Tuliparbola (Liriodendron tulipifera).
Tuliparbola (Liriodendron tulipifera).

Pentzean belarra eta bi-belarra bezala, bi udaberri aurten. Hala nioen aurrekoan urriko loraldi xelebreak arrazoitu nahian. Eta udaberria sasoi kaxkarra dela jakinagatik, perretxikota jo nuen mendira lehengo astean. Zuhaitzek udazken-udazkena dela baitiote. Esnegorri edo niskalo batzuk, hurritz-perretxikoak, onddo bakanen bat eta urbeltz sorta ederra ekarri nuen. Basotik etxerako tartean, belaze batean galanperna tantai batzuk ere bildu nituen. Udaberriz urardotutako udazkenerako bildualdi polita!

Horretara irteten naizen gehienetan, batere perretxikorik gabe etortzen naiz etxera bueltan, baina paisaia jankada ederrarekin. Baso, txara, garomen, belardi... Perretxiko toki guztiak noiznahi dira gozamen, eta aro honetan zer esanik ez. Flipa egin nuen mendiaren jantziarekin. Goietako ortzadarrak, makurtu, poliki-poliki goxo-goxo etzan eta paisaiako landare guztien geografia jantzia zuen. Garai batean garbitegi aldameneko pentzean gobada zabaltzen zenekoa gogora ekarri dit. Arropak belar gainean zabalduta. Kolore guztiak zuhaixketan eta zuhaitzetan.

Urrutira begiratu eta gozatu ederra hartzeko unean, ezten batek sast! Sastatekoa nire eguneroko mendietako zuhaitz batzuen kolore demasak. Pinudien beltzuneak ez ikustera jarriak garenean kanpotik ekarritako beste bi zuhaitzek erretzen dute udazkeneko paisaia: norteko haritza edo haritz amerikanoa (Quercus rubra) eta idi-bihotz arbola edo tuliparbola (Liriodendron tulipifera). Gorri-gorri, eskarlata, lehena eta hori urrezko bestea. Intsinis pinua (Pinus radiata) bezala Ameriketako iparraldetik ekarriak biak.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Norteko haritza / Haritz amerikanoa
2011-11-27 | Jakoba Errekondo
Zur bera

Intsinis pinu beltza (Pinus radiata) bezala Ameriketatik ekarritako bi zuhaitzek nire udazkenaren paisaia erretzen dute. Akuiluak idiaren saihetsean bezala, sast! Sastatekoa begietan. Kolore deigarrienak, inondik ere, gustuko ez ditudan bi zuhaitz horienak. Ikaragarrizko zurak... [+]


Eguneraketa berriak daude