"Bakoitzak aukeratu behar bere bidea"

  • Horixe Antxon Ezeiza zendu berriak Jexux Ijurkori Argian erantzundakoa, 1983ko elkarrizketa batean. Zinegileak argi zuen bere bidea: “Garbi dago egunen batean euskal zinema bat egoteko gaur egun egin behar dena gehiago izango dela azterketa, ekintza baino. Eta horrek momentu batean suposatu dezake tipo baten karrera izorratzea, baina hori norberak ikusi behar du”.

Ezeizarentzat, euskara ezinbesteko ezaugarria zen filmak euskal kategoria izan nahi bazuen. Euskadiko Filmategiarena da argazkia, Antxon Eceiza: Cine, existencialismo y dialéctica liburuan erabilia.

Bai, Ezeizak egina zuen hautua: euskal zinemaren oinarriak definituko zituen, euskarri teorikoa finkatu. Luze eta zabal idatzi zuen euskal zinemak izan behar lukeenari buruz eta 1983ko elkarrizketan jada agerikoak ziren asmo horiek: “Konprenitzen dut 19 urteko gazte batek bere ilusioak bete nahi izatea, baina 40 urterekin sei film luze egin ditut, zinemagile baten ametsak beteak ditut. Horregatik, hona etortzerakoan pentsatu nuen nire izenaz baliatuz film bat edo bi egiteko dirua lortu baino hobea izango zela euskal zinema baterako oinarri sendo bat jartzen hastea”.

Erabaki horretara iritsi aurretik, jirabira ugariko bizitza eraman zuen. Laburrean, 1935ean jaiotako donostiarrak Madrilgo Zinema Eskola Ofizialean izena ematea erabaki zuen 21 urterekin, hein batean, familiarekin eta euskal munduarekin apurtzea “ia exijentzia bat” zelako garai hartan. Zinema munduko pertsona interesgarri franko ezagutu zuen han eta ironikoki, Espainiar Zinema Berriaren fundatzaileetako bat izan zen. Urte haietan, Elias Querejeta ekoizle hernaniarra izan zuen bidaide eta lan ugari zuzendu zituen: A través de San Sebastián, A través del fútbol, El próximo otoño, De cuerpo presente, Último encuentro, Las secretas intenciones. Arrazoi politikoengatik, 1973an Mexikora ihes egin eta Mina, viento de libertad errodatu zuen, Frantzisko Xabier Mina Mexikoren independentzia gudan parte hartu zuen iraultzaile liberal nafarraren bizipenetatik abiatuta. El complot mongol poliziakoa ere sasoi hartakoa da. Hain zuzen, erbesteak, Kuban eta Mexikon igarotako urteek, gerturatu zuten Ezeiza aberrira. Bere hitzetan, han deskubritu zuen Euskal Herria.

Azkenik ere, 1977ko amnistiarekin batera, hona itzuli eta helburu berriari ekin zion, euskal zinemaren alde.

Askapen Zinematografiaren postulatuak

Euskal zinemaren panoraman dena egiteke zegoela-eta, 70eko hamarkada bukaeran eta 80koaren hasieran Euskal Zinema Nazionalaren bere ideia garatu zuen hainbat idatzitan. 1985eko Reflexiones para un debate sobre el cine vasco (Euskal zinemari buruzko eztabaidarako gogoetak) artikuluan dago zuzendariak euskal zinemaz egin duen hausnarketarik mamitsu eta luzeenetakoa, hiru adar nagusiri tiraka: hizkuntza, estetika eta edukia. Bere aburuz, euskarak erabateko lehentasuna dauka eta ezinbesteko ezaugarria da pelikulak euskal kategoria izan nahi badu. Bestetik, euskal zinemagileen lana da berezko estetika aurkitzea, dugun iragan oparoan arakatuz. Eta azkenik, edukiari dagokionez, Askapen Zinematografia baino ezin da izan Euskal Zinematografia Nazionala, gure nortasuna eta burujabetasuna berreskuratzen lagunduko digun zinema. Behin hori lortuta, dio, ez litzateke beharrezkoa izango eduki aldarrikatzailea lehenestea.

Ikuska, ekimen erreferentea

Aipaturiko oinarri teorikoak batik bat bi obratan islatu zituen Ezeizak: Ikuska proiektuan eta Ke arteko egunak filmean. Ikus-entzunezkoan ezer ez zegoen garaian jaio zen Ikuska, 1978 eta 1985 urteen artean euskaraz errodaturiko 20 dokumental laburreko saila. Donostiarrak koordinatuta, berak bost dokumental zuzendu zituen eta gainerakoetan beste hainbat zinegilek hartu zuen parte, tartean Koldo Izagirrek, Juanba Berasategik, Montxo Armendarizek edo Imanol Uribek. Besteak beste, zinegile berrien eta kanpotik itzulien profesionalizazioa ahalbidetzea zuen xede Antxon Ezeizaren ekimenak, “benetako euskal zinegileen lehen belaunaldia” sortzeko asmoz.

Euskararekin eta euskal gizartearekin zerikusia duten gaiak jorratu zituzten dokumentaletan eta horri esker urte haietako errealitatearen artxibo bikaina dugu egun. Haatik, Euskal Herri tradizionala eta ez garaikidea irudikatzea ere leporatu izan zaio proiektuari. “Lehenengo Ikuska-n agertzen da arrantzale bat esanez ‘ni arrantzalea naiz’, euskaraz; garairako erronka handia zen hori! Dena euskaraz! Eta orain hartu eta diote oso rurala zela, arkaikoa… baina Euskal Herriko jendearen arazoez mintzo zen, euren kezkez, eta herritarrei beraiei ematen genien ahotsa. Hori ez al da garaiko errealitatea islatzea?”, izan zen Ezeizaren arrapostua, iaz elkarrizketatu nuenean.

Ke arteko sufrimendua

Azken filma izango zuena –Felicidades, Tovarich, aitona komunistaren eta bilobaren road movie-a– errodatu baino sei urte lehenago estreinatu zuen Ke arteko egunak (1989). Koldo Izagirreren gidoi txukunaren eta laguntzaren bermearekin, Donostiako Zinemaldiko Donostia Saria irabazi zuen eta Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu den euskarazko lehen pelikula izan zen. Protagonistaren itzulera narratzen du lanak: Pedro Sansinenea Euskal Herrira bueltatu da herri-minak bultzatuta, hogei urte Mexikon igaro ostean. Sakonean, sufrimenduari buruzko filma da, sufrimendu pertsonala eta sufrimendu politikoa, testuinguru mugitua bizi baitu Euskal Herriak, manifestazioetako ke arteko egunak dira, eta bere gordinean ageri da gatazka. Fin irudikatzen du obrak giro hertsi eta itoa. Hainbat kritikarik politikoki epaitu bazuten ere, ideologia zehatzik gabeko lana dela azaldu zuen Ezeizak bere garaian, barrikaden atzean daudenen sentimenduak agertu nahi izan zituela eta bakea lortzeko bere ekarpena zela. “Gustatuko litzaidake jendeak pelikula existentzial gisa ikustea Ke arteko egunak, ez film politiko gisa”, adierazi zuen orduan.

Pelikulak ez zuen Urrezko Maskorra lortu, baina urte batzuk geroago, 2003an, Zinemaldiak Ama Lur saria eman zion zinegileari eta hunkituta jaso zuen Antxon Ezeizak. Eskainitako diskurtsoan, ezin bestela izan, zinema euskalduna, euskaraz eta askea aldarrikatu zuen.


ASTEKARIA
2011ko azaroaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude