MU-TO da Laida Azkonak Bilbon aurkeztuko duen dantza eta bideo muntaiaren izena. Azaroaren 5ean, BAD, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdiaren XIII. edizioan izanen da. “Jaialdi honetarako aukeratzen dituzten proiektuen egileei, diru-laguntza emateaz gain, espazio bat eta laguntza teknikoa ere eskaintzen dizkiete. Horiek sormen lan bat egiteko baldintza onenak dira. Abuztu osoan Bilbon egon nintzen lanean eta orain azaroaren hasieran itzuli naiz erresidentzia teknikoa egitera, hau da, 5eko aurkezpenerako detaile guztiak prestatzera”.
“MU-TO proiektua oso interesgarria da. Nire sorkuntzan norabide aldaketa bat egin nahi nuen. Azken urte hauetan nahiko produkzio handiak egin ditut Hierbaroja kolektiboarekin eta orain gehiago sorkuntzari begira jarri nahi dut. Duela bi urte hasi zen eta prozesu honetan, orain dela urtebete, Verónica Eguaras sartu zen, bideo muntaian aritzen den artista”.
“Nik beti ikus-entzunezkoekin lan egin izan dut. Inspiratzen nauen zerbaitetik abiatzen naiz eta dauzkan posibilitate guztien bila aritzen naiz. Orain egiten ari naizen pieza honek badakar mahaiko lan asko. Nik uste dut hau dela nire pieza teorikoena. Memoriari buruzko gogoeta bat. Teorikoa da, baina ikusi dutenek ni naizena argi erakusten dudala esaten didate”.
“MU-TO, Mutar ideiatik dator. Oroitzapena, inpresioa eta ahanztura. Iragana orainalditik berregiten dugu, hor gelditu zaizkigun inpresioen bidez. Nik eszenatokian nire memoria fikzionatzen dut. Iragana bere osotasunean ezin denez gogoratu, historiaren zati batzuk nire nahiari fikzionatzen uzten diot. Memoria kolektibotik egiten dugu beti gure berreraikuntza. Horiek dira gure kanonak. Kontatuko ditut nire gauzak, baina baita historiako pertsonaia batzuenak ere nireak balira bezala”.
“Zenbait tokitan erakutsi izan da: Iruñean, Gasteizen, Bartzelonan, Madrilen, Brasilen… Orain estreinatu behar dudana, hala ere, guztiz berria da, gogoeta teoriko horretatik sortutako lan berria. Arraro egiten da hainbeste tokitan erakutsi ondoren estreinalditik hain hurbil egotea, baina hori da ideia: beti eraikitzen ari den zerbait izatea. Nire lanak ez ditut normalean ixten, baina orain azken fasean sartzen ari gara”.