Antropologo batek ikasia Parisko polizien artean

  • Ez bakarrik polizia eta jendarmeak, Frantzian segurtasunik eza salatzen duten jendeak oro dabiltza asaldatuta: Didier Fassin soziologoak La force de l’ordre ikerketa liburuarekin erakutsi du gaizkileak harrapatzen berezitutako poliziak okerreko taktikekin tematzen direla, azkenean beraiek direlarik auzoetako istilu askoren eragile.

Irudia www.copwatchnord-idf.org gunetik hartuta dago: Parisko periferiako auzune batean kaleko arroparekin jantzitako lau polizia nortasun kontrola eta miaketa egiten ari zaizkie magrebiar itxurako gazteei. Gure unibertsitateetako inori utziko ez litzaiokena "“agian gure unibertsitateetako inor proposatzera ere ausartuko ez litzatekeena"“ lortu du Didier Fassin antropologoak: 15 hilabete pasa ditu karriketako krimenak pertsegitzen dituen polizia talde batekin, haien eguneroko lana ezagutu eta aztertzen. Azken urteetako polizia ereduen disekzioa egin du La force de l"™ordreren 400 orrialdetan. Ikasgai askotarako ematen ari da. Estatuari eskaini dizkionen artean, honakoa ekonomikoa: poliziak horrela erabiliz diru publikoak xahutzen dira, Estatuak sosak erabili behar lituzke benetan existitzen den kriminalitate txikia konpontzeko bestelako estrategia eta antolakizunetan.

La force de l’ordre liburuaz L’Express astekariko F. Prevelek idatzi du: “Kontuz, liburu honek lehergai nuklearra darama. 2005etik 2007ra Didier Fassin soziologoak lan egin du poliziako BAC Brigade Anti-Criminelle ekipo bati jarraituz, Parisko aldirietako auzune batean. Gure usteak ustel uzten dituzten ondorioak atera ditu. Ez, bada, auzune horietako segurtasun falta ez omen da hain larria. Ez, indar erakusketek ez ei dute hobetzen ordena pubikoa”.

Telebista publiko frantsesean urriaren 25eko gauean Ce soir (ou jamais) saio arrakastatsua ikusi zutenak izan ziren lekuko: Fassinen iritziak errespetu handiz hartuak dira.

Frédéric Taddeik aurkeztu zuen antropologo eta soziologoa, Princeton-en irakasle dena, La Force de l’ordre, une anthropologie de la police des quartiers liburuaren egilea. “Fassinek jakin nahi zuen nortzuk ziren BACeko poliziok. Bere ustez, bihurtu dira ‘politika segurtasunzalearen beso armatua’, agintearen komunikazio beharrak ‘fakturazio helburuak betez’ asetzen dituztenak. Poliziak salatzea baino gehiago liburuarekin erakutsi du zein egoera sozial eta politikok sortu duten ‘salbuespen egoera txiki hau’, erakutsiz injustice ordinaire deitzen zaion hori nora erabiltzen den auzoetan”.

Antropologo eta soziologoz gain mediku ere baden Fassinek bi dozena liburu argitaratuak ditu, horietako asko antropologia eta osasunari buruzkoak, baina baita osasun sistema eta politika lotzen dituztenak ere. Telebistako emankizunean aurrez aurre Alain Bauer kriminologoa eduki zuen, Frantziako ospetsuenetakoa, Sarkozyrekin eta aurretik Chevenementekin Barne ministroaren aholkulari izana segurtasun aferetan. Bauerrek berak xehetasun batean besterik ez zion azaldu ezadostasuna Fassini. Behar bada Fassin hizketan gizon gozo eta moderatua delako, baina funtsean, Bauerrek aitortu zuenez, La force de l’ordre oso ikerlan on baten emaitza delako.
Ce soir (ou jamais) programaren webgunean ikusgai dago egun hartakoa. Aldiz, paperean, Le Nouvel Observateur astekarian Elsa Vigoureuxek egin elkarrizketa plazaratu zuten irail erdialdean, lerroburu adierazkorrokin: Des policiers dans la “jungle urbaine”, euskaraz librean “Poliziak kaleetako oihanean” eman lezakeena. Dena mami.

Azken hamarkada hauetan, esplikatu du Didier Fassinek, auzoguneetako polizia joan da antolatzen Frantzian, eta honen barruan BAC famatua. Mundu osoan bezala hemen ere poliziak jo du jende ahulenetan zentratzera –zehazkiago Iparraldekoek esango dute ziblatzera eta Hegoaldekoek zebatzera–, lan egiteko metodo bereziak garatuko dituzte, paramilitar gisakoak, legalitatetik kanpo daudenak, sortuz salbuespen egoera txikiak han eta hemen. “Frantzian polizia nazionala ez dago herritarren zerbitzuan baizik eta Estatuarenean, nahiz eta honek neutraltasunaren bermatzaile beharko lukeen”.

Fassinek egin ikerketa munduko beste leku batzuetan ohikoa omen da, baina Frantzian orain arte ez. Hemen, Espainian? Antropologo bat gure arteko Guardia Zibil, Polizia Nazional eta Ertzainen artean patruilatzen –zer esanik ez komisarietan muturra sartzen– eta bukaeran liburu bat argitaratu eta telebistan luze-zabal azaltzen... ez dute ikusiko zure begiek.

“Putakumeok ez gaituzte maite”

Auzo gatazkatsuetara bidaltzen dituzten polizia gazteak herri txikietan haziak izan dira, ez dute hiri handietako barrioen ezagutzarik. Poliziaren eskolan ere oihan arriskutsutzat erakutsi dizkiete parajeok, jende basatiz beteak, ezin omen da haietan bereizi zein den jatorra eta zein delinkuentea.

Ondoren, graduak eta armak harturik, heldu dira infernura “lapurrak eta gaiztaginak harrapatzera”... baina lapurrak falta! Bazabiltza patruilan kriminal bandak harrapatu parafernalia osoarekin eta gau osoan ia inork ez du telefonatzen, ez da deus gertatzen.
Fassinek azaltzen duenez, estatistikek garbi diote kriminalitatea jaitsi egin dela; gaiztakeria txikiak dira usuenik gertatzen eta horien egileak gutxitan harrapatzen dira bitxiak edo sakelakoak eskuetan. Alabaina, ordenaren zaintzaileoi presa sartzen zaie goitik: Fassinek dioen bezala negozioekin alderatuz, “fakturatu beharra daukate”. Helburuak bete. Atxilotu, alegia.

Arrestatuen zerrenda luzatzeko poliziek jotzen dute eskueran daukatena harrapatzera, hots, paperik gabekoak, shiteux jendea (kalamu erretzaileak, porreroak), eta abar. Paperik gabe dabiltzan atzerritarrak arrestatzea erraza da, aski da haien itxurari erreparatzea, metroan, kale bazterretan, errepidean. Drogazaleak zakuratzeko, berriz, badakizu zer egin: periferiako auzuneetara joan, gazte edo susmagarriak gelditu eta haien jantzietan miatu.

Dudarik gabe poliziek nahiago lukete dealerrak harrapatzea, gamelu edo mandoak alegia, baina horiek narkotikoetako polizien negozioa dira. Eta paperak eskatu honi eta katxeo gogor samarra egin hari, giroa garraztuz doa kartieletan. “Putakumeok ez gaituzte askorik maite” esango dute zakurrak deitzen dietenaz.

Atxilotuetako gehienak gero epaileek karrikara bidaliko dituzte berriz. Poliziak ez daude pozik jujeekin: “Bigunegiak direla uste dute –dio Fassinek– nahiz eta egitateek alderantzizkoa erakutsi. Eta poliziek justizia beren eskuz egiteko joera dute. Gazteen gain nortasun kontrol ilegalak egiten dituzte, hauek umiliaraziz. Edo talde batean atxiloketa arbitrarioak burutuz. Haiek diotenez, ‘bizia izorratzeko’ –pourrir la vie– helburuarekin. Jendeok, ondorioz, zigor bikoitza nozituko dute, epaileena eta poliziena”.

La force de l’ordre liburuan, antza denez, antropologoak kontatzen ditu bere seme-alabei gertatutakoak ere, nola afrikar jatorriko lagunak jipoitu zituzten BACeko agenteek. Baina gertatzen da normalean populazioaren zati batek baizik ez duela bizi horrelako giroa inguruan, gainerakoek ez dute ikusten. “Errealitate hau ez ezagutzea bidegabekeriak ezkutatzea da”, dio Fa­ssinek.

Azkenean azken hamarkadotan ordenaren zaintzaileek eta politikoek gerraren iruditeria oso bat antolatu dute: etxe barruko etsaiak, zigor erasoak pertsona bakar baten ekintza kastigatzeko, teknologia militarraren erabilera liskarretan, eta abar.

Ordainetan, auzune askotako biztanleak biktima sentitzen dira. “Gazte bat hiltzen delarik poliziaren kotxe batek zanpatuta edo komisaria baten barruan, matxinada gogoa piztu daiteke. Horrela sortzen dira istiluak. Alde batetik batzuen gerrako iruditeria. Bestetik besteen matxinatzeko gogoa”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude