Hil nazazu algaraka

  • “Zure baimenarekin, etxera noa, bihotzekoa izatera”, dio John Travoltak Pulp Fiction komedia beltzean. Sarkasmo iluna maite duen generoak ibilbide oparoa egin du pantaila handian eta azken emaitza etxean bertan dugu: Telmo Esnalek zuzendutako Urte berri on, amona!
     

"Gidoia idazterakoan pentsatzen genuen, 'pasatzen ari ote gara?', baina gero egunkaria irakurri eta ezetz konturatzen ginen", dio Telmo Esnalek Urte berri on, amona! filmaz (irudian, Josean Bengoetxea aktorea pelikulako eszena batean).

Kataklismo nuklear baten atarian, goi-mailako agintariak bildu egin dira, nola jokatu erabakitzeko. Gutxienez 100 urtez lurrazpiko pasabideetan bizitzea eta ugaltzeko gizon bakoitzak hamar emakume gazte izatea proposatuko du Strangelove doktoreak, eta aretoko gainerako gizonezkoei ideia ona irudituko zaie. Adibide zaharragoak aurki baditzakegu ere, Stanley Kubrickek zuzendutako eta Peter Sellers komikoak antzezturiko Dr. Strangelove or: How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb filma (1964) hartzen da komedia beltzaren aurrekaritzat.

Ezbeharrei eta bereziki heriotzari lotuta ageri da ia beti generoa. Kutsu britainiarraren adibide, Monty Python lotsagabeen eszena solteak (The Holy Grail, Life of Brian), Guy Ritchieren Snatch edota remake estatubatuarra eragin zuen Death at a funeral filma, hiletan okerreko hildakoa, maitale nanoa eta drogak nahasten dituena. Delicatessen frantsesak haragi-gose diren bizilagunen istorioa ekarri zigun eta C’est arrivé près de chez vous belgikarrak, serial-killer-ei buruzko pelikulen parodia zinikoa. Baina asiar zineman bilatu ohi ditugu proposamen harrigarrienak, manga eta bideojoko estiloan bortizkeria, odola, terrorea eta umorea korapilatzen dituen Battle Royale japoniarra kasu. Sotilago eta ironikoago, tortura gelan erlaxatzea gustuko duen The Addams Family: Gomez, Morticia eta gainerakoak Charles Addams komikigileak sortu zituen The New Yorker egunkarirako.

Hainbat zuzendarik bere egin du komedia beltza, estilo pertsonalarekin. Tim Burtonek irribarrea sorrarazten daki giro goibel, hits eta makurrenetan (Sweeney Todd, Sleepy Hollow, Beetlejuice); Coen anaiek barrea bilatzen dute satira soil eta gordinarekin (Fargo, A serious man, No country for Old Men), Quentin Tarantinoren dialogo eszentrikoak irudi biolentoen kontrapuntu bitxia dira (Pulp Fiction, Reservoir Dogs, Inglorious Basterds); eta Alex de la Iglesia bilbotarraren pertsonaiak zikoitzak baina xelebreak izan ohi dira (El día de la bestia, La comunidad, Perdita Durango). Muga politikoki zuzenak hausten abilenak, dena den, South Park telesaileko protagonista mihigaiztoak ditugu –galdetu bestela kapituluoro modu ankerreenetan hiltzen den Kenny gizajoari–.

Txotxetik urte berrira, gazi-gozo

Gurean, Telmo Esnal eta Asier Altuna tandema aipatu behar ditugu ezinbestean. Oso okela berezia saltzen zuen sagardotegia irudikatu ziguten Txotx film laburrean, klonazioarekin jolastu zuten 40 ezetz lanean eta Aupa Etxebeste! arrakastatsuaren ostean, hastapenetako mundu ilun hartara bueltatu nahi izan dutela kontatu digu Esnalek. Oraingoan, urrats bat harago doa biek idatzitako eta Esnalek bakarka zuzendutako Urte berri on, amona!, aurreko lanak baino basatiagoa, apurtzaileagoa, barregarriagoa. Mafia, thriller eta tragedia ukituekin atondua, artez uztarturiko genero saltsa prestatu du zuzendari zarauztarrak, bihurgunez betetako istorio dinamikoa, aktoreek bikain antzezturiko barrabaskeria serioa. Amona gogaikarriak familian eragiten dituen buruhausteak dira filmaren ardatza, eta “gidoia idazterakoan pentsatzen genuen, ‘pasatzen ari ote gara?’, baina gero egunkaria irakurri eta ezetz konturatzen ginen, errealitateak fikzioa gainditzen duela. Areago, sinesteko zailagoa den pasadizoren bat, izarak moztearena esaterako, errealitatetik hartua da”, azaldu du Esnalek. Nola definitzen du bere umorea? “Gazi-gozoa, barre egiten ari zarelako… baina zertaz? Gibelean gai serioak jorratzen dira: emakumeak gizartean duen rola, senarraren jokaera, biolentzia… Umorea, drama, suspentsea nahasten ditut, baina ez metodikoki, intuitiboki baizik, horrelakoa naiz nire bizitzan ere, umore beltza egiten dut nahigabe”. Hitchcock, Ferreri, Berlanga, Coen anaiak, Lumet… ditu erreferentzia, baina zigilu pertsonala jartzen die bere lanei, barrutik ateratzen zaiona egiten du, eta barru-barrutik umore beltz zorrotza ateratzen zaio Telmo Esnali.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Film kritikak
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Hauek izan dira Zinegoak jaialdiko film saridunak

Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2020-08-27 | Santi Leoné
Pyewacket

Gurasotasuna –amatasuna gehiagotan, aitatasuna baino– ohiko motiboa da beldurrezko zineman. Film anitzetan, gertatzen diren naturaz gaindiko fenomenoak –edo, naturaz gaindikoak izan gabe, fenomeno izigarriak– ama-umeen arteko harreman gatazkatsuen isla... [+]


Eguneraketa berriak daude