Bakerako bidean oztopoak gainditzen

  • Garai berriak ari da bizitzen Ipar Irlandako bigarren hiria. Bake prozesuan murgildurik, komunitate nazionalista eta unionista inoiz baino gertuago daude. Kultura Hiriburuaren izendapena, Bloody Sundayren arazoaren konponbidea, Foyle ibaiaren gaineko
    Bakearen Zubiaren inaugurazioa, britainiar armadaren desagerpena eta biztanleriaren berezko baikortasuna aro berriaren seinale dira. Azaletik harago joanda, antzematen da konponbidea ez dela hain erraza eta bukaera ez dagoela hain hurbil. Zauriak sakonak
    dira eta edozein txinpartak ezkutuko mamuak esnatzeko arriskua du.

Bakearen Zubia ekainean ireki zuten eta eremu protestantea katolikoarekin lotzen du oinezkoentzat.
Bakearen Zubia ekainean ireki zuten eta eremu protestantea katolikoarekin lotzen du oinezkoentzat.Ander Leon

Hiriaren izena izaten da bisitariarentzat lehen arazoa. Derry esanez gero, nazionalista-errepublikazale-katolikoa zarela antzemango zaizu. Londonderry aipatuta, protestante-unionismoa ari zara aitortzen. Jatorrizko izena Derry izanik –Doire, gaelikoz–, James III.a erregeak Londonderry bezala birbatailatu zuen 1613an, bere migrazio masiboaren politikan (plantation) Londreseko biztanleek izan zuten parte-hartzea gogorarazteko. Nazionalista irlandarrek ez dute inoiz izen hori onartu eta Derry izateko borrokan ari dira. 1984an Udalak izena aldatzeko baimena lortu zuen, baina Udalarena, ez hiriarena. Beraz, gaurko egoera kafkianoan Derryko Udalak Londonderryko hiria gobernatzen du. Nahaste-borrastea handitzeko, Kultura Hiriburuaren izendapenean Derry-Londonderry izena azaltzen da, gure Vitoria-Gasteiz bezala.

Derry-Londonderry Erresuma Batuko hiriburu kulturala izango da 2013. urtean. Ikuspuntu guztietatik, bake prozesuari bultzada emateko ikusi da nominazioa. Izendapen honek sentimendu bikoitza sorrarazten dio Michael Cooperri. Cooper Sinn Feineko zinegotzia da Derryko Udalean eta Hiri Kulturalaren arduraduna. “Alde batetik Erresuma Batuko izendapena da, eta hori arbuiatzeko nahiko arrazoia bada, baina beste alde batetik hiriarentzat aukera asko zabalduko dira, publizitate ona eta turismoa erakarriko dituelako”. Behin hautagaitza sendotuta, irlandaratzeko asmotan dabiltza orain errepublikarrak: “Web orritik UK hizkiak kentzea lortu dugu, orain www.cityofculture2013.com da helbidea, nazioarteko erakusketak antolatu nahi ditugu britainiartasun kutsua kentzeko eta noski, gaelikoari bultzada handia eman nahi diogu 2013ko ospakizunak aprobetxatuz” dio Cooperrek.

Barrikada ikusezinaren bestaldean unionistak ditugu. William Stewart, Apprentice Boys elkarte orangistaren bozeramailea da. Horretaz gain, soldadu eta polizia gisa egin du lan. Kultura Hiriburuaren gainean ikuspegi positiboa du: “Guztion arrakasta izan da, bi komunitateek elkarrekin ospatu genuen. Orain hiria berreraikitzeko aukera dugu, nondik gatozen ahaztu gabe eta bi komunitate ezberdin garela azpimarratuz”.

Bi komunitate eta zubi bat

Hirian bi komunitate bizi direla ezin da ahaztu eta ez dago azpimarratu beharrik, segituan antzematen baita. Foyle ibaia da bien arteko “bake harresia”. Eskuinaldean protestanteak bizi dira eta ezkerraldean, hiriaren erdigunean, katolikoak. Errepublikazale hauen artean, XVII. mendeko harrizko harresiaren babesean, 300 bat lealista bizi dira, 6 metroko alanbrezko hesi batek inguratuta eta hormetan irakur daitekeenez, “asediopean”. Historikoki zubi bakarra egon da bi komunitateak lotzeko, Craigavon Bridge. 1984an, hiriaren kanpoaldean autobia bat pasa zedin, Foyle Bridge ireki zuten, automobilentzako erabilgarria baina ibaiaren bi aldeak modu errazean lotzeko balio ez duena. Aurtengo ekainean, Bakearen Zubia inauguratu dute. Hiriaren bihotzetik, Guildhalletik, Edbrigtoneko zonaldera doana, hau da, katolikoak protestanteekin lotzen dituena. Oinezkoentzat izanda, “bake itxaropenaren ikur fisiko” gisa ikusia izan da. Hori da behintzat Joe Doranek, BBCko kazetariak aipatzen duena: “Balio bikoitza du zubi berriak. Alde batetik ikur arkitektoniko ikaragarri polita da eta turismoa erakartzeko tresna izan daiteke. Beste alde batetik, bi komunitateak hurbiltzeko asmoz eginda, helburua beteko du ziuraski, eta Edbrigton elkartzeko gune bihurtuko da”. Errepublikazale beteranoek beste ikuspuntu bat dute: “Zubiaren ideia ona da, eta bakerako baliagarria, baina arazoa zubiaren bukaeran dago. Edbrigton armada britainiarraren koartela izan da orain dela gutxi arte, eta oroimen txarra utzi du hirian. Derryko hiritar asko izan dira bertan torturatuak eta hortik atera ziren 1972an Bloody Sundayko sarraskia egitera. Hor prestatu zen nire anaiaren hilketa” dio John Kellyk, egun hartan hildako Michael Kellyren anaiak eta Free derry museoko arduradunak. Dena den, inork gutxik ukatzen du zubi berriaren balio sinbolikoa eta dagoeneko turistentzako amua ez ezik, bake prozesuaren ikur ere bihurtu da.

Ehunka turista ikusten dira egunero Derryko kaleetan barrena. Hiriaren garai zaharrak, ez hain zaharrak eta berriak ezagutzeko asmotan. Hiriko alde zaharrean, harresiaren buelta, 1669ko setioaren historia, eraikin ikusgarriak eta eliza dotoreak bisitatzen dira. Bogside auzune katolikoan barneratuz gero, XX. mendeko 60, 70 eta 80ko hamarkadetako historia azaltzen da, “Arazoak” (Troubles) izenarekin ezagutzen den garaikoa: eskubide zibilen aldeko borroka, Free Derry Corner, Bloody Sunday, H blokeko presoen gose greba edo auzoko hormetan dauden margolan politikoak. Turismorako gidak IRAko preso ohiak izaten dira hiriaren alde honetan. Euskaldun ugari ikus daitezke Bogsiden. Kellyk laster antzematen ditu: “Egunero etortzen zaizkit museora eta laster dakit euskaldunak direla, janzkeragatik, ile mozketagatik… Oso nabarmena da interes politikoa dutela”.

Turismoaren kudeaketan arazo politikoak ere badaude. Free Derry Tours enpresan kexu dira “Derryk bakarrik ez du askorako ematen, gau asko ez dute hemen pasatzen turistek. Pakete batean saldu beharko litzateke ingurune naturalarekin, Donegalekin hain zuzen ere. Baina hori politikoki ezin da egin, Donegal Konderria Irlandako Errepublikako zatia da, eta gu ez, beraz ezin dugu kanpaina bateraturik egin. Ipar Irlandako Gobernuak ez du baimentzen. Gainera Belfasteko Gobernuak hiriburua eta Erraldoien Galtzada baino ez du promozionatzen, Derry, gehiengo katolikoa duenez, ahaztuta dago”.

Ahanzturaren kexa oso zabalduta dago, eta ez bakarrik nazionalisten artean. Belfasten itzala oso luzea da eta inbertsioak erakartzeko lehentasunak non dauden argi markatzen ditu Ipar Irlandako Gobernu autonomoak. “Orain behar duguna lanpostuak dira, kalitate oneko lanpostuak. Derryko talenturik onenek ihes egiten dute hiritik, hemen lanpostu onik ez dagoelako. Hori frenatu behar dugu. Unibertsitatearekin ari gara lanean eta Fort Georgen industriagune teknologikoa sortzeko asmotan gabiltza. Orain dirurik ez dagoela diote Belfasetik, krisialdian gaudela. Ez dira konturatzen gu beti egon garela krisialdian”, dio Sharon Meenan-ek, Derryko Udaleko prentsa arduradunak.

“Inoiz baino hobeto gaude, okerrago ezin zen-eta”

Bake prozesua martxan jarri zenetik, diru ugari heldu da Ipar Irlandara Europar Batasunetik, Peace egitasmoaren barruan. Ulsterreko Unibertsitatetik ebaluatzen da programa hori: “Ezinbestekotzat jotzen dugu Peace programaren jarraipena. Bakea ekonomia garapenarekin oso lotuta dago. Krisialdia asko zabalduko balitz konfliktoa berpizteko arriskua dago. Bake prozesua bera kolokan egongo litzateke”, diote.

Bake prozesuak bi adar ditu, politikoa eta soziala. Arlo politikoaren arrakastaren inguruan zalantza gutxi daude. Ostiral Santuko akordioak indarrean daude eta betetzen ari dira. Horren adibide DUP unionistak eta Sinn Fein nazionalistak duten koaliziozko gobernua, Ipar Irlandako autonomia kudeatzeko. Horrez gain, gehienak protestanteak diren Belfast hirian, Sinn Feineko alkatea dute. Derry “katolikoan” ordea, DUPeko Maurice Devenneyk zuzentzen du Udala. Itunak betetzen ari dira eta elkarlana aurrera doa. Alderdi nagusietako ordezkariak eta gizarte eragileak oso-oso baikor azaltzen dira: “Inoiz baino hobeto gaude –esan ohi dute–, okerrago ezin ginen egon-eta”. Denek bat egiten dute prozesuarekin, baina beste komunitatearen ikuspuntuaz galdetuta, gauzak okertzen hasten dira.

Gregory Campbell, Westmister-eko Parlamentuko kidea da East Londonderry eta DUP ordezkatuz. Iritzi kontrajarriak ditu: “Ian Pasley eta Martin McGuiness Stortmonten elkarrekin ikusi zituztenean dena eginda zegoela uste zutenak oker zeuden, hori hasiera baino ez zen. Guk bakean sinesten dugu, baina errepublikanoek ez. Beraiek, bakea erabili nahi dute urteetako terrorismoarekin lortu ezin izan zutena horrela eskuratzeko, Irlandarekiko batasuna alegia, baina hor egongo gara gu hori gerta ez dadin”. Sinn Feinen kontrako iritzia dute. Cooper zinegotziak oso garbi du: “DUPek ez du prozesuan sinesten, ez zuen entzun ere egin nahi. Erresuma Batuko Gobernuak behartu zuen parte hartzera. Politikoak behartu ahal dituzu, baina komunitatea ez, eta hor dago arazoa. Batzuen gogo faltan eta besteen kontrako jarreran”.

Komunitate arazoak ez daude bakarrik unionisten aldean. Auzo katolikoetan mesfidantza oso zabalduta dago. Esate baterako, biztanleen eta polizien arteko harremanak sendotu gabe daude. Joe Doran kazetariak oso grafikoki azaldu du: “Bogsiden edo Cregganen lapurreta bat gertatzen bada, bertako biktima ez da komisaldegira salatzera joango, errepublikazale ezagun baten etxera baino”. Sinn Feinetik polizia-etxera joateko animatzen dituzte, baina harremanak oso hotzak dira oraindik. “Krisia dela-eta gazte asko dugu kale kantoietan ezer egin gabe. Munduko edozein auzo langileetan bezala poliziarekin arazoak dituzte, lapurreta txikiak, droga kontuak… Baina horri gehitu behar diozu hemen dugun iragana eta mesfidantza gauza naturala da”, dio Sinn Feineko bozeramale Cooperrek.

Baina gaur egun, neska-mutil desokupatu eta aspertu hauekin dagoen arazo nagusiak ez dira poliziarekiko harremanak. Gazte hauek jomuga dira disidenteentzat. Frustratuta eta haserre daude, autoritateari aurre egiteko prest. Eta auzo katolikoetan, autoritatea Sinn Fein izaten da. Disidenteak dira bake prozesuaren mehatxu nagusia. 2010ean eta 2011n 180 lehergailuk baino gehiagok egin zuten eztanda Ipar Irlandan, haietako bat Derryko polizia-etxe nagusiaren aurkako auto-bonba, edota aurtengo ekainean Banco Santanderrek hiriko zentroan duen egoitza suntsitu zuena. “Disidenteak gutxi dira, baina ez dira asko behar min handia egiteko, Omaghen bezala”, diote DUPetik. Errepublikazaleen iritzia antzekoa da: “Gazteak eskura daude, langabezia, alkohola, krisialdia… Zarata egin ahal dute, baina badakite errepublikano gehienak beren aurka gaudela. Hauteskundeetan ez dute ordezkaritzarik lortzen, oso minoritarioak dira”. Doranen ustez, Ronan Kerr, 25 urteko polizia katolikoaren hilketa izan zen aldatzeko gakoa: “Aurtengo apirilean jendea kalera atera zen, hilketaren kontrako manifestazioetara, errepublikanoen erantzuna erabatekoa izan zen, egileak polizia aurrean salatzera deialdia eginez. Hor ikusi zuten inongo babesik ez zutela”.

