Kolonbia Handia zergatik ez?

AEBen independentzia aldarrikapena, 1776an. Hego Amerikako koloniak ere saiatu ziren batzen eta Kolonbia Handia delakoa sortzen, baina proiektuak ez zuen arrakastarik izan.
AEBen independentzia aldarrikapena, 1776an. Hego Amerikako koloniak ere saiatu ziren batzen eta Kolonbia Handia delakoa sortzen, baina proiektuak ez zuen arrakastarik izan. John Trunbull

Cúcuta (egungo Kolonbia), 1821eko urriaren 3a. Goizeko 11etan, Simon Bolibar elizako bilera aretoan sartu zen. Kongresuko presidentearen alboan jarri zen, eta Kolonbia Handiko Errepublikako presidente karguaren zina egin zuen. Kolonbia Handiak egungo Kolonbia, Venezuela, Ekuador eta Panama batzen zituen, baita beste herrialde batzuetako hainbat lurralde ere, baina Hego Amerika osoa biltzea zuen helburu. Mende erdi lehenago Ipar Amerikako kolonia gehienek arrakastaz batzea lortu zuten, baina Kolonbia Handiak hamar urte soilik iraun zuen, eta batasun juridikoak ez zuen praktikan aurrera egin. Zergatik ez?

Benedict Anderson historialariaren arabera, komunikazioa funtsezko elementua izan zen. Hego Amerikako gune administratiboak oso zabalak ziren, elkarren arteko loturarik ez zen ia, eta teknologia eta garapen ekonomiko maila oso desberdinak zituzten. Egoera horrek tokian tokiko identitateak indartu zituen, eta identitate komuna oztopatu. Aldiz, Ipar Amerikako hamahiru kolonia ingelesek batera Argentinak baino azalera txikiagoa zuten. Merkatu gune nagusiak (Boston, New York eta Philadelphia) hurbil zeuden, eta inprentak eta merkataritzak are gehiago hurbiltzen zituzten. Dena den, porrotak ere izan ziren iparrean, Kanada anglofonoa ez baitzuten txertatu eta Texas independente izan baitzen hamar urtez (1835-1846).

John H. Elliott historialariak, berriz, tirabira sozialen garrantzia nabarmentzen du. Haren esnetan, Hego Amerikan gizarte gatazkak larriagoak izan ziren, espainiarrek ezarritako arraza hierarkia ingeles kolonietako hierarkia baino askoz konplexuagoa zelako. Ipar Amerikan gizartea bitan zatituta zegoen: zuriak eta beltzak.

Horrez gain, britainiar kolonia bakoitzak bere ordezkaritza batzordea izan zuen, eta Amerika espainiarrean horrelakorik ez zen izan. Horregatik, Hego Amerikako eliteek ez zuten gobernuan inolako esperientzia biltzeko aukerarik izan. Inperioko botere zentralaren eta lokalaren artean ez zegoen bitarteko administratiborik. Horrek agintari lokalei eta beren aldarrikapenei egin zien mesede, aldarrikapen orokorragoen kaltetan. Hego Amerika Batuaren kaltetan.


ASTEKARIA
2011ko urriaren 23a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude