argia.eus
INPRIMATU
Jennifer
Castillo Suárez @casti_suarez 2011ko irailaren 28a

Els Catarres musika taldearen Jennifer kanta maiz entzun dugu uda honetan Katalunian. Kantan gazte abertzale baten istorioa kontatzen da, abertzale eredugarriaren eskuliburuan zerrendatzen diren gauza guztiak egiten dituena: Barçako bazkidea da, Senyera dauka balkoian, CiUri ematen dio botoa, Lluís Llacen kantak entzuten ditu (Joan Manuel Serrat traidorea baita gaztelaniaz egiteagatik). Abertzalearen bizitza goitik behera aldatzen da Jennifer batekin maitemintzen denean: etorkinen alaba, Bartzelonako gerrikoan bizi dena eta maila soziokultural apalekoa. Jordi Pujolek ezagun egin ditu Jenniferrak, choniak edo Juaniak (Bigas Lunaren pelikulako protagonistari erreferentzia eginez) Diadan aipatu zituelako, areago, oso gauza adierazgarria esan zuen: “Haiek ere Kataluniaren etorkizuna dira eta behar-beharrezkoa dugu bertako senti daitezen”. Izan ere, arazo handi bat dago soslaia horretako pertsonekin: gazteak izanagatik, ez dute katalanez hitz egiten. Gauza bera esan liteke ezkerraldeko Vanessei buruz. Izan ere, Euskal Herriak jende asko jaso zuen oso denbora gutxian, Katalunian bezala, eta integrazioa ez da erabatekoa izan.