argia.eus
INPRIMATU
Borroka

Joxemari Ostolaza 2011ko azaroaren 08a

Armaturik gabeko biharamunetan nolakoa den elkarbizitza gure inguru hauetan, gai izarra izaten ari da hedabideetan orokorki, eta espainoletan bereziki. Gu geu zonbiak baikinen tratatzen gaituzte, gure egunerokotasunaren nolakoa esplikatzera iristen direlarik. Ez dut nik ezer diferenterik bizi, mugalde hauetan noiznahi urdinen kontrola ez bada berdeena izaten baitugu, biztanlego kotxedunek hego haizearen alde uso bandoa osatu balute bezala. Gazteei alto, gu bezalakoei paso. Egun goizean, astean bitan edo bisitan kafea hartuz etortzeko ohitura zuen Irungo zinegotzia heldu da bere kotxean. Ez du orain arte bezala txoferrik ekarri, ez du kanpoan zelatan gelditzen ziren bizkartzainen laguntzarik behar. Tabernako guztiak agurtu eta ohiko lagunekin aritu da kalakan, datozen hauteskundeetan hartu behar duten zaplaztekoa mintzagai. Irentsia du egoera berriak maila galtzera eraman dituela, nahiz berak, erretreta potoloan sartu denez, ez duen pairatu. Baina gogorra izan omen da gazteagoentzat, herri honi beren onena eman dioten horientzat, zuten aulkia galdu dutenentzat. Bilduren arrakastaren biktimak, langabeen zerrendak gizentzera egin dutenak. Hor ere, klaseak daude, denak ez dira Odon Elorza.