argia.eus
INPRIMATU
Besarkada

Juan Ramon Makuso 2011ko irailaren 22a

eta bi muxu eman genion elkarri. Ezustekoa izan zen niretzat. Goizeko lehenengo orduetan izan zen. Hiria esnatzen ari den orduetan; jendea bere eguneroko eginkizunetan murgiltzen den unean. Ni ere horretan nenbilen, eta zu agertu zinen. Urte batzuk baziren elkar ikusi gabe igarotakoak; bizitzaren zirrikituak anitzak dira eta zuk eta baita nik ere, bakoitzak berea egina zuen. Norberak daki zergatik hartzen duen bide bat eta ez bestea. Agian ez da izango egokiena edo agian, norberaren hautua izanik, hori da hartu zenuena, eta nik ere nirea hartu nuen. Baina hartutako bideak urruntzen gaitu, banantzen gaitu, gizakiaren arteko harremana hor geratzen da; gizakiok zilbor-heste moduko zerbait behar dugu gure artean, eta horretan, gurean, urrats asko eman behar dugu. Hauek guztiak bururatu zitzaizkidan zurekin egon eta gero. Agian kosta egiten zaigu iraganak uzten duen zama albo batera uztea, baina zuk, esan zenidan hitz apurretan, etorkizuna zenuela begi-bistan. Bai, aitortzen dut, bihotzean geratu zait hau guztia. Xamurtasunari arreta zor diogu. Besarkadak behar ditugu.