argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak galdu

Edu Zelaieta Anta 2011ko azaroaren 06a

Primizia baten berri eman behar dizuet, lagunok: badakit nork galdu behar dituen azaroaren 20ko hauteskundeak. Ez nuke harroxko agertu nahi, baina badakit, halaber, nork ez dituen galdu behar. Jakin nahi duzue? Bada, etorri. Etorri hurrengo paragrafora.

Bigarren kontutik hasiko naiz, inporta ez bazaizue; izan ere, Espainiako tradizioaren zati handi bat azaltzen duten bi ardatzek ez dute inolako aldaketarik izango, hauteskundeak PPk edo PSOEk irabazi: gastu militarrak eta monarkiak. Bitxia da ikustea, krisialdia dela eta, zenbat sektore nola jartzen ari diren auzitan han eta hemen, gastu publiko alferrekoak aurrezte aldera; eta, monarkiaz eta gastu militarraz, berriz, tutik ere ez, aizu! Egundoko isiltasun mediatikoa, (etengabeko) zarataren jendartean! Adierazgarria, ezta?

Hauteskundeak, beraz, monarkia kendu eta gastu militarra murriztu nahi dituzten herritarrek galdu behar dituzte, ezinbestean. Bozkatu ala ez, Espainiako demokraziak ederki oroitaraziko du bere jatorria, bozak azaroaren 20an eginda.