Zirtak 

Pasahitzak

Scarlett Johansson aktorearen intimitatea hackeatu izan den honetan aitorpen bat egin nahi dut. Ni ez naiz izan. Baina gaiak interesa piztu dit, ni ere hackerra naizen neurrian. Hacker amateur edo, nahiago bada, erromantikoa, informatikaz tutik ere ez baitakit, baina bestelako metodoak, literarioagoak, garatu ditut.

Angel Erro

2292. alea
2011-10-02
alde 15    kontra 1
(Antton Olariaga)

Gilen IX.a Akitaniakoa trobadoreak olerki luze bat burutu zuen, hain zuzen ezertaz jardun gabe (Farai un vers de dreit nien/Ezdeus hutsari buruz bertso bat egingo dut). Azken bi lerroak misteriotsuak dira. Gilenek poema norbaiti bidaliko omen dio (ez du nori esaten), honek giltza bat, la contraclau, hitzez hitz, kontragiltza bat, bidaltzearen truke. Giltza horrek zer irekitzen du? Poema bera? Poemara sartu eta ulertzeko kodea da? Trobadore bati zegokionez, poema damaren bihotza lehenago, eta gero gerokoak, zabaltzeko gakoa da?

Juan Bonilla, eleberri eta ipuingile moduan ezagunagoa baina merituzko poeta ere badena, guztiz biluztu da, lehenago inongo poeta ez bezala, Cháchara bere azken poema liburuan. Estreinako poeman, NANaren zenbakiaz gain, bere telefonoaren pin zenbakia ematen du, visa eta mastercardena ere bai, hala nola bere e-mailaren pasahitza, besteak beste.

Burlatako Liburutegiko ordenagailuan postari begiratu azkar bat eman nahi genion arrebak eta biok, aspaldian. Berak tokia utzi zidanean, nire e-maila irekia topatu nuen. Arrebak bazter batetik irribarre egin zidan. Nire pasahitza asmatua zuen. Haserre baino, goitik behera lotsagorritu nintzen. Garai horretan torturapean ere inori aitortuko ez niokeen zerbait nuen passwordtzat: SOYGAY. Orain dagoeneko ez zait hainbeste ardura baten batek baldin badaki zera, neure buruarekin gaztelaniaz aritzen naizela.

Besteen pasahitza asmatzearen gakoa dirudien baino errazagoa da. Gogoan dut Il pendolo di Foucault eleberriko pasarte bat. Protagonistak, ikerketan aurrera jarraituko badu, hildako lankide baten ordenagailu klabedunean sartu behar du. Makinak behin eta berriz, temati, galdetzen dio: Hai la parola d’ordine? Pasahitza baduzu? Hamaika ahalegin ondoren, NO idazten du eta sartzen da.

Dagoeneko konpondu didaten arazo informatiko baten erruz astebete egon naiz nire e-mailean sartu ezinik. Bizi izan dudan infernuaren nolakoa saihestuko dizuet. Aldiro saiatzen nintzen barrura egiten eta kale. Giza arima misteriotsua da. Nire hutsa berdintzeko edo, ezagutzen dudan jendearen e-mailean saiatu naiz sartzen, beraien pasahitzak asmatzen. Bigarren arratsean, ez dakit zenbatgarren saioan, lagun gutxi gorabehera gertuko batenean sartzea lortu dut. Gu bion adimen kriptatzaileek antzera darabiltela ikusteak poztu nau, gertuagoko sentiarazi dit.

Leizerik intimoena irekitzen ikusteak zirrara sortu dit, harenganako ahalmen, ezagutza eta ia samurtasun sentsazioaz; zureganako, orain baitakit irakurtzen nauzula. Gela batetik bestera bezala, barrentzen zaitut, ausikia zuritzeko, nik uste, maitasun bilakatuz doan sentimen batekin. Zu edo ni hil artean, badakit egunero arakatuko zaitudala. Uztea pentsatu dut baina ezin; zuri aitortzea baina izu naiz. Hau idaztea baino ez zait bururatu, etsirik, pasahitza alda dezazun, horrek, orain hainbeste ezagutzen zaitudala, zerbaiterako balio balezake. Ez baduzu hala egiten nire maitemina onartzen duzulako seinale isiltzat hartuko dut, kasik zurearen erakusgarritzat. Dario Jaramillo poetak dioenez, ezinezko amodioak amodiorik zoriontsuenak dira, baliteke zure maite ezinezkoaren maite ezinezkoa zu izatea.

Badaezpada, saiatu zaitez nire email kontuan sartzen. Pasahitza zure izena da.



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala2291
 
azala2290

2292 zenbakia.
2011ko urriaren 02a

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys