Sobietaren bi soinu banda ofizialak

  • Datorren azaroaren 17 eta 18an Stravinskiren 1. eta 2. Suiteak, Prokofiev-en Biolin eta orkestrarako 2. Kontzertua eta Xostakovitxen 5. Sinfonia joko ditu Euskadiko Orkestrak Donostiako Kursaalen. Hiru konpositoreak garaikideak izan ziren XX. mendean. Lehena ez zen inoiz bizi izan Urriko Iraultzaren osteko Errusian. Bigarrena AEBetan eta Frantzian izan ostean SESBera joan zen bizitzera. Hirugarrena Errusian bizi izan zen, SESBen gero. Honakoan Xostakovitx eta Prokofievi buruz jardungo gara bereziki.

Gizon serioaren fama zuen Dmitri Xostakovitxek. Anekdota bilduma herrikoiaren arabera argazki bakarrean egin omen zuen irribarre, futbol partida ikustera joan zen batean.

Sergei Prokoviefek (1891-1953) lau opera zituen konposatuak 13 urterekin San Petersburgeko kontserbatorioan sartu zenerako. Lunakharski kultura komisarioak 1918an SESBetik alde egiten utzi zionean esan zion: “Zu musikaren iraultzailea zara, gu bizitzaren iraultzaileak gara; ez zaitut atxilotuko”. Ez zuen Errusia utzi iraultza komunistarekiko etsaikortasunagatik, baizik eta gerra zibilaren ezegonkortasunek ez ziotelako lan egiten eta jotzen uzten. Alde egin aurreko egunetan aspaldiko lagun zen Maiakovskik bere poema liburukia eskaini zion: “Munduko poesiaren lehendakariak Munduko musikaren lehendakariari: Prokofievi”.

Ameriketara iristerako Rakhmaninof zen bertan nagusi eta New Yorkek bigarren mailan utzi zuen Prokofieven estilo esperimentala. Bera lehena izateko jaioa omen ordea, eta Parisera egin zuen alde 1920an. Baina han beste errusiar bat zen jaun eta jabe: Stravinski. Hiriko eszena kontrolatzen zuen Diaghilev enpresariaren seme kuttuna zen. Gainera, garai hartan errusiar eleberrietan oinarritutako operak idatzi zituen Prokovievek (Gerra eta bakea, Suzko aingerua) eta Diaghilevek argi adierazi zuen opera “modatik joanda” zegoela. Beraz, 1920an Prokovievek hiru ballet musikatu zituen Diaghileventzat; baina Bufoiaren arrakasta xumea ez zitzaion Stravinskiri gustatu eta Parisko “gustuaren arbitroak” bere kontra jarri zituen. Altzairuaren igarobideak gai sobietarrak zituen eta Parisko etorkinek “Kremlinaren propagandatzat” jo zuten.

Oso bakartuta bizi izan zen Parisen; Kouss­evitski zuzendariarekin, Balmont poetarekin eta Nabokov konpositorearekin ibiltzen zen. 1927an Kremlinak Sobietar Batasunean bira egitera gonbidatu zuen. Bere egunerokoan azaldu zuen San Petersburg berriz ikustearen hunkipena. 1932tik aurrera hasi zen bizitzen Moskun. Luxua izan zen bizitza berriaren adierazgarri: apartamentu handia, Parisetik inportaturiko altzariak, Mendebaldera joateko askatasuna. SESBeko Konpositoreen Batasunari ez zion jaramonik egiten edo mozkortuta azaltzen zen batzarretara. Eszentrikoaren rola onartzen zitzaion gulagaren garai gorenean.

Xostakovitxen Mtsensk distrituko Lady Macbeth lanari “formalista” izatea leporatu zioten 1936an Pravdan sinadurarik gabe agertutako artikulu batean. Horrek Prokofievi ere eragin zion eta ordutik aurrerako lanek sortutako tirabirak hiru multzo handitan banatu ditu Slavoj Zizekek. Sustrai modernista duten lanei herriaren aurkako formalismoa eta dekadentzia burgesa egotzi zizkioten. Horren ostean, politika esplizituz sortu zuen Urriko iraultzaren 20. urteurrenari Kantata Marxen, Leninen eta Stalinen testuekin. Exkertiar desbideratzea eta arrunkeria egotzi zioten. Azkenik, kanta herrikoiak egin zituen eta laua eta banakotasunik gabea zela esan zioten. Askoren ahotan kritikaren eta zentsuraren zurruntasunak egin zituen handi sortzaile sobietar zenbait. Planifikazioaren gizartean exigentzia maila bera torloju egileari eta kortxearen funtzionarioari.

Kontraesan estetikoen garai hartan bost bider jaso zuen Stalin saria. Figesen arabera hunkigarriena den Re majorreko sonatak ere sari gorena jaso zuen. Konpositoreak David Oistrakh bibolinistari esan zion lehen mugimenduak “hilerriko haizeak bezalako” soinua izan behar zuela. Oistrakhek berak Prokofieven hiletan jo zuen lan hura. 1953ko martxoaren 5ean hil zen, Stalin hil zen egun berean. Ez zen lorerik gelditzen eta pinu adarra jarri zuten konpositorearen hilkutxan. Egunak joan ziren bere heriotzaren berria zabaldu arte. Hiltzean ere bigarrena izan zen Prokofiev, alferrikaldua.

Militantzia eta zalantza dosi berean

Dmitri Xostakovitxek (1906-1975), besteak beste, hamabost sinfonia idatzi zituen, Alan Hovhaness armeniarraren eta Miaskovski sobietarraren ostean XX. mendeko konpositore sinfoniko emankorrena izan zen. Sinfonietarik asko gertakari politiko edota historikoen errepresentazioak dira. Esaterako Hirugarrena Maiatzaren lehena da, Zazpigarrena Leningrad (hiria Naziek setiatu zutenean jazotakoari buruz), Hamaikagarrena eta Hamabigarrena 1905 urtea eta 1917 urtea dira (Errusiako bi iraultzei buruz).

Irribarre gutxi egiten omen zuen. Hala baieztatzen du Julian Barnesek Nothing to Be Frightened Of memoria liburuan, kontatzen duenean Slonim eskultoreak Xostakovitxen soina landu zuenekoa. Antza, Artearen Sobietar Batzordeko buruari ez zitzaion eskultura gustatu: “Behar duguna Xostakovitx baikorra da”. Anekdota bilduma herrikoiaren arabera Xostakovitxek argazki bakarrean egin omen zuen irribarre, futbol partida ikustera joan zen batean.

Izaera gorabehera, bi irakurketa nagusitu dira Xostakovitxen konposaketen inguruan. Lehenak autoreak adierazitako bidetik egin ditu exegesiak, eta badu bere logika: konpositoreak ez zuen zuzenean inoiz zentsura salatu eta ez zuen herrialdea utzi nahi izan –batzuen aburuz sortzeko askatasunik ez egon arren–. Are gehiago, 1948 eta 1953 urteen artean idatzitako zazpi soinu bandetatik bostek jaso zuten Stalin saria.

Bigarren ikuspegia dutenek lehenengoei trufaz esango diete, uste dutela Xostakovitx SESBeko agintarien canichea zela, baina ezetz, ez dela hala, totalitarismoari aurka egin ziola. Ez dago Xostakovitx nork bere guduko soinulari bihurtu nahi ez duenik. Errebisionistek obsesioa izan dute izen esplizituenak dituzten lanak bestela irakurtzeko. Irudi luke, gizateriaren aldeko indar aurrerakoien baitan kokatutako artisten lan markatuenek ezin dutela esan sortzaileek adierazitakoa. Jasanezina litzateke nazioarteko langileriaren anaitasuna aldarrikatzea, adibidez. Horren alde egiten duen Hirugarren sinfonian ironiaren bat egon behar da nonbait ezkutuan. Distantziaren bat hartuko du egileak, ez da posible norbaitek serioski pentsatzea elkartasuna arma bat dela, are gutxiago aldarrikatzea, imajina ezina sinfonia bat konposatzea. Izan dadila Beethovenen 9. sinfoniako Pozari oda anaitasunari egindako monumentu bakarra. Salbuespena.

