Non kokatzen duzu zure burua politikoki?
Ni ezker abertzalean ibili naiz beti. Nahiz eta, batzuetan, prentsan buruzagi historiko bezala aurkeztu nauten, baina nik ez dut inoiz ezer zuzendu ezker abertzalean. Pertsona publikoa izan naiz parlamentaria izatea tokatu zitzaidalako, eta horrek eman zidan nolabaiteko sona. Hortik ezer zuzentzera aldea dago. Ezker abertzalekoa naiz, kritiko batzuetan, independentista baina independentea, hain zuzen ere nire espazioa behar dudalako. Hidrologoa naiz ikasketaz, horregatik edo, ura eta politika behar ditut, ur-bidea behar dut. Sortu alderdia legalizatu ondoren, prozesu eratzaile bat bideratu beharko da ezker abertzalean eta ni ere hor izango naiz.
Prozesu bide horretan, nola ikusten dituzu Amaiur koalizioa osatzen duten alderdiak?
Amaiur unean unerako sortua da, Espainiako Gorteetako hauteskundeen testuinguruan, lau sentsibilitate ezberdinek osatutako formazioa da. Horietako batek, ezker abertzaleak, ez du formazio politiko legezkorik. Hor dago Sorturen auzia, eta espero dugu laster batean legalizatua izatea. Lau formazio hauetako bakoitzak bere ibilbide propio dauka. Bihar edo etzi ez dakit zer izango den, gaur gaurkoz, Amaiur Madrilgo instituzioetan egin daitekeen lan politikoari begira egina da.
Artean, Bildu koalizioa osatu da. Honen abiaburua ezker abertzalearen eta EAren artean akordio estrategikoa dago, segidan akordioa Alternatibara zabaldu zen, Lortu arte ezkerretik eraiki dokumentu estrategikoaren harian. Momentuz, nik dakidanez, Aralarrekin ez dago akordio estrategikorik, koiunturala baizik, oraingoz behintzat. Bildu akordio estrategiko baten ondorioa da eta Amaiur une koiuntalaren ondorioa. Hortik aurrera, hurrengo hauteskundeetan, 2013ko autonomikoetan, ezker abertzaleko zein aukera aurkeztuko den? Geroak esango du.