Bakearen xenda bihurria urratzeko ordua

  • Donostiako Bakearen Etxean nazioarteko sei pertsona esanguratsuk egindako adierazpenak ez du inor hotz utziko. Mugarri garrantzitsua da Euskal Herrian bizi izan den gatazka konpontzeko bidean. Hemen duzue Aieteko Jauregian bizi izandakoaren zazpi orduko kronika.

Ezkerretik eskuinera: Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell. Irlandako lehen ministro ohiak irakurri zituen konferentziaren ondorioak.
Ezkerretik eskuinera: Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell. Irlandako lehen ministro ohiak irakurri zituen konferentziaren ondorioak.Dani Blanco

Pierre Ducassek duela mende eta laurden plantatu zituen Aieteko sekuoiak eta landaretxoak. Lorategi paisajista egin nahi zuen, inguruaren plagioa, natura bortxatu gabe. Lorategi mota horrek arrakasta izan zuen Frantziako iraultzaren garaian, orden absolutistatik eta lorategi simetrikoetatik askatzeko modua baitzen. 2011ko urriaren 17ko Donostiako Adierazpenak Ducasseren lorategiaren espirituari heldu diola irudi luke: bortxarik gabeko garai baten aurrean gaudela  nabarmena da. Aieten, nazioarteko lider ezagunek deia egin zien Euskal Herrian bizi dugun gatazka iraunarazten duten aktoreei, absolutismoaren parterreak betiko utzi, eta bakea eta elkarrizketaren xenda bihurritxua urratzeko.

Urriaren 11n aurkeztu zuten Euskal Herrian gatazkaren konponketa sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (HNT) kidea eta Jona­than Powell Tony Blair-en kabineteko burua. Powell oso engaiaturik ibili zen 2007ko Genevako negoziazioetan, baina isilean mantendu da geroztik, urriaren 11 arte: “Heldu da momentua Europako azken gatazka armatua konpontzeko” adierazi zuen ekitaldian. Powellen hitzek eta Tony Blair-en balizko presentziak alarma guztiak piztu zituen eta konferentziari tamaina hartzeko balio izan zuen. Alderdi abertzaleek, sindikatuek eta gainerako eragileek segituan baieztatu zuten Aieten izango zirela.

Aldiz, Espainiako Gobernuak, PSOEk eta PPk konferentziaren aurrean hartutako jarrera gogorrak ez zuen esperantzarako tarte askorik uzten. Ramón Jáuregui ministroaren esanetan Espainiako Gobernuak ez zuen konferentziarekin “inolako loturarik”. Patxi Lopez lehendakariak ere ez zela Bakearen Etxean izango adierazi zuen, AEBetara egin beharreko bidaia bat medio. Hala, El País egunkariak hizki larriz jarri zuen konferentzia “porrotera kondenaturik” zegoela. Gainera, urriaren 12ko “festa nazionala” aprobetxatuz edo, mespretxuz hartu zuten Espainiako komunikabideek asteleheneko ekitaldia, eta apenas eman zioten lerrorik.

Baina ostegunean, urriaren 13an, berriz ere egin zuen salto albisteak hedabideetara: PSEk ordezkaritza bat bidaliko zuela azaldu zuen. Sozialisten ziabogak berriz ere ikustarazi zuen Aieteko konferentzia su geldoan egositako heltzekoa zela. Nolanahi ere, hortik bi egunetara Paul Riosek eta Silvia Casalek (HNT) jakinarazi zuten nazioarteko zein politikari izango ziren urriaren 17an Donostian: Kofi Annan NBEko idazkari ohia, Bertie Ahern Irlandako Errepublikako lehen ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko lehendakaria, Gro Harlem Brudtland Norvegiako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako barne ministro ohia eta Jonathan Powell bera. Tony Blair bertan izatekoa zen, baina agenda kontuak medio, azkenean Powellek ordezkatuko zuela azaldu zuten antolatzaileek.

Ikusmina Aieten

Urriaren 17an, eguerdiko 13:00etarako nazioarteko liderren auto ofizialak Aieteko lorategiaren ateetan zeuden jada. Banaka pasarazi zituzten antolatzaileek, protokolo zorrotza mantenduz. Hasiera batean Patxi Lopez lehendakariarentzat zegoen gordeta anfitrioi lana, baina hura ez zegoenez,  Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin zieten ongietorria gonbidatuei. Jauregiaren atarian sekulako ikusmina. 200 kazetari baino gehiago zeuden izena emanda eta 50 kamera inguru izango zirela zioten zigarro arteko berriketaldiek. Argazkilariak txandaka pasarazi zituzten jauregi barrura, ezin kabiturik, eta urduritasun handia zegoen, historikoa sumatzen zen egunean.

Espekulazio handia zegoen konferentziatik irtengo zenaz. Testuinguruak ere hartara laguntzen zuen. Konferentziak ETAri armak uzteko deia egingo ziola oso zabalduta zegoen jada. EAJko Andoni Ortuzar izan zen lehenengoetakoa ildo hori jorratzen: “Konferentziaren ondoren ETAk zerbait biribila esan beharko du”, iragarri zuen egun batzuk lehenago. Bestalde, aste horretan bertan ezker abertzaleak batzar nazionala egin zuen eta herri ugaritan herri-batzarrak antolatu zituen Zutik Euskal Herria zehazten izenarekin. Gatazkaren alde batekoek eta bestekoek hartutako konpromisoez ere aritu ziren bilera horietan eta konferentzian “bost puntu” adieraziko zirela garbi zegoen. Konferentziaren egunean, The Guardian egunkariak artikulua plazaratu zuen esanez ETAk “aste honetan bertan” adieraziko zuela bere amaiera. Baina, zikulu-saltsa horren erdian, konferentziaren ondorioak eta azken adierazpenaren zirriborroa giltzapean gordeta zuten antolatzaileek.  

Behin kazetariak inguruko tabernetara barreiatuta, jauregiaren barruan, albo bateko areto “blindatuan” –lehio-ateak itxita–, konferentziari ekin zioten. Mahai nagusian nazioarteko sei lagunak, eta haren aurrean eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariak. Hiru minutu eskas zituen bakoitzak bere hitzalditxorako; argumentuak, ideiak eta ikuspegiak azaltzeko. Kasu honetan ere protokoloa oso zorrotz mantendu zen: “Agian, Jesus Egiguren izan da hitz egiteko denbora muga igaro duen bakarra”, zioen barruan izandako ordezkari batek, ekitaldiaren amaieran. Antza denez, Egigurenek PSOEren diskurtso ofiziala jarraitu zuen, baina “garaituen eta garaileen” tesiari ñabardura egin zion: “Demokrazia da irabazlea eta biolentzia galtzailea”, esan omen zuen PSEko lehendakariak.

Lorategiko xendak

Arratsaldez, taberna eta jatetxeetako mahaiak hustu ahala, betetzen joan zen berriz ere Ducasseren unibertso naturala. Kafe ondoko lasaitasuna nagusi, eguzkiaren izpiak epel, itsas haizea leun. Denen komentario faboritoa: “Eguraldia ere lagun!”. Arratsaldeko 16:00ak inguruan baina, armoniak paso eman zion nolabaiteko nahasmenari. Zenbait argazkilari korrika abitu ziren sarrera ingurura. Covite biktimen elkarteak jadanik jakinarazita zuen Bakearen Etxera gerturatuko zela Inpunitateari ez izeneko bere dekalogoa aurkeztera. Ruben Múgica Fernando Múgica Herzog-en semeak honela adierazi zuen: “Aieteko Jauregian Espainiako demokraziaren kontra Trantsiziotik gertatu den erasorik bortitzena burutzen ari da”.  

Arratsaldeko bostak eman aurretik jauregiaren atzealdea lepo zegoen kazetariz. Itzultzeko gailuak eskuz esku, smartphoneak dantzan eta objetiboak enkoadre onenaren bila. Zurrumurrua: konferentzia atzeratzen ari zen eta ondorioak 17:30ean leituko zituztela. Kanpoan zeuden antolatzaileek ez zekiten ezer, “agian zertxobait” atzeratuko zela, besterik ez. Bostak pasatxo eta jauregiko atearen leihoan hainbat aurpegi daude, gortinak mugitzen dira. Badatoz. Garitano da lehena, eta haren atzetik Izagirre eta gainerako ordezkariak. Nazioarteko sei liderrek pauso lasaian jaitsi dituzte eskailerak, argazkilariei so. Bertie Ahernek hartu du hitza: “Euskal Herrira etorri gara gaur Europako azken konfrontazio armatua behin betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako”, eta segitu du hitz egiten fede onaz, ausardiaz, estatu-buru senaz, elkarrizketaz eta bake iraunkorraz. Amaieran, adierazpenaren bost puntuak irakurri ditu (ikusi ondoko koadroan). Funtsean, ETAri eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diete, bakearen eta elkarrizketaren xenda har dezatela, xenda bihurria, baina zentzuzkoena, bortxarik gabea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aieteko Adierazpena
2021-10-18 | ARGIA
Ezker independentista, ETAren biktimei: “Gure egiten dugu mina, ez zen inoiz gertatu behar”

Adierazpena egin du euskal ezker independentistak, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren indarkeriaren amaieraren 10. urteurrena dela-eta. Arkaitz Rodriguezek eta Arnaldo Otegik irakurri dituzte hausnarketak. ETAren indarkeriak eragindako biktimei aipamen berezia egin diete, eta... [+]


2021-10-15 | Euskal Irratiak
Aitziber Blanco
"Aieteko Konferentzia 15 egun lehenago prestatzen hasi ginen"

Urriaren 17an hamar urte bete dira, Aieteko bake konferentzia egin zenetik. Urteurrenaren harira nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte, ostegunean Donostiako Aieteko jauregian hasi eta larunbatean Baionako Henri Grenet aretoan amaituko dira. Giza eskubide eta bake... [+]


Nazioarteko jardunaldiak
Aieteko Adierazpenetik 10 urtera, zer ikasi dugu eta zein erronka daude bakerako bidean?

Urriaren 17an beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zela Aieteko jauregian, Donostian. Urteurren horren kari, nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte hainbat eragilek, "bakeak Euskal Herrian eta mundu zabalean dituen erronkei... [+]


2017-10-18 | Miren Osa Galdona
ETAren beste urrats batek lukeen garrantzia nabarmendu du Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorrak ekitaldia antolatu zuen asteartean, urriaren 17an, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren seigarren urteurrena dela eta. Bake prozesuan emandako aurrerapausoak eta etorkizunean landu beharreko erronkak finkatu zituzten. ETAren urrats batek lukeen garrantzia... [+]


Eguneraketa berriak daude