Gerra eta bake dantzak

Antton Olariagaren irudia.
Antton Olariagaren irudia.

Munduan beste asko legez, orain zortzi aldiz berrehun urte jaio zen, jaio, Artemio izenaz ezaguna izango zen umea. Antiokia urrunean ikusi zuen hark lehendabiziko argia. Gaztetan militar bizimodua hautatu zuen, eta gerora kristau-fedea zabaltzeari ekin zion: sutsu eta indartsu. Esker oneko, santutasuna aitortu zion Eliza amak: fedegabeek burua eta soina apartatu zizkiotenean, heriotza krudel baten ondoren.

Santuen izendegi kristauak beteta daude horrelako martiri eta dontsuekin. Denboran eta lurretan hurbilago pausaturik, hor da, hor, Loiolako Inazio: gerretan mankatu ostean, legio kristauak fundatu eta gidatu zituena.

LUZE ETA EBATS. Gerraren alperra ezagutu ondoren, Antiokian eta Loiolan bezala munduaren lau bazterretan, askok aldatu du bere norabidea: bizitza armatu eta militarretik, bizimodu filosofiko eta teologikora; baita politikora ere. Baina, gerratik bakera igarotzea ez da beti erraza izaten.

Bakezko ekintzan ere, modus operandi militarra darabilte batzuek: hierarkia denen gainetik, ortodoxia eta maximalismoa denaren oinarri. Egia esan, gerra-dantzetako urratsak dira horiek; ez bakezkoak.

Politikari askorekin antzera gertatu ohi da: musika aldatuko dute, soinua; ez pausua, ez oin-urratsa. Beti aurrean egoteari eutsiko dio aurresku denak, eta atzeko lozorroa biziko du atzeskuak.

Dantza jauzietan eta Mutxikoetan, ezaguna da luze alde bererako koreografia-pausu zuzena. Berdin balio du luze dantza-pausu horrek hainbat dantzatan, berdin egiten da batean zein bestean: beti aurrera begiratuta, beti alde bererantz ibilita.

Ebats, ostera, bihurkaria da: dantzaren zentzua aldatzen du eta, hutsean eta itsuan aurrera egin ordez, buelta-erdi eginda –ziaboga, nahi bada–, dantzaria jartzen du plazaren beste aldera begira.

Hartara, panoramikoagoa da ebats: aurrera bezala, atzera eta ondora ere begiratzen baitu. Osoagoa da, ikuspegi anitzekoa.

ANTREXATAK. Luze pausuetan, maisu izan ziren bai Artemio bai Inazio bera ere: gerran bezala, baita bakean ere. Eta haien antzera beste asko eta asko. Orduan legez, baita orain ere. Alde beretik begiratu izan diete horiek guztiek gudu-zelaiari eta plazari: indarraren oholtzatik, ortodoxiaren talaiatik.

Baina, gerratik bakera jauzi egiteak abagune berriak aktibatzen dituela sinesten badu inork, lan-tresnak eta lan-sistema aldatu beharra ditu. Ebats egin beharko du noizean behin, plazari begiratu eta hura sentitzeko.

Zeren bake-dantzak ez baitu bakarrik gerra-dantzaren soinua aldatu behar, ezpada ze dantza-urratsa bera ere. Alegia, musikaz gain, koreografiaren urratsak ere ditu aldatu beharra.

Zorion eta zoritxar beteko egun batez igaro berri dira gure artean hauteskundeak, azaroaren hogei zoro horretan. Botazio-egunaren aurreko kanpainan zein botazio-biharamuneko egunetan, Artemioren eta Inazioren eskolakoak ikusi dira plazetan: luze asko, baina ebats gutxi. Ibiliko ziren, ibili, musikak aldatuta. Agian. Baina dantza-pausuak, ez. Tamala.

Bake-musikarekin gerra-pausua dantzatzea da esne guriari ura botatzea. Azkenean, biak galtzen dira: esnea eta ura.

Erdizka, ezker, eskuin airian, antrexatak kurri... Artemioren eta Inazioren luze dantza-pausu estuetatik harago ere bada, plazan, mundu bizi eta erakargarria.

– Musikari, jo musika, jo!


Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude