Nola atzeman iruzurrak eta tranpa-inbertsioak

  • Azken urteetan hainbat ekonomia eta finantza iruzur ezagun egin dira. Milaka pertsonari eragin diete, beren aurrezkiekin ezohiko interes altuak lortu nahi zituzten bezeroek. Azken garaietako iruzur hedatuena “piramidal” deritzona da. Ipar Amerikan Madoff auzia dugu, Espainiako Estatuan Fórum Filatélico eta Afinsa kasuak, eta Durangon ere izan da gisa horretako iruzurrik. Tranpa-inbertsioak detektatzen jakitea komeni da.

Inbertitzaile zaharrenei edo gailurrean daudenei ordaintzeko, inbertitzaile berrien dirua erabiltzen da iruzur piramidalean.
Inbertitzaile zaharrenei edo gailurrean daudenei ordaintzeko, inbertitzaile berrien dirua erabiltzen da iruzur piramidalean.

Finantza iruzur ohikoena “iruzur piramidal” deritzona da azken urteotan. Iruzur piramidal ezagunena Madoff auzia izan da, munduko hainbat lekutako pertsona eta entitate askori eragin baitie. Bernard Madoff Nasdaq-eko presidente ohiak 40 urtez hainbat aberats eta entitateri iruzur egin zien, urteko %12ko interes tasa ikaragarria eskainiz. Iruzur piramidala ez bada ere, Ruiz Mateos sendiak saldu berri duen Nueva Rumasako pagakizun agirien auzia produktu arriskutsutzat jo daiteke, organismo arautzaileen, hala nola CNMVren (Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala) eta Espainiako Bankuaren ikuskaritza saihesten baitute. Espainiako Estatuan, kasu berriagoak Fórum Filatélico eta Afinsa auziak izan dira. Horiek ere milaka euskal aurreztaileri eragin diete. Bi entitateek errentagarritasun handiko filatelia zigiluetan inbertitzea eskaintzen zuten, urteko %6 eta %12 artean.

Baina iruzur piramidal hurbilena Durangoko 30 bat familiei eragin diena –eta oraindik eragiten diena– da. Iazko azaroan azaleratu zen. Inbertitutako batez besteko kopurua 300.000 eurokoa zen, %15eko interesa eskaini zieten, kontratuan %4 jarri arren. Kapitala urtebetean itzuliko zietela hitzeman arren, epea ez zuten bete. Joan den martxoan epaileak Durangoko iruzurraren ustezko bi erantzuleen ondasunak bahitu zituen. Biak desagertuta daude, jakina.

Tranpa saihesteko neurriak

Testuinguru horretan, lakioan erortzea saihesteko, aipatutako iruzurretan eta antzekoetan ez erortzeko, zenbait neurri aintzat hartzea komeni da. Agintaritzak kontrolatzen ez dituen inbertsio produktuen katalogoa zabala da eta apeuez beteta dago. Ikuskaritzarik ezak iruzurren edo gardenak ez diren jardueren haztegi bihurtzen du.

Lehen ezaugarri susmagarria errentagarritasun altua “bermatzea” da. Horixe da bezeroak erakartzeko amu nagusia. Horrelako inbertsio ia guztiek merkatuko gainerako eskaintzek baino askoz etekin handiagoa dute. Bigarrenik, kontuz ibili behar da “itxurazko pagotxekin”. Askotan, produktu horiek aukera bakar modura merkaturatzen dituzte. Mahuka gisa aurkezteak arinegi kontratatzea dakar. Estrategia oso garbia da. Presa, gogoeta gutxiago eta, azkenik, arriskuak neurtzen ez dituen erosketa oldarkorra.

Hirugarrenik, ez gaitezen ahoz ahokoaz fida. Arauen zirrikituak baliatzen dituzten iruzurretako batzuk piramide moduan egituratuta daude. Iruzur piramidal esaten zaie. Hau da, lehen inbertitzaileak gailurrean daude, eta gainerakoak, iritsi ahala, oinarrian kokatuz doaz. Lehenek hitzartutako etekinak lor ditzaten ezinbestekoa da bezero berriak sartzea, eta, horregatik, dei efektua sustatzea komeni zaie. Hala, bezeroak erakartzea, hein batean, inbertitzaileen ardura da. Produktuaren bertuteak inguru hurbilean zabalduko dituzte.

Laugarrenik, kontuz zigiluen, txanponen, bitxien eta halakoen eskaintzekin. Arautzaileen ikuskaritzari ihes egiten dieten produktu gehienen helburua ondasun ukigaiak salerostea da. Akzioek, bonoek eta inbertsio funtsek balore merkatuan jarduten dute eta, beraz, CNMVk horiei eragin dakiekeen gehiegikeriak kontrolatzen ditu. Gordailuak eta beste finantza eskaintza batzuk banku zentralen kontrolpean daude. Eremu horietan egiten diren inbertsioen arrakasta ezin da ziurtatu, baina arautzaileek iruzurgileei ate asko ixten dizkiete.

Informazioa lortu

Azkenik, inbertsio proposamen bati erantzuteko neurri nabarmenena ahalik eta informazio gehien biltzea da. Produktuaren ezaugarrien berri izan behar da, zehazki zertan datzan jakin, letra txikiaren esanahia argitu. Inbertsioa eskaintzen duen enpresa bitartekaria existitzen dela egiaztatu eta zer egoeratan dagoen jakin behar da. Merkataritza erregistrora jotzea eta enpresaren urteko balantzeak egiaztatzea komeni da. Eta amaitzeko, itxurez ez fida, esaerak dioen moduan, “beltz guztiak ez baitira ikatzak”.

Zer dira iruzur piramidalak?

Iruzur piramidalari eusteko, akziodunen edo inbertitzaileen etengabeko fluxua ezinbestekoa da. Hona hemen, pausoz pauso, iruzur horrek egiten duen ibilbidea.

Lehena: itxuraz oso errentagarria den inbertsioak dira. Sozietate jakin batek inbertitzaileei errentagarritasun oso altuko bermea eskaintzen die. Durangoko iruzurrean (ikus testu nagusian) %15erainokoa zen, Forum Filatelico eta Afinsa auzietan urteko %6 eta %12 artekoa, eta Madoff auzian, %12 artekoa. Bigarrena: litekeena da ondasun ukigaietan inbertitzea eskaintzea, ondasun horien balioa asko handitzen baita. Bestalde, akziodunari edo inbertitzaileari dirua inbertsio funtsetan sartzeko eskaintza egin dakioke. Hirugarrena: akziodunen kopurua oso handia da, inbertsioaren errentagarritasun altuak harrituta, inbertitzaileek zurrumurrua zabaltzen dute, eta horrek gero eta inbertitzaile berri gehiago erakartzen ditu. Laugarrena: hala, apurka egitura piramidala eraikitzen doa. Inbertitzaile zaharrenak gailurrean daude, eta akziodun berrienek oinarria hartzen dute. Hortik datorkio izena iruzur horri. Bosgarrena: inbertitzaile zaharrenei, gailurrean daudenei, ordaintzeko, iritsi diren azken inbertitzaileen dirua erabiltzen da. Seigarrena: noiz geratzen da iruzurra agerian? Arazoa inbertitzaileen zikloa eteten denean sortzen da, sozietateak ez baitu funtsik interesak jaso nahi dituztenei edo, besterik gabe, hasierako inbertsioa berreskuratu nahi dutenei ordaintzeko.
 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude