argia.eus
INPRIMATU
Denboraren makina
FBIko buruak beleari ipurbeltz

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko urriaren 26a
Clyde Tolson (ezkerrean) eta John Edgar Hoover (eskuinean), urte luzez aritu ziren lanean, eta aisia ere partekatu zuten. Maitaleak zirela dio hainbat adituk.
Clyde Tolson (ezkerrean) eta John Edgar Hoover (eskuinean), urte luzez aritu ziren lanean, eta aisia ere partekatu zuten. Maitaleak zirela dio hainbat adituk.UCLA library

AEB, 40ko hamarkada. FBIren sortzaile eta zuzendari John Edgar Hoover (1895-1972) gay zelako zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Ustez, Clyde Tolson (1900-1975), FBIko zuzendariaren albokoa, zuzendariaren alboan egoten zen lana amaituta ere. Tolson eta Hoover maitaleak zirela, alegia.

Hooverren biografian, Richard Hackek dio FBIko buruak Dorothy Lamour aktorearekin harreman pertsonala izan zuela 30eko hamarkadaren bukaeran eta hurrengoaren hasieran. Eta 40ko hamarkadan ekitaldi publikoetan behin baino gehiagotan Lela Rogersekin batera agertu zen (Ginger Rogers aktore eta dantzariaren ama dibortziatuarekin). Hooverren inguruko askok harekin ezkonduko zela uste zuten, baina ez zen ez Lela Rogersekin ez beste inorekin ezkondu.

Aditu batzuek haren homosexualitateari buruzko zurrumurruak ukatzen dituzte, eta beste batzuek, aldiz, baieztatutzat jotzen. Hooverrek berak zioen Tolson bere alter egoa zela. Ia egunero harekin bazkaltzen eta afaltzen zuen, gauez elkarrekin joaten ziren klubetara, eta ia 40 urtez elkarrekin joan ziren oporretan. Hoover hil zenean, FBIko zuzendari kargua Tolsonek hartu zuen, egun bakar batez izan bazen ere: biharamunean, Nixon presidenteak L.P. Gray izendatu zuen FBIko buru. 551.000 dolarreko ondarea ere Tolsonentzat izan zen eta Hooverren etxera aldatu zen. Clyde Tolson 1975ean hil zen, eta Kongresuaren hilerrian ehortzi zuten, Hooverren hilobitik hurbil.

Roy Cohn fiskalak –gay eta komunisten ikerketan Hooverrekin aritutakoa– Hoover “bere sexualitateak izututa” bizi zela uste zuen, eta beldur horrek ez ziola harreman sexual egonkorrak izaten uzten. Bere homosexualitateari buruzko ezer iradokitzen zuen oro jazartzen eta mehatxatzen zuen FBIko zuzendariak. Baina horixe bera besteen aurka erabiltzeko izurik ez zuen. Esaterako, Adlai Stevenson gay zela zabaldu zuen, gobernadore liberalak presidente izateko 1952an abiatu zuen kanpaina kaltetu asmoz. Eta bere artxibo zabaletan Eleanor Roosevelten maitale lesbianei buruzko txostenak ere topatu dira. 1932 eta 1944 urteen artean AEBetako lehen dama izandakoari xantaia egiteko aukera eman zion horrek; beti ere, Clyde Tolson alboan zuela.