argia.eus
INPRIMATU
"Autoekoizpena lan handia da, baina pertsona eta talde bezala indartzen zaitu"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko azaroaren 16a

Bizitzan aurrera egiteko Karenka jarri beharra dago?

Bai. Ni oso idealista izan naiz eta luzaroan ametsak irudikatu ditut. Eta, burugogorra ere banaizenez, askotan norbaitekin edo zerbaitekin aurrez aurre topatzen duzu zeure burua. Ikasitakoek indartuta, sinisten duzunagatik borrokatzeak merezi du.

Oso melodikoa eta indartsua. Hala definitu dezakegu Xarma?

Bai. Gainera, hau Amaraunak [aurreko diskoa] baino indartsuagoa da. Horren bila joan gara. Barne haserrea askatzeko baliabide ezin hobea da Xarma.

IAren kanta egin eta Gerra Zibileko testuak ere musikatu dituzue. Aurrera begira zaudete, iragana presente duzuela.

Iragana eta etorkizunaren arteko muga da oraina. Bizi beharrekoa. Ezin iraganari ezta etorkizunari so egin gabe bizi. Iraganeko bizipenek orainaren pertzepzioa baldintzatzen digute, eta sentitu ditugunak etorkizunean aurrekari gisa erabiliko ditugu. Halere, egunean egunekoak bizi eta sentitzea da gure erronka.

Disko honetan punk-rock gitarreroak duen presentziak harritu nau.

Kantak barnetik ateratzen diren bezala adierazten ditu Xarmak. Barnetik ateratzen zaiguna egiten dugu. Egiten dugun musikak guk bizi izandako eraldaketa bera jasaten du.

Autoekoizpena zuen habitat naturala da?

Autoekoizpena lan handia den arren, oso aberatsa da, eta pertsona eta talde bezala indartzen zaitu. Gure printzipioetara gehiago hurbiltzen delako hautatu dugu.

Nolako esperientzia izan da Danbaka lehiaketan parte hartzea?

Oso ona. Ate asko ireki dizkigu. Jende oso jatorra ezagutzeko aukera eman digu. Eta Xarmaren ibilbidea aberastu du.

Zer ematen dizue musikak, luzaroan horretan aritzeko?

Banakako ekintzetatik ekintza sozialera pasatzen den jarduera da musika. Kantak bakardadean sortzen dituzu, eta gero lokalean taldekideekin konpartitu. Azkenik, ezezagunen aurrean plazaratu. Barne poz ikaragarria ematen du