argia.eus
INPRIMATU
Irabazleak eta galtzaileak

Miren Amuriza @MirenAmuriza 2011ko azaroaren 09a

I
Politikari erretxinduek
bakeagatik bederen,
aro berrian ere ez ote
dute hartuko atseden?
Hor ari dira sailkatu nahian
alderdi bakoitza zer den,
baina “irabazle” eta “galtzaile”
izendatu baino lehen,
argi dezagun zer irabazi
eta zer gal daitekeen.

IV
Bukatu ez den gatazka bati
ekiten ari garenez,
gudu-zelaia ezin da bete
“galtzaile” ta “irabazlez”.
Etorkizuna jokoan dela
asmatzea ez da errez,
baina bide bat zabalik dago
ez itxi inork mesedez!
Horretan inork ez du galduko
nahiz denek irabazi ez.

II
Ondo jokatu ezkero gauza
asko irabazten dira:
izan daiteke lagun berri bat,
partxis edo mus partida,
izan daiteke apustu on bat,
karrera bat, futbol liga...
Nahiz ta jokotik jokora asko
aldatzen den perspektiba,
irabazteko itxaropena
jada garaipen erdi da.

V
Historikoki mugarri bat den
momentuan gaudelarik
guk ez genuke irabazi nahi
harro sentitzeagatik,
baina ez dugu galtzaile izan nahi
zigorrik merezi barik,
berdinketarik ere ez dugu
desio joko hortarik,
baizik guztiok abiatzea
baldintza berdinetatik.

III
Zer da ordea gal daitekena?
horra galdera gordina
PNV-k galtzear dauka
Bere jaungo hautsezina.
PSOE-ri ere pasatu zaio
bototan gauza berdina.
Edonorentzat izan liteke
galtzea gauza samina
txarrena ez balitz galdutakoa
berreskuratu ezina.

VI
Aurrean dugun paradoxari
nahi nioke errepara:
“derrotatuok” itxaropentsu
ta pozik gatoz plazara,
“Irabazleek” aldiz dutena
amorru eta ikara.
Izenak bazter utzita denok
irabazle izango gara
elkarbizitza antolatzeko
giro on bat lantzen bada.

   


Doinua:  Lurraren pean sar nindaiteke.


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.