argia.eus
INPRIMATU
Jonathan Exposito - Kalte
"Bizitza aldapa konstantea da baina libre sentitzen bazara, gauza asko lor ditzakezu"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 26a
Kalte taldeko kideak:  Jonathan Exposito eskuinetik lehengoa da.
Kalte taldeko kideak: Jonathan Exposito eskuinetik lehengoa da.

Zerk egiten dizue “kalte”?

Gauza askok, baina batez ere diskriminazioak eta hipokresiak.

Zer gertatzen da “larrosak beltzez janzten” direnean?

Azaldu nahi dugu dena zaila ipintzen denean, beti daukagula pertsona bat gure ondoan.

Hollywood. Zein da zuen helburua taldearekin?

Beti izan da berdina. Gure istorioak idatzi eta jendeari kontatu, diskoan zein kontzertuetan. Publikoak eduki dezala aukera entzuteko.

“Maite-mintzeak” kalte eta inspirazio asko eragin dizue? Harremanei buruzkoak dira kanta gehientsuenak…

Kanta bat idazterakoan, bizi dudan historia bat kontatzen dut. Denak biografikoak izaten dira. Eta maitasuna gai oso garrantzitsua da nire bizitzan.

Latzen, Sen eta Uneren eragina antzematen dut baladetan eta ahots melodietan.

Institutuan, lehenengo akordeak ikastean, influentzia izan dira talde horiek.

Zer eragin izango du zuengan Igor Su Ta Garreko baxu jotzaile berria izateak?

Berarentzat esperientzia oso berezia izango da, Euskal Herriko talde handienetariko batean egongo da-eta. Asko ikasiko dugu denok.

Autoekoizpenaren alde egin duzue eta lan dotorea burutu. Indartsu eta motibatuta al dago taldea?

Orain gure momentu goxoan gaude. Diskoa guk ekoiztu dugu eta horregatik, dena oso txukun eroan dugu. Konposaketa, produkzioa, soinua, irudimena, argazkiak, edizioa...

Badira xamurtasun bereziagoa duten abestiak, Segundu bat eta Malkoz bete dugu gela kasu. Erraz irteten dira?

Kalteren errepertorioan, kanta alaiagoak dira batzuk eta beste batzuk tristeagoak; abesti gogorrak dira aipatu dituzunak, eta zaila da horiek idaztea.

Gure izarra oso kanta konpletoa iruditu zait.

Melodia eta indarra, biak ditu. Bizitza aldapa konstantea da baina bakoitza bere buruan, bere barnean libre sentitzen bada, gauza asko lor ditzake.