Bake prozesuarekin bat ez datozen bi alderdi errepublikazale nagusiak ONH eta 32CSM dira, RIRA, Benetako IRAren ideiak konpartitzen dituztenak. Tommy McKearney IRA iraultzatik parlamentura liburuaren egilea da, eta prozesuarekin oso kritikoa: “Biolentziaren indarrean ez sinestea grabitatearen indarrean ez sinestea bezain absurdoa da” esan zuen bere liburuaren aurkezpenean. Horretaz gain ez da Legebiltzarrarekin fido: “Historian inongo iraultzarik ez da parlamentutik etorri. Horrelako erakundeak herria zapaltzeko erabiliak izan dira beti”. Beste disidente batzuek oso gogor jotzen dute Sinn Feinen aurka: “Ez dut Sinn Feinekin ezer hitz egin behar –dio RIRAko preso ohi batek–, beraien iritzia jakiteko hobe dut Londresekin zuzenean harremanetan jartzea hemengo morroiekin denbora galtzea baino”.

Sinn Feinetik, ordea, disidentzia ekiditen eta disidenteak erakartzen saiatzen dira. “Ulertzen dut nondik datozen, baina ez dakit nora joan nahi duten. Argi eta garbi esango diet. Gerra bukatu da. Etor zaitezte politika egitera. Ongi etorriak izango zarete”, dio Free Derry museoko John Kellyk.

Istiluak 2011ko abuztuaren 13an

Abuztuaren bigarren larunbatean Ipar Irlandako martxa orangista garrantzitsuena ospatzen da Derryn. 15.000 unionista inguruk hiriko harresietan eta erdigunean desfilatzen dute 1669ko hiriaren setioaren amaieraren urteurrena ospatzeko. Urtetan, katolikoek probokaziotzat hartu izan dute ekitaldia eta larritasun handiko istiluak izan ohi dira Derry hirian. Kultur elkarte errepublikarretatik gazteentzako txangoak antolatzen dituzte egun horretarako. Ur edo jolas parke batera, mendi buelta egitera… Gazteak kaleetatik kendu nahi dituzte istiluak saihesteko. Cooper zinegotzia disidentzia eragozteko lan aktiboan ibiltzen da: “Orain dela urte batzuk eserita nengoen lurrean martxa ekiditeko. Orain martxa ospatu ahal izateko istiluak oztopatzen saiatzen naiz”.

Hala ere, 2011ko abuztuaren 13an azken urteetako gatazka larrienak jazo ziren, hiriaren erdialdea eta Bogside auzoa kaos bihurtuz. Gau hartan bi komuniateen arteko “bake harresia”-ren inguruan harri, golf pilota eta koktel molotov jaurtiketak izan ziren. Bi bandoetako gazteek elkar ezagutzen dute, SMSak bidaltzen dizkiote elkarri erasoa egin baino lehen eta behin erasoa bukatuta. Elkarren ondoan bizi dira, baina ez elkarrekin.

Hezkuntza da gakoa

Hezkuntza izan daiteke bi komunitateen arteko hutsunean zubia jarriko duena, baina arlo horretan ere konponbideak urrun dirudi. Hiri osoan, 120.000 biztanle inguru izanda, eskola misto bakarra dago, Oaktree izena duena. Gainontzekoak eskola estatalak dira –unionisten seme-alabak eskolarizatuak daude– edo eskola pribatu katolikoak –errepublikanoen seme-alabak, askotan ere sexuaren arabera bereiztuta–. Hor dago etorkizuneko erronka. Haurrak elkarrekin heztean. Baina ez dirudi horretarako borondaterik dagoenik. Auzo ezberdinetan bizi direnez, eskola ezberdinetara joaten dira. Hala ere, saiakera batzuk egin dira. Eskola estataletatik Free Derry museoa bisitatzera joaten dira eskubide zibilen aldeko borroka eta Bloody Sundayko gertaerak ezagutzera. Eskola katolikoetatik Apprentice Boys museora hurbiltzen dira, 1669an protestanteek katolikoak nola garaitu zituzten ikasteko. “Ume katolikoak jatorrak dira”, dio museo honen arduradun eta polizia ohi den Stewartek, “irakasleak ere ezagutzen ditut, askotan atxilotu izan ditut-eta”.

Umorez hartzen dituzte bakerako urratsak. Bizikidetza normalizatura heltzeak zaila dirudi, baina zailagoa ematen du iraganeko egoerara bueltatzeak. Kultura Hiriburua pasako da, Bake Zubia zeharkatuko dute eta berezko baikortasuna nagusituko da. Helduko da eguna, hiriko arazo nagusia Derry edo Londonderry izenaren ofizialtasuna izango dena


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude