Benetako demokrazian sinesten dutenek, hemendik aurrera, ez daukate inolako aitzakiarik euren legedia betetzen hasteko. Inflexio puntua izan da Aietekoa. Nazioarteko eragileak eta eurek sortuko duten jarraipen batzordea dira, atzera bueltarik gabeko prozesuan, eman beharreko urratsak bermatuko dituztenak. Mundu osoko hedabideak izan dira eta mundu mailako oihartzun mediatikoa izan du konferentziak; bereziki azpimarratzekoa, Frantziako hedabideetan izan duen oihartzuna.
Alde biei igorri die mandatua nazioarteko bake konferentziak: ETAri ekintzak behin betiko amai ditzala eta Frantziari eta Espainiari pausoak eman ditzatela. Bake justua lortzeko balioko duen prozesu integralari ipini zaio lehen harria. Ziklo politiko berrian, ezinbestean, gutariko bakoitzak birkokatu beharko du; alde batean zein bestean.
Euskal Herriko eragile gehienen babesa lortu da. Ipar Euskal Herriko politikariak ez dute kanpo geratu nahi izan, bake prozesuaren konponbidearen eszenifikazioan. Frantziatik ere keinu nabarmena egin da, barne ministro ohiaren presentziarekin, konferentzian inplikazioa adieraziz.
Baina badira aurrean daukaten agertoki berria ikusi nahi ez dutenak ere. PPri eta UPyDri ez zaie nahikoa Lokarrik jarri dien itsumutila. Oraindik hurbil dauden bake prozesuak txalotu zituztenei, metodo bera ez zaie baliagarri euren larruan. Borroka armatuari kontra egiteko, legez kanpoko tresnak erabili dituztenek, boikota erabili dute. Protagonista aktibo izateko aukera baztertu eta protagonista erreaktibo papera hartu dute. Bake prozesuaren porrota hartu dute helburu hainbestetan bakeaz jardun dutenek.
Patxi Lopez lehendakariak eta bere gobernuak horretarako ere klaserik ez dute erakutsi. Ez aktibo eta ez erreaktibo: pasibo. Gauzak ondo irtenda ere, eurak kontra ez zeudela garbi gera dadin. Bakea lortuta ere, posizio onean. Lehendakari batengandik zerbait gehiago espero nuen. Eskerrak alderdi sozialistatik Egigurenek maila erakutsi duen; txalotzekoa hori ere. Bakoitzari berea.