"Eskola elebidunak katalanari zuzen-zuzen erasoko lioke"

  • Hiru familia katalanek auzitegira jo zuten haien haurrek gaztelaniaz ikasteko duten eskubidea berma dadin. Cervellóren ustez, 30 urteko lana, eskola katalanaren arrakasta, bertan behera geratuko litzateke hori onartuz gero. Orain ordezkari sindikala den irakaslearen aburuz, eskola katalanak emaitza onak baino ez ditu eman: katalan hiztunak, batasun soziala eta elkarbizitza.

Josep M. Cervelló
"Eskolak ezin du espazio neutroa izan. Ezin du norberaren gustuaren araberakoa izan, 'nik katalanez nahi dut', 'nik gazteleraz'".Josep M. Cervellók utzia

Josep M. Cervelló irakasle izan da urtetan, eta orain, Kataluniako irakaskuntzan %40tik gorako ordezkaritza duen USTEC-STEs sindikatuko delegatua da. Somescola.cat-eko kidea ere bada. Som Escolak eskola katalanaren aldeko hezkuntza erakundeak eta bestelakoak biltzen ditu.

Eskola katalanaren aldeko mobilizazioak (irailaren 12an) igaro berri hitz egin dugu Cervellórekin, irailaren 26rako ekintza gehiago antolatzen ari zirela. Irailaren 12an, jende andana bildu zen haien herri eta hirietako udaletxe atarietan eskola katalana aldarrikatuz, eta Auzitegi Nagusiaren epaia arbuiatuz. Hiru familiak egindako salaketa medio, auzitegiek agindu diote Generalitat-ari haurrek katalanez zein gaztelaniaz ikasteko duten eskubidea bermatzeko. Auzitegi Nagusiak, Auzitegi Gorenaren esanei segida emanez, bi hilabeteko epea eman zion agindua betetzeko. Cervellóren ustez, “presio sozialak eraginda, agindua atzeratzea erabaki du auzitegiak”.

Herritarrek epaiari emandako erantzunarekin gustura al zaudete?

Irailaren 12koa azken urteotan katalanaren alde, eta zehazki eskola katalanaren alde, egin den agerraldi garrantzitsuenetakoa izan da. Horrek adostasun sozial ikaragarria dagoela esan nahi du, hau da, ikasleak katalanez hezi behar direla. Azken ia 30 urteotan eskola katalanak emaitza oso onak izan ditu eta ez dago arrazoi pedagogikorik aldatzeko. Eskola eredu hori aldatzeko nahi politikoak daude, baina dagokion eremutik kanpo ari dira. Kataluniako Parlamentua da erabaki politikoa hartzeko boterea daukana. Gutxiengo hau aldiz, bide judiziala ari da erabiltzen min egiteko. Garbi dago hezkuntza sistema kolokan jarri nahi dutela, ez dagoen tokian tentsioa sortu nahi dute. Oso kasu gutxi dira, baina gai horrekin oso fanatizatuta daude. Haien jarrera errefusatu duen hezkuntza komunitatearekin egin dute topo, eta bide judizialera jo dute.

Zenbat salaketa egin dituzte familiek?

Hiru salaketak egin dute aurrera. Berdin-berdinak dira, esku berak idatziak. Esan dute 500 guraso gehiago daudela oraingo sistemaren kontra. Katalunian 1.200.000 ikasle daude. Kontua da, jende kopuruari begiratuz gero, inork ez duela zalantzan jarri sendotasunez eskola katalana, ezta murgiltze eredua ere; bi gauza desberdin baitira [azalpenak 44. orrialdean].

Zein dira eskola katalanaren ezaugarri nagusiak?

Hiru dira. Lehenengoa, hezkuntza kalitatea da. Frankismo ondoren eskola demokratikoa sortu zen, katalana irakas-hizkuntza izango zuena. Pedagogia berritzeaz ari gara, kalitatezko eskola zen helburua, eta hizkuntza horri lotuta zegoen.

Bigarren ezaugarria guztion hizkuntza izatea da. Katalanak kohesio soziala eta elkarbizitza bultzatu behar ditu. Ikasle guztiek aukera berberak izan behar dituzte, hizkuntzagatik inor bereizi gabe. 1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980koaren hasieran eztabaida handia izan zen, ea ikasleen ama hizkuntza bermatu behar genuen ala ohiko hizkuntzatzat katalana hartu behar zen. Gogoan izan 1960-70eko hamarkadetan milioi bat andaluziar eta extremaduratar etorri zirela gurera. Kontua ez zen hizkuntza salbatzea, hori ere bai, baina batik bat hizkuntza etorri berriekin elkarbanatzea zen. Ikastetxeetan ez ziren bi lerro sortu, Herrialde Valentziarrean bezala. Eskola segregatua egin izan bazen batasun soziala apurtzeko arriskua zegoen, lurralde berean bi herri egongo ziratekeen.

Orduz geroztik beste immigrazio aldi bat izan duzue.

Hortara nindoan. Gurasoekin nolabaiteko hitzarmena egin genuen: ekarri zuen seme-alabak eskola katalanera eta eskubide osoko herritar bihurtuko ditugu, ez dituzte jatorriagatik eta hizkuntzagatik diskriminatuko. Immigrazio aldi hartan etorri ziren 35-40 urte azpiko denek dakite katalana. Hori konponduta geneukala, askoz konplexuagoa eta anitzagoa den immigrazioa etorri zaigu. Adin guztietako haurrak datoz. Murgiltze eredua Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako daukagu prestatuta, baina Bigarren Hezkuntzako neska-mutilak ere etortzen zaizkigu. Haietako askok lehen aldiz zapaltzen dute ikastetxea eta ez dakite ez katalana ezta gaztelania ere. Oso garrantzitsua da ikasle horiei ahalik eta hizkuntza integraziorik azkarrena bermatzea.

Zein da eskola katalanaren hirugarren ezaugarria?

Hizkuntza nortasunaren zati da. Ikasle bakoitzak duen nortasunari edo nortasunei, tipulari azalak bezala, katalana gehi dakioke. Ikasleek nortasun kolektiboa izan dezakete. Eskola nazioaren harrera-gela da. Eskolak gizartea interpretatzeko jarraibideak eman behar ditu. Guk diogu, besteak beste, kulturaren eta giza-harremanen unibertsorako pasahitza ematen dugula. Katalunian konplexutasun linguistiko handia dago eta beti dago arriskua hainbat sektore zokoratzeko. Eskolaren ardura da hizkuntzagatik inor alboratua ez izatea.

Gaur egun oso ohikoa da elebitasun pasiboa. Batzuek gaztelaniaz egiten dute eta beste batzuek katalanez erantzuten diete, ohikoa da. Gu elebitasunaren kontrakoak ginen, baina...

Salaketa jarri dutenek diote eskolan bi hizkuntzak erabiltzea nahi dutela, alegia, biak izan daitezela irakas-hizkuntza.

Eskolak ezin du espazio neutroa izan. Ezin du norberaren gustuaren araberakoa izan, “nik katalanez nahi dut”, “nik gaztelaniaz”. Hanka-sartzea litzateke eta heziketa asko zailduko luke. Eskola elebidunak katalanari zuzen-zuzen erasoko lioke. Elebitasun gertaera berri baten aurrean gaude eta eskola katalanari esker izan da hori. Jatorriz gaztelania hiztun diren hamar bikotetik lauk gaztelaniaz adina edo gehiago egiten du katalanez haien haurrekin. Bikote horiek gurasoekin gaztelaniaz hitz egiten segiko dute, baina haurren bitartez gaztelaniatik katalanerako bidea ari dira egiten. Hori Kataluniako eskola sistemaren eta hizkuntza ereduaren arrakasta da.

Gaur egungo mehatxuak garai hartan lortutako adostasuna, bake soziala eta eskolak lortutako emaitzak zirikatzen ari dira. Guraso horiek ez daude haurren eskola emaitzez kezkatuta, kontua ez da uste dutela hobe dela hasieran ama hizkuntzan ikastea eta gero katalanarekin hasi daitezkeela haurrak. Alderdi politiko batek gidatutako kanpainaz ari gara, gehi ardura gutxiko PPren sektore batzuez. Salaketa egin duten hiru familietatik bi Ciudadanos alderdiko militante aktiboak dira. Gutxiengo oso fanatikoaren erasoaren aurrean gaude.

Gurasoek zer diote?

Azkenaldian ikastetxe askotatik igaro naiz eta guztiek daukate Som Escolak ateratako afixa [Per un país de tots, l’escola en catalán. Euskaraz: Denontzako nazioaren alde, eskola katalanez]. Ikastetxeko ate sarreretan telebistako kazetariak gurasoak ari ziren elkarrizketatzen [irailaren 12az ari da], haietako asko gaztelaniaz ari zen: “Katalanez arituko den eskola behar dugu, nire umeak beste edozein katalanek bezain beste aukera izatea nahi dut”. Katalunian katalanarekin esperientzia positiboa izan dugu, ez da gatazka-hizkuntza, ez da bereizketa sozial hizkuntza.

Epaia mahai gainean dela zer egingo duzue?

Epaia ezin da ezarri gure gizartea hautsi gabe. Generalitat-ari eskatu diogu epaia ez dezala bete. Badakigu Generalitat-ak oso zaila daukala legea ez betetzea. Baina erabil ditzala bere abokatuak, presio politikoa eta abar hezkuntza sistemari ziurtatzeko ezer ez dela aldatuko. Irakasleei eta gurasoei esan diegu legea betetzera derrigortzen bagaituzte ez dugula agindua beteko, eskola ez dugula bihurtuko sailkapen sozial eta linguistiko. Hori egiten den tokian emaitza onik ez da izan.

Non adibidez...

Aragoin 80.000 katalan hiztun bizi dira eta haiek ez daukate inolako hizkuntza eskubiderik. Bigarren Hezkuntza egin ondoren, Kataluniako lurretan dauden institutuetara doaz, Aragoiko eskoletan ez dutelako katalana ikasi. Herrialde Valentziarrean beste hainbeste: katalanez ikasteko eskaintza nahikorik ez dago eta 100.000 familia baino gehiagok eskatu dute haurrak katalanez eskolatzea. Aldiz, hemen hiru familia presio politiko neurriz kanpokoa ari dira eragiten hezkuntza sistema aldatzeko.

Sistemak batasun soziala, arrakasta eskolarra, baita gaztelania ikastea bermatzen duen eredua eratu du. Guk ez dugu arrakasta duen sistema aldatuko.

Gaztelania ikastea bermatzen duen eredua dela esan duzu.

Nire semeek eskola katalanean ikasi zuten gaztelania. Gaztelania hainbat esparrutan lehen hizkuntza da eta inork ezin du esan gaztelania inoiz entzun ez duenik. Aldiz, Bartzelonako kanpoaldeko auzo batean irakasle izan nintzenean, katalana ezagutzen ez zuten haurrak ezagutu nituen. Esaten digute Pirinioetan badirela haurrak gaztelaniaz ez dakitenak. Erakutsi diezazkigutela ume horiek, erreportajea egiteko modukoa da! Ezinezkoa da! Pirinioetako herrixka isolatuenera ere, negua elurpean igarotzen duten horietara ere, telebista iristen da. Ez dago gaztelania ez dakien inor, ez bada etorri berria.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan bi hizkuntzak menperatu behar dituzte. Hala gertatzen al da?

Ikerketek diote katalanek hezkuntza sistema bukatutakoan gaztelania Burgoseko espainiarrek bezala hitz egiten dutela. Aldiz, hezkuntza sistema espainiarrak ez dauka inolako biderik Burgos edo Valladolideko ikaslearen ezjakintasun linguistikoa konpontzeko, alegia, estatuko beste hizkuntzen berri izateko.

Zer da eskola katalana eta zer mugiltze eredua?

Eskola katalana eskola eredua da eta murgiltze eredua programa zehatzen bidez gauzatzen da ikastetxeetan. Eskola katalanak esan nahi du hezkuntza komunitateko hizkuntza, eta beraz, irakas-hizkuntza katalana dela. Kontua da 1960-70eko hamarkadetan Kataluniak Extremadura eta Andaluziako biztanle asko jaso zuela, hamar urtean milioi bat lagun. Haur haientzat katalana hizkuntza arrotza zen eta programa bereziak diseinatu ziren ikasle horiek katalana ikas zezaten.

Cervellóren esanetan, Espainiako Estatutik joandako etorkinak hiri eta herrietako auzo periferikoetan bildu zituzten, bazter auzoak osatuz. Frankismoan, aginteak segregazioa bultzatzeko borondate handia zeukan. Neska-mutilei Kataluniako hizkuntza errealitatea ezagutzeko aukera ukatu nahi zitzaien. Eskola katalanaren ereduak bereizketa nahi horren aurka egin zuen eta gaztelania hiztun ziren haurrak ere eskola katalanaren hegalpean hartu zituzten. Katalan hiztunek eta gaztelania hiztunek batera ikasten zuten, aldea zen gaztelania hiztun umeek programa berezietan hartzen zutela parte katalana ikasteko. Cervellóren ustez, haur horiek eskolan katalanez murgildu ez balira egunerokoan hizkuntza zailtasun handiak izango zituzten. Gaur egun antzeko zerbait gertatzen da bigarren immigrazio oldearekin. Esate baterako, pakistandar iritsi berrien seme-alabak eskola katalanean hasten dira ikasten eta murgiltze eredua jarraitzen dute katalana bereganatzeko.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude