argia.eus
INPRIMATU
"Takoiekin munduaren taupadei erritmoa jarriz gustatzen ez zaigunari aurre egiten diogu"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko azaroaren 10a

Ain_1 hainbatek egiten duzue eta oso irekia dirudi…

Ideia bat, melodia bat, hitz batzuk… dira beti osotasunaren jatorria eta oinarria. Horren bueltan osatzen dugu gainerako dena, eta esango genuke nahiko era irekian eta kreatiboan egiten dugula.

Musika kaxek ez al dute bada beti doinu berbera?

Disko honetako kanta askok izaera ziklikoa dute, lau-zortzi akorderen bueltan egindako kantaren bariazioak. Ziklikotasun horretan sortutako kantek gogoratu ziguten musika kaxaren ideia. Hala ere, musika kaxak ez du beti soinu berbera; saio bakoitza berezia da. Ikusleei ere parte hartzea eskatzen diegu, eta horrek musika kaxa zabaltze bakoitza bakar egiten du.

Kanta batzuetan, hain ohikoa ez den errezitatzea hautatu duzue…

Lehen saioa abesti batzuk jo eta poema batzuk errezitatzeko asmoarekin egin genuen. Ordutik beti saiatzen gara testu errezitatuak sartzen. Musika Kaxa da diskoko poema errezitatu bakarra, baina badira beste poema batzuk ere. Poesiak eskaintzen du gauzak zuzen eta hain argi ez esateko aukera, interpretatzera gonbidatuz.

Kaxa eta biolina. A ze bi instrumentu, eta zenbat bidaiarazten diguten…

Ain_1 izeneko bidaiaren taupadak eta olatu dantzaria dira bi hauek, hain zuzen.

Ederra da Gaban arnasa kanta, eta are eta goxoagoa euskalkian…

Sehaska, maitasun, izarapeko kantek ez dute soinu bera batuan egiten badira. Goxo-goxo belarrira xuxurlatzea beti da gozagarri, eta are gehiago norbere euskalkian.

Beldurra nabari zaizue erraietatik ateratako abestia da?

Azken aldiko gertaeren aurrean batzuk zein urduri dauden ikusita, hemen gaudela esatea nahi genuen. Horrek eskatzen zuen jarrera indartsuagoa, beharbada ilunagoa. Guk jarrera flamenkoa deitu diogu, guk ere badakigulako takoiekin munduaren taupadei erritmoa jartzen, bularraldea tente jarrita gustatzen ez zaigunari aurre egiten.