argia.eus
INPRIMATU
Metala, melodia eta gaztetasuna alde
  • KALTE::kalte

    autoekoizpena

    iraupena ::47´22´´

    prezioa ::10.00€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 30
Kalte taldea.
Kalte taldea.
Talde bizkaitar honetako kideak gazteak dira, baina Kaltek baditu dagoeneko urte batzuk eta hainbat diskoetxetan ibili ostean, honako hau, hirugarren lana, autoekoiztu egin dute, txukun gainera. Metala lantzen dute, melodia askorekin eta hardcore melodikoarekin flirteatzeko gai ere badira, tarteka Berri Txarrak-ek zabaldutako bideetatik barrena. Nire arreta deitu duen gauzetako bat da kantetako askotan bikote harremanei buruz idazten dutela, estilo horietan ez baita hain ohikoa; baina zergatik ez, barrutik ateratako istorio sinesgarriak kontatzea da garrantzitsuena! Aipatutako ildoak beraien oinarria badira ere, Latzen gogoratzen duten baladak ere badira, Aitor Uriarteren trazako ahots erregistro aberatsak, elektronikarekin jolasak, baita pasarte akustikoak ere. http://kalte-taldea.com/
"Bizitza aldapa konstantea da baina libre sentitzen bazara, gauza asko lor ditzakezu"

Zerk egiten dizue “kalte”?

Gauza askok, baina batez ere diskriminazioak eta hipokresiak.

Zer gertatzen da “larrosak beltzez janzten” direnean?

Azaldu nahi dugu dena zaila ipintzen denean, beti daukagula pertsona bat gure ondoan.

Hollywood. Zein da zuen helburua taldearekin?

Beti izan da berdina. Gure istorioak idatzi eta jendeari kontatu, diskoan zein kontzertuetan. Publikoak eduki dezala aukera entzuteko.

“Maite-mintzeak” kalte eta inspirazio asko eragin dizue? Harremanei buruzkoak dira kanta gehientsuenak…

Kanta bat idazterakoan, bizi dudan historia bat kontatzen dut. Denak biografikoak izaten dira. Eta maitasuna gai oso garrantzitsua da nire bizitzan.

Latzen, Sen eta Uneren eragina antzematen dut baladetan eta ahots melodietan.

Institutuan, lehenengo akordeak ikastean, influentzia izan dira talde horiek.

Zer eragin izango du zuengan Igor Su Ta Garreko baxu jotzaile berria izateak?

Berarentzat esperientzia oso berezia izango da, Euskal Herriko talde handienetariko batean egongo da-eta. Asko ikasiko dugu denok.

Autoekoizpenaren alde egin duzue eta lan dotorea burutu. Indartsu eta motibatuta al dago taldea?

Orain gure momentu goxoan gaude. Diskoa guk ekoiztu dugu eta horregatik, dena oso txukun eroan dugu. Konposaketa, produkzioa, soinua, irudimena, argazkiak, edizioa...

Badira xamurtasun bereziagoa duten abestiak, Segundu bat eta Malkoz bete dugu gela kasu. Erraz irteten dira?

Kalteren errepertorioan, kanta alaiagoak dira batzuk eta beste batzuk tristeagoak; abesti gogorrak dira aipatu dituzunak, eta zaila da horiek idaztea.

Gure izarra oso kanta konpletoa iruditu zait.

Melodia eta indarra, biak ditu. Bizitza aldapa konstantea da baina bakoitza bere buruan, bere barnean libre sentitzen bada, gauza asko lor ditzake.