Ñabardura

ETAren komunikatua atera zeneko esperientzia pertsonala kontatzen hasteko berandu nabil beharbada, baina, Jose Luisek dioen eran, nik ere gaiaz hitz egiteko obligazioa sentitzen dut, zuen ildoari jarraitzeko besterik ez bada, eta ez zait hasteko beste modu bat bururatzen, eta itzultzeko ere puntu egokia iruditzen zait gainera, esango dut zergatik.

Aterakoomendu momentuan Beñatek aipatzen zuen indiferentzia gailendu zitzaidan, gaiak sortzen didan alferkeria neurekoia dela eta ziurrenik; berria baieztatu zenean ordea, pozten hasi nintzen logaritmikoki hazten zen intentsitatez, mendebaldean zailki lor daitekeen emozio kolektiboan murgilduz berriro ere, ETAri esker. Minutu gutxi behar izan nituen baina Jose Luisek aipaturiko isiltasun horretara iristeko, eta noski, triste jarri nintzen, eta bat-batean konparatu nuen ardo beltzak beste zentzu bat hartu zuen. Euskal Herritik kanpora, nik bezala egongelan irla egin zuen lagunari mezuak bidaliz, batere heroikoa ez zen egoera maniako depresibo batean sartu ginen pozetik tristurara, barretik malkoren batera ginderamatzana; beste lagun bat etxean sartu zenean eta irratia, telebista eta ordenagailua martxan, ardoa edanez eta lurrean eserita ikusi ninduenean esan zuen; “perturbador”. Eta kasik bota egin nuen etxetik gaiari jartzen zion arrazionaltasuna zela eta; Beñat, aipatzen zenuen sufrimendu borroka horretatik dezente urrun, Madrilgo pare bat etxetan behintzat, tristuraren nolabaiteko liberazioa ospatzen amaitu genuen. Arrazionalizatzen eta justifikatzen, kokatzen, neurtzen zail diren agenteetako bat desagertzen zen, eta kulpa, amorru, damu, beldur, oroitzapen... sorta bat libreago sentitu genituen.

Gero hauteskunde propagandak jarraitu du, Espainia mailan, Euskal Herri mailan, bozka asko espero duena sigla lausotu eta destino kolektiboari aldarrika, siglari distira atera nahiz inkestek gehiago kolpatu dituztenak. Zabarki ordezkatzen gaituzte partiduek, ezin du kolektiboari ari zaionak biografia bakoitzaren ñabarduraz aritu. Etorkizuna da itxaropenak eskatzen duena baina iragana da berez izendatzen dena, Amaiurrek izenean berean darama, Iñigo Urkullu foruen abolizioaz aritu zen, eta PSOEtik beren siglen bizitza-luzera zekarten (eta Alfonso Guerra eta Felipe Gonzalez Dos Hermanasen!). Eta zenbaitek seinalatu duen eran, segituan hasi ziren dagokigun gaiari dagokionean (zein da gaia berez?), relatoaz; zer kontatu nahi dute orain bat batean, eta hain atzera begira, etorkizungileek.

Agian pozik behar genuke narraziogileok, gutxitan iragartzen baita gainera datorkiguna hain argi, gutxitan da errazago konprometitua izatea apurtu beharreko narrazio ñabardura ukatzaileak hain garbi emango zaizkigunean baino; hauteskunde ondoren ikusiko dugu partidu bakoitzak zenbat botere izango duen, dagoeneko inkestek pista batzuk ematen dituzte, Espainia mailan, Euskal Herri mailan, bere narrazioa destino kolektibo bihurtzeko. Ea horrez gain praktikoak izaten asmatzen duten eta denon doluari, kontaketari, arnasa ematen zaion. Eta horregatik nioen hasieran itzultzearena, komunikatu ondorengo minutu horietara, zeinetan kontraesanez sentitu genuen, gerora laster hasi diren norabide bakarreko horien aurretik, bakoitzarena baino ez zen intimitate batean. Ukazioak eta ahanzturak ez du baretzen, orain mina, besterik ez denean, aurrez aurre begiratu behar genuke, bakoitza bere kontraesan eta zikoizkeriaz, orain, ondorio itzulezinik izango ez dutenean.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude