"Luparekin begiratzen da euskarazko bertsioa"

  • Ezkio-Itsasoko itzultzaileak 25 urte daramatza ETBrako eta zinemarako ingelesetik –noizbehinka frantsesetik– euskarara itzultzen. Etxeko txikienak ohituta daude marrazkiak euskaraz ikustera, baina horri segida emateko ETB1ek nerabeentzako eskaintza duina falta duela uste du Idiakezek.

"Ez badiezu ematen marrazki bizidunei Betizuk zeukan moduko balio erantsirik, beste hizkuntzetakoak hautatu ditzakete umeek".

Marrazki bizidunak salbu, itzulitako kanpo-produkzio gutxi ikusten da ETBn, garai batekin alderatuta.

ETBrako itzulpengintzan, hiru etxe zeuden hasieran: Irusoin, K2000 eta Edertrack. Lana gutxitzen joan ahala, Irusoin eta Edertrack batuta Mixer sortu zuten eta K2000 ekoizpenean espezializatu zen. 40 bat itzultzaile izatetik 10 izatera pasa gara eta finkoak lauzpabost baino ez. Izan ere, kanpo-ekoizpena –atzerriko hizkuntzetatik itzulitako ikus-entzunezkoak– %90 murriztu da: duela hogei urte mila ordutik gora ziren urtean, 2005ean 500 ordura jaitsi zen eta aurten ez da 100era iristen. Ez zaie errentagarri aterako, nonbait. Eta eduki aldetik, puntako film, telesail eta dokumentalak eskaintzen ziren lehen, oso lan txukunak. Orain marrazkiak itzultzen dira batik bat, eta telesailak eta dokumentalak apenas. Garai batean, askoz ere apustu handiagoa egiten zen kalitate oneko kanpo-ekoizpena ekartzearen alde. Ez dakidana da ikusiko ote zen, hasieran nire belaunaldiko jendeari eta zaharragoei arraro egiten baitzitzaien: bakoitza norberaren euskalkira ohituta, euskara batuan deigarri egiten zitzaien. Adibidez, beltz bat euskaraz ikusteak harritzen zituen.

Telebistaren eragina hain handia izanda, erabilitako hizkuntzak ere eragingo du.

Bai, bereziki umeengan, entzundakoa errepikatzeko ohitura baitaukate eta dena geratzen zaie buruan, dena xurgatzen dute. Pelikulekin ez bezala –lotuago baikaude gidoiari– marrazkietan saiatzen gara hitz jokoak sartzen, hizkera aberatsa erabiltzen… askatasun handiagoa daukagulako. Esango nuke, askotan marrazkiak, japoniarrak-eta –guri ingelesez iristen zaizkigu–, hobetu egiten ditugula. Nik behintzat garrantzi handia ematen diot, umetan ikasten delako hizkuntza. Dena den, lehen, Betizu eta halakoekin mugimendu handia ematen zioten haurren programazioari, galak eta guzti egiten zituzten herriz herri, baina orain umeek sekulako eskaintza daukate kate guztietan, eta ez badiezu balio erantsirik ematen euskarazko marrazki bizidunei, beste kateetakoak hautatu ditzakete.

Hastapenetan zurrunagoa zen ETBko euskara, urteekin malgutu egin dituzue itzulpenak?

Bai, eskarmentuak erakutsi digu euskara erraza, ulerkorra eta hurbila dela gakoa. Ordukoa ere euskara zuzena zen, baina adierazkortasun aldetik gogorragoa. Bikoiztaileek beraiek ere, gure itzulpenei ahotsa jartzen dietenek, ikasi dute esperientziarekin.

Zein irizpide jarraitzen duzue?

Euskara batuan egiten dugu, nahiz eta inoiz sartzen dugun berezitasunen bat. Harry Potter-en filmetan, Iñaki Mendigurenek liburua itzuli zuenean, bizkaieraz hitz egiten jarri zuen pertsonaietako bat eta filmean ere hala mantendu dut, baina kasu puntualak dira. Gainera kalitate kontrol zorrotza daukagu, itzulpena, estiloa, egokitzapena… neurtzeko. Zuzentzailea ere badaukagu eta hari ere kontrola egiten diote ondoren, baita bikoiztaileari ere. Kuriosoa da guk perfektu idatzi behar dugula, luparekin begiratzen da euskarazko bertsioa, baina ingelesez laburduraz beteta idazten dute [jatorrizko idatzizkoa ere izaten dute lagungarri] eta gaztelaniazko itzulpenean nahi dutena egiten dute, akats handiak ikusita nago ni. Euskarazkoan zorrotzagoak dira, jendeak telebista euskaraz ez ikustearen arrazoia egongo balitz bezala itzulpenean, baina nire ustez arrazoia ohituran datza.

Bai, jende batek oraindik dio arrotz egiten zaiola euskaraz pelikula bat ikustea, baina marrazki bizidunekin ohituta gaude…

Umeek naturaltasunez ikusten dituzte marrazkiak. Areago, Shin Chan, Son Goku eta halakoak lehenengo euskaraz ikusi dituztenez, arraro egiten zaie gero erdarazkoa. Pelikula arrakastatsuak erdaraz ikusi ohi dituzte lehenago, horregatik bultzatu behar da marrazki bizidunez gain gainerako ekoizpenak ere euskaraz gehiago eta lehenago ematea. Haurrak txikitatik marrazkiak euskaraz naturaltasun guztiz ikusten hasten dira eta horrek segida balu, naturaltasunez hartuko lukete lekukoa egungo eta etorkizuneko belaunaldi gazteek, baina ez dago nerabeentzako telesailik-eta euskaraz, eta erdarara pasatzen dira. Apustu handiagoa egin behar du telebistak adin horiei kalitate oneko saio interesgarriak eskaintzeko.

Halaber, ez dezagun ahaztu, atzean aurreiritziak daude: badirudi euskara gauza zaila dela, ahalegina eskatuko balu bezala zerbait euskaraz ikusteak. Eta bestalde, zergatik ikusten da Euskal Telebista gehien Gipuzkoan? Euskara batutik gertuen dagoena gipuzkera delako, eta gu behartuta gaude euskara batuan egitera.

Zeintzuk dira itzulpenaren zailtasun nagusiak?

Egokitzapena, ingelesa hizkuntza labur-laburra delako euskararen aldean eta frantsesa ere laburragoa da. Mirariak egin behar ditugu koadratzeko, luze-laburrean dena sartzeko batetik eta joskera desberdina etenetan-eta sumatu ez dadin. Urteen poderioz ikasitako trikimailuak erabili behar. Erdaraz adibidez sekulako tranpak egiten dituzte, dena kabitzeko nahi adina hitz sartu eta gero bikoiztaileek ziztu bizian irakurri behar: ingelesez lasai-lasai diotena izugarrizko abiaduran esaten da gaztelaniaz, jatorrizko kutsua galduz.
Erregistro aldetik, gazteen slang edo jerga da zailena. Euskaraz ez dago beti baliokide finkaturik, herri bakoitzean gure esamoldeak ditugulako, edo “tío” eta halakoetara asko jotzen delako. Ari badira film guztian fuck gora eta fuck behera, giro hori islatu behar duzu, “ostia”, “kabroia”, “puta”, “ze kristo”… jarriz, ezin zara ibili “arraioa!” gisako epelkeriekin. Kasu horietarako zerrenda bat daukagu, baina oso murritza. Itzultzen dugun %99a ingelesetik itzulia da, gehiena amerikarra, laburduraz betea, kontrakzioz, siglaz, ikaragarri malgua eta etengabe aldatzen doana, hango erreferentzia eta aipamenekin. Erdarakadekin ere kontuz ibili behar da, gaztelanian adibidez ari da ingelesa sartzen. “I’m sure 100%” itzultzeko “Estoy seguro al 100%” diote, baina hori gaztelaniaz ez da behin ere esan, eta euskaraz ere “%100ean ziur nago” jartzeari buruzko eztabaida izan dugu, baina hemen “erabat, guztiz ziur”, halakoak erabili izan ditugu beti. Kontrol faseetan dauden pertsonek zein joera duten –itzulpenak jatorrizko bertsioari ahalik eta leialen lotzea ala euskara garbia lehenestea–, horren araberako bertsioak entzuten ditugu telebistan.

Zuen itzulpenei ahotsa jartzen dietenen interpretazioak asko alda dezake emaitza?

Guk euskara batuan idatzi arren, espero duguna da gero bikoiztaileak bere ahoskera eta adierazkortasuna ematea, aditza oso-osorik irakurri beharrean naturaltasunez leitzea, bere filtrotik pasa eta erregistroekin janztea eta aberastea… Bikoiztaileekin dagoen arazoa da lanik ez dagoenez oso gutxi direla eta sinesgarritasuna galtzen du ahots bera marrazki bizidunetan, iragarkietan, pelikuletan, telesailetan… entzuteak. Era berean, erregistro aukerak murriztu egiten dira, bakoitzak bere hizkera eta kutsua ematen diolako, bakoitzak gure ajeak ditugu, eta aniztasunik ez badago ez bikoizketan ezta itzultzaileon artean ere, emaitza eskasagoa da.

Bikoizketa ala azpitituluak?

Marrazki bizidunetan bikoizketaren alde egingo nuke. Filmen kasuan, euskal telebistan saiakerak egin ziren garai batean, nik neuk Manhattan azpititulatu nuen, baina gauza onak eta txarrak dituzte bi ereduek: bikoizketan berezko ahotsa, esamolde originala galtzen da, eta azpitituluetan, arreta banatu egin behar duzu irudiaren eta irakurketaren artean. Bide batez, ez da egia Espainiako Estatuan baino ez dela bikoizten: biztanle gehien dauzkaten herrialdeetan, Alemania, Britainia Handia, Italia, Frantzia eta Espainian, bikoiztu egiten da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itzulpengintza
Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Amaia Gabantxo
"Kultur biolentzia da euskal literatura gaztelaniazko bertsiotik itzultzea ingelesera"

Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik... [+]


Elhuyarren itzultzaile neuronalak ahotsa du orain

Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.


2023-10-13 | ARGIA
Urriaren 21ean egingo da Heptameronaren irakurketa Orbaizetan

Pandemiako 2020 itxialdian hasi ziren itzultzen Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptamerona liburua. 2021etik urtero irakurraldi bate ere egiten dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak antolatuta.


Eguneraketa berriak daude