Hori dela eta, disidente ezkutuaren irudia haizatu da sarri Xostakovitxen inguruan. Oso kode sofistikatuaren bidez, artista bizi den sistemaren aurka ari da borrokan. “Hitzik gabeko disidentea” deitu zion Ian MacDonaldek: adierazpenik egin gabe, kausa baten aldeko lana kausa berdinaren aurkakoa izan daiteke. Eta hala, zenbait adituk susmoa hedatu dute Xostakovitxen obra osoan, autoreak bere lanei emandako deskribapenei oposiziozko alternatibak sortuz. Esaterako, Bosgarrenaren amaiera triunfalista ezin da garaipen gisa ulertu: estalinismoaren hutsalkeriaren trufatzea litzateke. Leningradek ez luke Naziek hiria bederatziehun egunez setiatu eta milioi bat lagun gosez hil zutenekoa azalduko, boltxebikeek Errusian boterea hartu zutenekoa baizik. 1905 urteak ez luke Errusiako iraultza azalduko baizik eta 1956ko Hungariakoa.

Prokofieven lanekin ere irakurketa paraleloak egin izan dira. Umoretsuenen artean Figesek Peru eta otsoari buruz dioena. Istorioa ez litzateke haurrei kontatutako istorioa, SESBeko terrorearen alegoria baizik. Antza, otsoaren ehizak herriaren etsaien aurkako borroka ere adierazi nahi baitzuen langileriaren aldeko gerran. Edozelan, bi irakurketa posibleen aurrean Zizekek sintesi hegeliarra proposatu du. Xostakovitx bizibide estalinistaren haragitzea litzateke: batetik publikoki sistema politikoa erabat babestu eta bestetik pribatuan boterearekiko distantzia adierazi. Aldi berean entzungai malenkonia pertsonala eta triunfalismo kolektiboa.

Zapaltzailea sinfonia batekin hil

Pavel Apostolov musikariak bizitza eman zuen Xostakovitxen atzetik. Bigarren Mundu Gerran koronela izandakoa, Batzorde Nagusiko musika ataleko kide garrantzitsua izatera iritsi zen. Xostakovitxek hari buruz zioen: “Zaldi zuriaren gainean dabil eta musika ezeztatu du”. 1948an Apostoloven batzordeak Xostakovitxen zenbait lan atzera bota zituen.

Handik hogei urtera, Xostakovitxen heriotzari buruzko 14. sinfoniaren estreinaldiaren aurretik Moskuko kontserbatorioan petit comité egindako emanaldi bat izan zen. Kontzertuaren aurretik autorea entzuleei zuzendu zen. Mark Lubotskik bere hitzak dakartza gogora: “Heriotza nardagarria da, ez dago beste ezer ondoren. Ez dut hilobiaren osteko bizitzan sinisten”. Ondoren bertaratutakoei ahalik eta isilen egotea eskatu zien kontzertua grabatuko zutelako. Lorca, Apollinaire, Küchelbecker eta Rilkeren poemekin osatutakoa da 14.a.

Lubotski konpositoreen erresidentziako administrari baten ondoan zegoen eserita; aulki batzuk harago gizon heldu bat zegoen. Sinfonia bosgarren mugimendu isilean zegoela morroia supituki zutitu zen, aulkia kolpe gogorrez jaso zuen eta ziztuan egin zuen alde gelatik. Administrariak belarrira Lubotskiri: “Ze doilorra! 1948an Xostakovitx suntsitu nahi izan zuen baina ez zuen lortu. Ez du amore eman, nahita egin du alde, grabaketa hondatzeko”. Apostolov zen noski. Bertaratutakoek ez zekitena: suntsitzailea suntsitua izan zela. Handik hilabetera bihotzekoak hil zuen. Lubotskik “heriotzaren sinfonia zorigaiztokoa” deitutakoak akabatu zuen Apostolov.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude