Salbazioari pertsonalki ekiteko. Azken finean, Mariano Rajoyri abildade bakarra ezagutzen zaio, gaita galiziarrak daukan huraxe: soinu berdin-berdina ateratzen duela ezkontzetan eta funeraletan.

Baina artikulua hasi dugu esanez Marianismoa ez dela izango, edo ez duela zertan izan, ez genukeela nahi izaterik Aznarismoaren kopia hutsa. Frogak badira, baikor izan nahi duenarentzat behintzat, erakusten dutenak Genova kalean gauzak zertxobait aldatu direla Rajoy agintera iritsi zenetik. Zakur, arratoi, suge eta dragoi bezatu ditu 2004tik hona karguari eutsi eta Aznarren ekipotik jasotako zamak gainetik kendu bitartean.

Aurrena kendu zuen, gauzak ulertzeko organoa matxuratuta jaio zen Angel Acebes. Gero kendu zuen solariumaren eraginez gizon laranjen arrazako bihurtu den Eduardo Zaplana. Pixkanaka-pixkanaka, PPren buztinak bere gisara moldatzen joan da, bizkarretik Esperanza Aguirre bezalako aznaristek eman nahi izan dizkioten labankadak saihestuz, bere estiloan, ezer pasako ez balitz bezala. 2008ko PPren kongresutik aurrera ibiliko da lasaiago, behin Aguirre jabetuko denean alderdiaren buruzagitza lortzen saiatzeak lehia kaindarra eragingo lukeela Madrilgo peperoen eta Espainiako Estatuko gainontzekoen artean.

Hauteskundeak ere bere estiloan irabazi ditu Rajoyk, irabazi gabe. Kontrarioa erabat hondoratu ez balitz, PPren emaitzak ez ziren hain ikusgarriak izango, zenbaki absolutuetan 2008ko boto kopurua pixka bat, gutxi, oso gutxi hobetu besterik ez baitu egin. Horrelakoa da Rajoy, meritu handirik egin gabe gauzak lortzen dituen gizona. Deskuiduan handik pasatzen zena. Hitz bat bestea baino altuago esaten ez duena. Baina inoiz azaldu behar zuen Marianismoak eta orain du momentua. Aznarren azken arrastoak desagerraraz ditzake, beharbada. Edo beharbada ez. Eta beharbada ikusiko dugu baikor izateko intuizioak benetako motiboak zeuzkala. Edo beharbada ez. Zeren arabera, noren arabera, gauza arraroagoak ikusitakoak gara, inoiz ez da jakiten, ikusi beharko, datorrena datorrela, joanak joan (barka artikuluari hain amaiera galiziarra ematea).


ASTEKARIA
2011ko azaroaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mariano Rajoy
Fauna publikoa
Meme bat zen presidentea

Mariano, Mariano, Mariano Rajoy badoala Moncloatik, joan dela hau irakurtzen ari zarenerako; eta nik imajinatu nahi dut eszena.


2018-06-01 | ARGIA
PPren ustelkeriak Rajoy bota du

PPren ustelkeriak, azkenean, Mariano Rajoy Espainiako presidente kargutik bota du. PSOEko Pedro Sanchezek proposatutako zentsura mozioa aurrera atera da.


2018-05-31 | ARGIA
Aitor Estebanek baieztatu du: EAJk babestu egingo du Rajoyren aurkako zentsura mozioa

Espainiako Kongresuan ostegun honetan zegoen zalantza nagusia argitu dela dirudi: EAJk babestu egingo du Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa. Pedro Sanchezi eskatu dio hemendik aurrerako erabaki legalak "kontsentsuz" hartzeko.


Espainiako armadaren baloreak eskoletan nahi ditu Rajoyk

Eskoletan Indar Armatuen baloreak irakastearen alde egin zuen Espainiako presidente Mariano Rajoyk asteazkenean, eta Rufianek erantzun zion neurri horrek 1939an frankismoak ezarritako hezkuntza legearen itxura duela.


'Patria' operazioa: erregimenak euskal gatazka behar du legitimatua sentitzeko

Fernando Arambururen Patria nobelak irabazi du, aurreikuspen guztiak betez, Espainiako Narratiba Saria. Euskal gatazkari buruzko “behin betiko nobela” izateko bokazioz sortutako produktu literarioak badu, honenbestez, aitortza definitiboa eta badirudi beste puska... [+]


Eguneraketa berriak daude