Europan jaiotza-tasa jaitsi egin zela eta, ama langilearen lan-baldintzak aspaldi hasi ziren hobetzen. Eta lege aldetik esan liteke ama izan nahi duen langileak babes dezente dituela. Baina hori ez da beti hala gertatzen. Bereziki, langilea kontratatzerakoan, baldin badakite emakumea haurdun dagoela nekez hartuko dute lanerako. Eta hainbat kasutan emakumea lanetik botatzeko aitzakia ere izan da haurdunaldia.
Emakume langilearen duintasuna zikintzen duten bi kasu aipatu nahi nituzke. Bata, irakaskuntza mundukoa eta bestea, lantegi batekoa. Ez dut zehaztasunik emango, inoren teilatura harriak botatzeak ez baitu ezer konpontzen.
Lehenengo kasuan emakumea finegia izan da eta lanik gabe geratu da. Ikastetxe batetik deitu zioten ikasturte honetan ordezkapen bat egiteko, jakin gabe haurdun zegoela. Berak, kontzientziak hala aginduta, jakinarazi zien haurdun zegoela eta gaia aztertzekotan geratu ziren nonbait. Laster jaso zuen deia esanez, sentitzen zutela, baina beste bati eskainiko ziotela lana.
Ulertzen dut eskolak bere planifikazioa egin beharko zuela eta hemendik zenbait hilabetera beste langile bat kontratatu behar izatea arazoa izango zela eskolarentzat. Baina non gelditzen da emakumearen lanerako eskubidea? Non amatasunaren duintasuna? Ala umerik ez da interesatzen, ama izan behar duenaren lanerako ahalmena eta disponibilitatea mugatzen dituelako?
Kasu honetan, beste jokabide bat ere eman zitekeen: lanera deitu dioten emakumeak ezer ez esatea eta lana onartzea. Modu horretan, lana izango zuen eta gerora konturatuko ziren haurdun zegoela. Desleial jokatu izana eta ikastetxeari bere planifikazioa garaiz prestatzeko ez abisatu izana leporatuko zizkioten orduan. Eskola horrek ez al du bultzatuko haurdun dagoen hurrengo emakumea horrela jokatzera?
Ondoko kasua guztiz bestelakoa da. Haur txiki bat izanik lanean ari zen emakume batek bere lanorduak murriztea eskatu zuen eta lantegiak onartu egin zion lau orduko lanaldia. Geroago haurdun geratu eta zortzi orduko lanaldia eskatu zuen, kalkulatuz amatasun baja etorritakoan hobe zela lau orduren ordez zortzi kobratzea. Baina ez zion inori esan haurdun zegoenik. Haurra galdu egin zuen eta haren asmoa eta jokoa agerian geratu ziren.