argia.eus
INPRIMATU
Mainstreamera hurbilketa askea
  • Jare::Itxaropenaren ertzean

    Oihuka

    iraupena ::38´22´´

    prezioa ::10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko irailaren 25
Idi Bihotz eta Flyin’Freak talde heavy­etako sortzaile Mikel eta Gorka Bizar errepidean daude berriro, Jare proiektu berri eta desberdinarekin. “Libre” esan nahi du taldearen izenak; libre eta gogoz datoz, eta esanguratsua da disko hau aspaldian ia lozorroan dagoen Elkarren Oihuka azpizigilu rockeroak kaleratu izana. Jareko taldekideek egiten duten musikarentzat etiketarik aukeratzekotan, AOR modernoaren alde egiten dute; eta nik hard-rock itsaskorraren eta pop-rockaren arteko ingurunean kokatuko nituzke, nahiz eta tarteka mainstream-eko pop-rockera, heavyra, punk-popera edo Governorsen melodia eta indar orekara ere hurbiltzen diren, pasarte akustiko zein orkestralak ahaztu gabe. Gatibuko Alex Sarduik eta OT-ko Ainhoa Cantalapiedrak ere lanean parte hartu dute; eta Iñigo Egiluz eta Xabier Lete omendu nahi izan dituzte.
Mikel Bizar: "Ez ditut ikusten gure buruak popa egiten, baina nork daki"

“Egunsentiak erailtzen du unea”. Ametsetan ez dago bizitzari aurre egin beharrik?

Oso gogorra eta zaila izan arren, beti borrokatu behar dugu nahi dugunaren alde, izan gure ildoa, izan musika, izan lanbidea. Ekin eta ekin lortzen dira gauzak; lagun batzuek behin esan zuten bizi ala iraun, zurea dela erabakia…

Nori buruz ari da Izarra? Izan ginen iraultzaileez?

Oso kanta berezia da, hitzak gure lagunek idatzi zituzten. Iñigo Egiluz lagun eta kooperante euskaldunaren omenez dago egina. Kolonbian erail zuten orain dela 12 urte eta Idi Bihotzekin ere kanta bat egin genion bere garaian. Melodia egin ostean, lagunei eskatu genien Iñigoz gogoratzen zuten zerbait, esaldi bat, hitz bat bidaltzeko eta denon artean letra egin genuen. Izugarria izan zen!

“Gorputz zahar baten bihotz gazte”. Luzaroan ikusten duzue zuen burua rocka egiten?

Ni futbolaria nintzen eta orain berriro hasi naiz lagunekin futbolean: burua oso azkar doa, jokaldia ikusten dut berehala baina orkatilak ez doaz hain azkar. Bizitzan gauza bera gertatzen da, umea edo gaztea beti izango dugu barruan. Musikari dagokionez, gorputzak eskatzen diguna emango diogu, ez ditut ikusten gure buruak popa egiten, baina nork daki…

Talde berri honetan ahots erregistro oso desberdinak landu dituzue…

Hasieran kantatzeko zerbait erraza nahi nuen, Idi Bihotzen garaian ahotsarekin asko sufritu nuelako. Orain ez dut hainbeste oihukatzen, baina distortsioaren soinekoa ez dudanez, interpretatu egin behar dut kanta guztietan.

Ilargi berria, Itzala naiz… Gauzak desberdin ikusten dira orain?

Bai noski, esperientzia handiagoa dugu, dagoeneko ez gara 20 urteko gazte ameslari haiek. Horrez gain, bizitza oso azkar doala konturatu gara. Eskerrak taldekide gazteagoak ditugun…