argia.eus
INPRIMATU
Ezberdina denaren aurrean
  • Juan Kruz Igerabide :: Txori Txoroa

    Alberdania

    95 orrialde.

    12.20€

Xabier Etxaniz Erle 2011ko azaroaren 15
“Ni jaio nintzenean” izena du liburu honetako lehen kapituluak eta bertan ikus daitekeen bezala lehen pertsonan narraturiko istorio baten aurrean gaude. Okil baten istorioa dugu Txori txoroa eta hasieratik ikusiko dugu okil hori berezia dela, ez dela bere familiakoak bezalakoa. Moko okerra du, eta erpe makalak. Ezberdina izateak familiaren arbuioa ekarriko dio eta okilek egin ohi dituzten kontuak egin beharrean (zuhaitzean zuloak, zuhaitz gora igo erpeetako indarra erabiliz, zuzen moztu egurrak…), gure okilak izugarrizko abilezia lortuko du hegan egiten eta egurrarekin forma arraroak, bitxiak, ezohikoak egingo ditu.

Igerabidek ezberdinak diren pertsonen inguruko ipuina idatzi digu: ezezagunaren aurrean, ezberdinaren aurrean nola jokatzen dugun, nola baztertzen dugun kontatzen du liburuak. Eta alde horretatik okil bati buruz ari bada ere, berehala ikusi ahal izango dugu animalien pertsonifikazioa. Guztiz nabarmena da jauregira iristean eta han esklaboak eta artistak aurkitzen ditugunean, animaliak poesia irakurtzen, kantuan, eskulturak egiten…

Liburu honek, baina, baditu bestelako merituak ere. Nabarmena, eta irakurtzen hasi aurretik ere ikus dezakeguna, Maite Gurrutxagaren lana, irudi ikusgarriak –nahiz eta zuri beltzean izan–, oso lortuak, istorioaren hariarekin eta tonuarekin bat datozenak eta liburua are erakargarriago, are ederrago bilakatzen dutenak. Baina horrez gain, idazkeran ere –argumentuaz eta istorioaren nondik norakoaz gain– poetikotasun handia dugu, liburu hasieratik bertatik ikus daitekeen bezala: “Txoraturik nengoen arrautza barruan, laster jaio behar nuelako. Entzuten nituen basoko hots zoragarriak, eta gogoz beterik nengoen arrautzatik irteteko. Batzuetan, haizeño batek kulunkatzen zuen arrautza, sehaska bat bezala, eta lokarturik geratzen nintzen, amets gozotan”.

Ipuina abenturazko testua dela esan genezake, izan ere Txori txoroak abentura asko bizi ditu bere izaera dela kausa. Eta bitartean gure okilak lagunak egin eta galdu egingo ditu, familia galdu eta bere familia sortu, mundua ezagutu… eta bizi. Istorio hau gizaki –edo txori– baten istorioa baitugu; gauza asko adieraziz eta beste asko iradokiz, irakurleak bere interpretazioa eraiki dezan.

Liburuaren egiturak (23 kapitulu labur) irakurketa hori errazten du, eta istorioari bizitasun handiagoa eman, abentura ugari eskainiz, besteak beste; ederki kontaturiko istorio hau, gustura eta bizi-bizi irakurtzen den istorio hau.