argia.eus
INPRIMATU
Nagore Amondarain
"Oiongo nerabe batek Mikel Laboa ez ezagutzea denon ardura da"
  • Ikastolen Elkartean orain, eta besteak beste.

Aritz Galarraga 2011ko irailaren 20a
Nagore Amondarain
Nagore AmondarainDani Blanco

Nekeza behar du nerabeekin aritzeak, are euskararen erabilera sustatzen.

Nerabezaroa distantzia laburrenera duenarentzat errazagoa da, presenteago dituzulako garai hark zituen irrika eta beharrizanak. 50 urte ditudanerako jubilatuta egongo naiz; hori ari zaizkigu esaten ezta?

Badakizu, da rollo bat euskara.

Guretzat ere rollo bat zen gaztelania eta ikasteaz gain, erabiltzera derrigortu gaituzte. Osakidetzari zor diot “bihotzerrea” gaztelaniaz “ardor” dela ikastea.

Baina, gauden lasai, lortuko dugu euskal eskola publikoa.

Nik oraindik Baldin Badaren Zirt Zart, eskola euskaldun publiko bat kanta entzuten dut, eta abesten jarraitzen. 1986ko Ibilaldirako sortu zen, atera kontuak!

Ikastola publiko egitea edo eskola publikoa “euskal”, zer da eraginkorrago?

Ikastolak publiko dira, estatalak ez badira ere.

Katalunian hezkuntza eredu bakarrak kohesionatzen du gizartea; hemen, eskola eredu bakarra adosteko ere lanak.

Baina Kataluniakoa ere zalantzan dago, ez? Tribunalek gaztelania ere transmisio hizkuntza izan dadin neurriak hartzeko eskatu dute. Zein zaila den batzuetan emantzipatzea...

Elitistak omen dira Ikastolak.

Zoaz Iparraldeko, Erriberako, Errioxako ikastoletara edo Bilboko Abusu auzokora. Bueltan egingo dugu berba.

Eta total asmakeriazkoak, Euskal Herria gora, Euskal Herria behera.

Savater, Juaristi eta hauek jarri zuten modan Euskal Herri imajinarioa. Sarrionandiari irakurri diot, Euskal Herria Espainia bezain asmatua dela, eta ez dela faltsuagoa. Nazio bat eraiki nahian bagabiltza, bertako partaide izango diren guztiak integratu beharko ditugu.

Lan handia dagoela aurretik, alegia...

Biltzeko garaian gaude eta ez banatzeko. Auzolanak izan beharko du gure ikur, denaren beharrean gaude. Oiongo nerabe batek Mikel Laboa ez ezagutzea denon ardura da edo, modu berdinean, Hernaniko batek Arratia non dagoen ez jakitea.

Ikastolen Elkartea, Euskarazko Komunikazio Taldea, Hala Bedi... Idazletzat hartzen zaituzte oraindik?

Zantzo bat bota genuen Arratia bailaratik duela hamabost urte eta Zantzoa literatur fanzinea izan zuen ondorio. Denetarik egin dut harrez gero, baina ez dut libururik idatzi, beraz okerren bat egongo da nonbait.

Non gorde da, baina, Nagore Amondarain idazlea?

Zure eta nire unibertsitate garaian seguruenik. Irakurlea baino ez naiz, egun.