Mundua baino ez

undua baino zerbait gehiago aldatzen delako beti” diozu uneren batean Jose Luis, eta nire materialismo praktikoaz barre egiten duen lagun bati –bere misterioarekiko atxikimenduaz egiten dut nik–, esaldiarekin zer ulertzen zuen galdetu nion. Ez dut jarriko zer erantzun zidan, topikoa da. Gauza askotan sinesten duen jendea ezagutzen dut, baita Jainkoan ere; beste bat unibertsoaz eta horrela aritu zitzaidan, kosmosa bezalako hitzekin, entzun orduko hizkuntza arrozten didatenak. Hau dena diot ohartu naizelako mundua dela erabiltzen dudan unitate handiena, eta halakoetan zabarkeriaren bat egin dudanaren sentsazioz geratzen naiz. Ez naiz unibertsoaz pentsatzeko gai; gehienez orain, zaborraz hitz egiteko –erortzen ari omen zaiguna–, eta zaborrak mundu egiten du ukitzen duen guztia. Gurea da.

Lanera aste honetan itzuli naiz, bi asteren ondoren, eta jaikitzeko orduan bertan hasten da errealitatea nire baitan gainezka egiten, fikzio dosi handia behar da eguneroko jarduera honi zentzua emateko, antzerkiak niretzat ere zentzuren bat baduela sinesteko. Mundua oso azkar hasten da beste inorena izaten. Eta ondoan esertzen zaizunarekiko errealitateak jasaten du nekearen gorabeheren pisua, minutu bat bestearen atzetik mahaitik altxa ezin, gaur agian “eskerrak” pentsatuz, hitz azaleko zenbait behar nuelako, beti daude gaiak, baina bihar beharbada presentziak hilabete gehiago irauten badu kontrola galduko dudala sinestuta –eta asteburua iristen da–. Eta irratia entzuteko kaskoetatik Libiako ipuinaren azken datuak iristen zaizkit, dagoeneko narrazio bila dabiltzanak, behin garaipena ospatu osteko bonbardaketek ez baitigute sosegurik ematen horixe baino nahi ez dugun klase ertainari.

Libian gehiago bizi dute gure mundua eurena baino, eta beharbada han behar lukete gure beldurrek ere, hainbeste seinalatzen dizkiguten honetan; diru-zorro lapurrei, hogei euro baino gehiago kendu ezingo didatenean; poltsa osoa lapurtzeari, iPhone garestirik ez baitut, segapoto zaharkitu bat baino... Amarena zenean dagoeneko bigarren eskuko zen kotxe zaildura sartu zitzaizkigun pasa den astean, eta eskuetako krema eta komuneko papera eraman zuten, bertan lo egin eta zigarroak erretzen aritu ziren. Besterik ez. Norena da orduan lapurrarekiko beldurra?

Eta nire neurrira ez den mundu batean zehar, eta ezer aldatzerik baduten zalantza egiten dudan hitzez inguraturik (ze narraziok salbatzen du edozein europar Libiako sarraskitik?), besteen bizitzak eraikitzen aritzearen sentsazioz, harremanen bat-batekotasunean galdurik, urrundu nahi badut, irakurri egiten dut, gezurrak gehienetan, hurbildu egiten nauena, egiak ordenatzen dituztelako, nire neurriko eginez, eta batez ere, noizean behin konplizeren bat topatzen dudan eremua delako; urruntzen nauelako gerturatzen nau, ito aurretik. Eta hori, zaborra bezala, mundua da, gurea, gurekin desagertuko dena. Munduak, nire buruak, jasangarria izateari utziko lioke fikzio horiek gabe, munduaz ari diren gezur horiek guztiak, kit indibidualak, burmuin bakar batentzat eskuragarri; eta ez ihesbideak ematen dizkidatelako, egotea posible egiten didatelako baino, gero eta gehiago ulertzearen bidez, edo hurrengo galderak kitzikaturik. Agian literatura zinismo ariketa bat baino ez da dagoeneko. Edo agian hainbeste gezurrek noizbait errealitatean guztiz ezgai egingo nau.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude