argia.eus
INPRIMATU
Hiruko txikan
Ohiko ostatura

Joxemari Ostolaza 2011ko urriaren 19a

Abiatu naiz gaur ere. Usaian bezala, tabernariak hiru erdal egunkari zituen gu bezalakoen erakargarri. Informazio orokorreko biak libre zeuden, kiroletakoa, barka Real Madril futbolekoa esan nahi nuen, okupatuta. Libre zeudenetik bat hartu dut, eta, Sarriren argazki izoztua zekarren kultura sailaren buru. Ez zuen ezer berezirik emateko, eta zekarrenak agentziako berrien itxura zuen. Mostradorearen beste puntan beste egunkariaz bi gure moduko adinduak ari ziren kalakan. Bazirudien batek zerbait bazekiela, Aznarren garaian Espainiak ere saritua zuela delako iurretar hori, eta orduan sosak ere eman zizkiotela arazorik gabe. Besteak ez zion onartzen, gezurtzat jotzen zuen. Ezin litekeela PPko agintepean holakorik gertatu, sozialistak bere tranpak ezkutatzeko erabilitako jukutriak zirela horiek. Elkarri mokoka ari ziren ez zekitenaz. Eta garai batean ETAkoekin gertatzen zen bezalaxe, auskalotzen jarraitu zuten batek hortaz omen zekien bere ezagun bati deitu zion arte. Egia berdaderoa. PSOE gogorragoa zen ETAko terroristekin PP baino. Espainia defendatzen bortitzagoa. Holako eragina du euskal literaturak erdal mundu horretan. Orain behintzat badakite badagoela. Aurreratzen goaz.