argia.eus
INPRIMATU
Zurikineta
Jakoba Errekondo 2011ko urriaren 26a
'Dipsacus fullonum'
'Dipsacus fullonum'

Herbehereetako ontzi-jabeak XVII. mendean idi-bihotzen (Tulipa sp.) espekulazioan bizi ziren artean, Euskal Herrikoek bi eratako ontziak tresnatzen zituzten. Batetik han eta hemen erosi eta saldu, garraioan zebiltzanak. Arrantzarakoak, besteak.

Balea eta bakailaoa ziren garai hartan arrain desiratuenak, emankorrenak. Diruaren arrantza. Negozioa aldatu egiten da, baina, eta hegaluzea eta bere antza dutenak dira egun dirua egiten dutenak. Geure itsasoan arrantza horretan ari direnak banaka-banaka harrapatzen dituzte arrainak. Antigoaleko eran. Gaur egun beita edo karnata bizia erabiltzen da amuetan, baina garai bateko artea bestelakoa zen.

Arrain handi horiek ontzira igotzeko gaurko pita lodirik ez zen garaietan altzairuzko haria erabiltzen zen. Haren muturrean lotutako amuak zeraman trikimailua ez zen txori-kakaren hurrengoa, maisulana zen. Artaburua, Zea mays, zuritzerakoan kendutako zurikinarekin biltzen zen amua; gero izter gainean, txarrantxa gisara, Dipsacus fullonum, astakarduarekin igurtziz hariak ateratzen zitzaizkion zurikinari. Ondoren xingola berde bat lotzen zitzaion. Itsasoan baporea aurrera doan eran, txanbergan barrena heldutako harien muturreko amu hauek txipiroiaren antza dute, hegaluze eta hegalaburren gutizia.

Arrantzale maisu haien mahoizko galtzetan, izterrean, hariz jositako adabakiaren gaineko adabakiaren imajina ezaguna egingo zaio askori. Astakarduak mahoia ere saretzen baitu. Amuaren artista haiek gehienak diru pixka bat egin asmotan baserrietatik etorritakoak ziren. Artotan iaioak, baita zurikinetan ere. Etxean bezala ontziko lotako etzalekuetan zuten almadraka edo koltxoia zurikinez egindakoa izango zuten.

Urte sasoi honetan, hemendik aurrera bilduko diren artaburuetatik sortuko diren zurikinak badu, bai, baduenez, bere paisaia kulturala: artasoroak, sutondoko artazuriketa kontuak, koltxoia, amua, astakardua, mahoizko galtzetako izter pareko adabakia, hegaluzea eta soldata.

Baserri batean baino gehiagotan dago zurikineta izena duen bazterra. Izan ere, zurikina, kondar ustekoa, lehengai.